Gure Hitza | 2023ko Urtarrilaren 19a

Kabalkada

Janbattitt Dirassar

Xuberoko kabalkada biziki famatua da eta aspaldian. Ihauteria gogoan, ez da ahantzi behar alabainan ihauteriari errotik lotua dela. Bazterrak azkarki harrotzen ditu nunbait han lau hilabetez segidan. Urtarriletik apirilera. Herriz-herri badabila, orotara berrogoi bat jokolari erne eta kementsu, dantzari, kantari eta musikari. Loriagarri denentzat. Ohidura ezinago ederra eta baliosa.Hor dira beltzak eta gorriak, xintxoak eta zirtzilak, Denak berotuak zoin-gehiagoka. Ikusten dira aitzindariak, ikusten ere txerrero, gatuzain, zamaltzain, kantiniertsa, laborari, kautera eta gaineratikoak! Ahantzi gabe Jauna eta Anderea beren jauntzi ederrekin. Denen bixtan, eta nola ez, ardura dena trufa eta eskernio, horra buhameak eta heiekin Pitxu pailaso harrigarria!

Goizean barrikadak, kasu ez sobera hurbil, arratsaldean ikusgarria, zernahi istorio kondatuz, zonbait izaiten ahal oraino ez behinere salatuak, holakoetan baita jendea biziki aise mintzo, nehoren ez deusen beldur edo ahalgerik batere gabe!

Aurten ere beraz, izan larunbatarekin ala igandearekin, maskarada miresgarri horrek airos airosa egin dezala bere itzuli luzea!

Badakigu xuberotarrak berak zoin atxikiak dauden usaia paregabe horri, bainan egia da ere Euskal-Herri guzitik badirela kabalkada horietarik baten ikustera joaiten direnak, baten edo berdin bizpahiruen ere. Hola da hazten eta azkartzen molde sano eta egoki batean euskal-nortasuna, gure izaitearen mamia, ezin aski preziatua dena!

Agur bero-bero bat beraz kabalkadaren karietara mugituko diren guzieri, biba zuek eta jo beti aitzina!

Gogoan har ere aurten beste kabalkada zonbait izanen dela bestalde, hala nola Luhuson heldu den udan, apailueri jadanik hasiak-eta.

Horiek hola, hilabete huntako gertakari guziz aipagarria, horra Bixintxoak. Hendaian eta Ziburun, ez dituzte bi sosetan saltzekoak! Herriko bestak dituzte alabainan eta jendea bihotzaren zolatik atxikia zaiote, ez baita segurki harritzeko!

Noiztenka, nor edo nor mintzo da erranez egokiago litakeela holako bestak, sasoin huntan, neguan beraz, egiteko partez, berantxago muntatzen balire, udaberrian konparazione, egunak luzatzearekin, aro hobea ere aiseago izaiten ahal orobat.Bainan Bixintxoak dira Jondoni Bixintxoren ohoretan eta saindu horren besta urtarrilaren 22an izaiten da. Batzuk aipu duten aldaketa onargarria ote litake halere? Gai hori aipatzean, beti badira ikusmolde desberdinak.

Dena den, noiznahi izan, Bixintxoak besta arraroak dira. Omenduz beraz Bixente saindua, guk Bixintxo deitzen duguna, Bixente izena goxatuz diote batzuk, nahiz Bixente bera ere untsa izen goxoa den.

Eta Bixintxo deitzen dugu ere Jondoni aitzinean ezarriz. Jondoni erraiten zaiote biziki aspaldiko saindu zonbaiti bakarrik, Jondoni Petri eta Jondoni Paulo dira besteak beste gisa hortan ohoratzen.

Gauza bat azpimarragarri dena, Hendaian eta Ziburun, indar ederra egiten dutela Bixintxoak euskal giro bero batean iragan diten. Horrek ere anitz munta du! Bi asteburuz izanen da mugimendu eta airostasun. Hendaian, hasteko, hor ukanen dute Bidaia ikusgarri berria, itxuren arabera guziz argia eta sanoa. Pilotari toki ederra eginez ondoko astean. Ziburun, badituzte hitzordu zonbait biziki preziatuak, mus lehiaketatik haste, hala nola odolki egileen xapelketa eta herritarren bazkaria. Aupa Bixintxoak beraz eta jo aitzina!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3678. zbk

Gure Hitza | 2023/01/19

Kabalkada

Janbattitt Dirassar

Xuberoko kabalkada biziki famatua da eta aspaldian. Ihauteria gogoan, ez da ahantzi behar alabainan ihauteriari errotik lotua dela. Bazterrak azkarki harrotzen ditu nunbait han lau hilabetez segidan. Urtarriletik apirilera. Herriz-herri badabila, orotara berrogoi bat jokolari erne eta kementsu, dantzari, kantari eta musikari. Loriagarri denentzat. Ohidura ezinago ederra eta baliosa.Hor dira beltzak eta gorriak, xintxoak eta zirtzilak, Denak berotuak zoin-gehiagoka. Ikusten dira aitzindariak, ikusten ere txerrero, gatuzain, zamaltzain, kantiniertsa, laborari, kautera eta gaineratikoak! Ahantzi gabe Jauna eta Anderea beren jauntzi ederrekin. Denen bixtan, eta nola ez, ardura dena trufa eta eskernio, horra buhameak eta heiekin Pitxu pailaso harrigarria!

Goizean barrikadak, kasu ez sobera hurbil, arratsaldean ikusgarria, zernahi istorio kondatuz, zonbait izaiten ahal oraino ez behinere salatuak, holakoetan baita jendea biziki aise mintzo, nehoren ez deusen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016