Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2023ko Otsailaren 23a
Frantziako pilota txapelketa - Musean 7 pare sailkatuak - Obrak herri barnean - Ondoko hitzorduak
Frantziako pilota txapelketa: finala galdu
Joan den ibiakoitzean, kimuen mailan, Imanol Goyeneche eta Téo Etcheverryk 30/40 finala galdu dute, Lau Herriko Koldo Irigaray eta Mattin Goñyren kontra, Zuraideko trinketean. Duela zonbait aste, Euskal Herriko txapelketa Lau Herriko pare hunen kontra 40/37 irabazi bazuten, aldi huntan amore eman dute, halere partida ederra eginik. Euskal Herriko txapelketa eremanik eta Frantziako finalean galdurik, hots hoberenen mailara hupaturik, gure putikoek sasoi zinez ederra egiten dute. Aupa Abarratia eta segi aitzina!
Musean 7 pare hoberenak sailkatuak
Union Basque batasunak urte guziz antolatzen duen Frantziako mus txapelketan, joan den ibiakoitzean, bururatu da. Aurtengo txapelketa Auxotea jatetxean egin da, urtarril hastapenetik goiti ibiakoitz arratsetan 36 pare bilduz. Joan den ibiakoitzean azken haitadak egin ziren, lehen 16 pareren artean. Zazpi hoberenek kantonaletan segituko dute. Huna zoin diren: 1. Mizel Etcheberry - Maina Iturralde, 2. Xarlo Haristoy - J-Noël Minjou, 3. Nicolas Haristoy - Benoit Moustirats, 4. Antton Castoreo - Julien Darraidou, 5. Mickael Darquy - Joan Dithurbide, 6. Frederic Darquy - Kepa Gastambide, 7. Ximun Castoreo - Peio Irigaray.
Afari on baten inguruan bururatu zuten arratsa, giro onean. Xantza on bat desiratzen diegu kantonaletan.
Obrak herri barnean
Landaluxia eremuko lur sailen eraikuntzarako egokitze lanak berriki hasi dira, bai eta Estekateko bidearen largatzeko lanak. Otsailaren 27tik goiti, Etxexuriko bidearen largatzeko lanen aldi izanen da. Hots, kamioi eta pala mekanikoen trafikoa handitu da. Herriko Etxeak herritarreri bideetan emeki ibiltzea galdatzen die.
Ondoko hitzorduak gure herrian
-Otsailaren 25ean, ibiakoitzean (10:00): Lurra eta etxebizitzaren gaiaren inguruan antolatuak diren eztabaida-konferentziaren 2. alea larunbat goizean izanen da, Aiherrako herriko gelan. "Erantzun eta iniziatiba pertsonal eta kolektiboak" jorratuak izanen dira, gomita hauekin: Aimar (Arizkuren herri okupatutako biztanlea), Irisarriko Mahaina elkartea, Irisarriko etxebizitza kooperatiba, Beñat Etxebest (Etxaldea elkartea).
- Otsailaren 25ean, ibiakoitzean (19:30): "Secours Populaire" elkarteari sustengua, Aiherrako Denen Etxean. Sartzea €1. Gaualdia bi taldek animatuko dute, RIGGS eta berriki berriz hasi Mister Saguak taldea. Janari eta edari tokian berean salgai.











