Mundu zabalean | 2022ko Abenduaren 08a

Nagusi handien irabazi lotsagarriak

J.B.

Nagusi%20handien%20irabazi%20lotsagarriak

Aberatsak beti eta gehiago aberasten ari direla errepikatzen ari gira, urte guziz ekonomialarien azterketak plazaratzen direlarik. Oldartzeko gogoa emaiten duen errepika.

Frantziako berrogei enpresa handienen zuzendariek joan den urtean sekulako irabaziak sakelaratu dituzte, %52ko emendaketa aitzineko urteari konparatuz, 2020an ez zirelarik miserian bizi. Emendatze ulergaitzak hilabeteko fresak ezin pagatuz ari diren jendeentzat. Zuzendari handi horien urteko batezbesteko irabaziak langileen hilabete sari apalena izan behar den SMICa baino 360 aldiz handiagoa baita.

Momentu berean inflazio azkarraren ondorioak gogorki jasaiten dituzte jende gehienek, elektrika gutiago xahutzea galdegina zaielarik eta erretretaren erreforma proiektuarekin ez dutelarik deus onik igurikatzen sindikatu guziek.

CAC 40ko enpresaburuen irabaziak azkarki emendatuak

Frantziako berrogei enpresa handienen irabaziak aztertu ditu akziodunentzat aholkuak emaiten dituen Proxinvest deitu kabineteak.

Azterketa horrentzat buruzagien irabazi orokorrak kontuan hartu ditu: hilabete sariak, urteko gehigarriak, urririk eskuratzen dituzten enpresako akzioak eta eskaintza materialak. Parte guziak emendatu dira eta ikerketaren konklusioak harrigarriak dira: berrogei enpresa handi horien buruzagien irabaziak %52z emendatu dira 2021ean aitzineko urteari konparatuz. Egia da 2020an koronabirusarengatik sortu den ekonomia krisiarekin horien irabaziak pixka bat apaldu zirela, bainan 2019ko urteari konparatuz ere %22ko emendatze bat agertzen da. Gure inguruko langile, ofiziale, laborari, erizain eta edozein enplegatuk eskuratu edo amestu ez duen hilabete sari gorakada.

Carlos Tavares, Peugeot Citroen lantegiko buruzagiaren irabazi lotsagarriak, kasik 67 milioi eurokoak, bazterrean utziz, berrogei enpresari handienen bana besteko irabaziak 7,9 milioi eurokoak dira, erran nahi baitu enpresa bereko langileen irabaziak baino ehun aldiz handiagoa edo jende anitzek hunkitzen duten SMICa, hilabete sari apalena baino 369 aldiz gehiago. Jakinez gainera jende frango 1.329 euroko hilabete saria baino gutiagorekin bizi dela.

Okerrena da, beti azterketa horren arabera, aberatsen emendatzea 2022an azkarki segituko dela.


Enpresaburuak aberatsago Estatu Batuetan

Frantziako enpresaburu handien irabaziak justifikatzeko maiz aipatzen dira Estatu Batuetako enpresarien irabazi astronomikoak. Egia da jende arrunten errealitatetik hain urrun diren hango enpresaburuen zenbakiak ulergaitzak direla.

New York Times kazetarentzat Estatu Batuetako enpresaburu aberatsenen irabaziak aztertu dituen Equilar ikerketa taldeak sailkatzen dituen hamar lehenek Frantziako Tavares baino gehiago irabazten dute. Horien enpresak Interneteko zerbitzuetan edo osagarri sailean ari dira. Harrigarriena da ziber seguritate zerbitzuak garatu dituen Alexander Karpen kasua, pertsonalki urtean miliar bat dolar baino gehiago irabazten baitu.

Bainan zuzenkontrako egin molde batek, ez dezake beste ezin jasaneko egin molde bati arrazoia eman.


Tendentzia bera mundu guzian

Nazioarteko ehun bat ekonomiako ikerlari biltzen dituen World Inequality Lab taldeak munduko ontasunen ezberdintasunak aztertu ditu, hiru ohar nagusi plazaratuz. Lehena, herrien arteko desberdintasunen gainetik, jendeen arteko desberdintasunak herri guzietan handitzen ari direla, Errusia eta Txina barne. Hemeretzigarren mende hastapenetik joan den mende hondar arte, kolonialismoaren eraginez, herrien arteko desberdintasuna handituz joan da, bainan 1980tik goiti herri bakotxean diren aberats eta pobreen arteko desberdintasunak du gaina hartzen eta orain munduko %10 aberatsenek eskuratua dute munduko ontasunen hiru laurdenak, %50 pobreenek ontasunen %2 baizik ez dutelarik.

Bigarren oharra da azken 50 urteetan ontasun pribatuak goiti joan direla eta ontasun publikoak aldiz apaldu. Azkenik, nahiz aitzinamendu ttipi batzuk izan diren, gizon eta emazteen arteko diferentzia handia da oraino: jende pobreenetan hiru laurdenak emazteak baitira, horietarik anitz etxeko lanetan ari dira ordainduak izan gabe. Herri aberatsenetan ere emazteen proportzioa ttipia da oraino hilabete sari hobereneko lanpostuetan.

Munduko ontasunen partekatzean ezberdintasun gero eta handiagoak izaitea ezin jasana da. Gainera herri guzietan gertatzen da.

Nola onartzen ahal da batzuk 500.000 edo 5 milioi irabaztea hilabetean, hainbeste jende mila euro edo gutiagorekin bizitzea bortxatuak direlarik? Inflazioagatik, energiaren erabilpena ttipitzeko eta laster erretreta saria edo(ta) epea ttipitzeko indar bat egitea gehieneri galdegina delarik? Lotsagarria!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3673. zbk

Azalekoa | 2022/12/08

Bortizkeria geldiarazteko, arazoa iturritik hartu

M.O.

Bortizkeria%20geldiarazteko_%20arazoa%20iturritik%20hartu

2020ko urrian, astekari huntan aipatu ginuen Uztaritzeko Etcharryko hezitzaile eskolan ziren gazte batzuen proiektua. Bi urte berantago guri buruz hurbildu dira, orduetan hasi lanaren berri emaiteko. Florian Miot-Bruneauk egina, Maixan Noblia eta Anna Lasfarguek dokumentala aurkeztu daukute.

Bi urteko lanaren fruituak

Hezitzaile berezitu formakuntzaren baitan proiektu bat osatu behar zutela eta, Maixan Noblia, Anna Lasfargue eta Julie Pecastaings-ek erabaki zuten dokumental baten ekoiztea emazteek etxeetan jasaiten duten bortizkeriaren gaia hartuz. Ikasle gazte horien gogoeta izan zen, bortizkeria jasaiten duten emazte horien erasotzaileak nor diren hobeki jakitea. Film horren ekoizteko Pauen kokatua den Espetxe Zerbitzua Integraziorako eta Probaziorako (Service Pénitentiaire d'Insertion et de Probation) egiturarekin lanean ari izan dira, bideratu ditu lekukoen atzemaiteko. Bestalde bortizkerien sailean aditu artatzaile, hezitzaile eta justiziako pertsonekin bildu dira. La Source Florian Miot-Bruneauk ekoiztu filmaren hari gorria, indarkeriaren biktima izan den emazte bat da. Maixan Noblia eta Anna Lasfarguek kontatzen zaukuten, holako pertsona batek hitza hartzeko konfiantzazk...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016