Herriz Herri - Azkaine (L) | 2023ko Urtarrilaren 19a
“Ketariatik Mundura” - Elkarteen arteko ''Quiz'' - Konta dizkidazu istorioak
“Ketariatik Mundura”
Azkaine herriko kultur sailak antolaturik, “Ketariatik Mundura” berrikitan emana izan den pastoralaren izena da. Formaren aldetik, usaiatik kanpo, “nanopastorala” zen, “nano particules” bezala zuen azaldu umorearekin Mixel Etxekopar idazleak, saioaren bukaeran.
Ez zen iragan pentzeen erdian, ez eta ere Xurio pilota plazan aurreikusia zen bezala. Denbora txarrarengatik, Bil-Toki herriko gelan emana izan da. Gela mukurru betea zen, ongi tinkatuz 120 so-egile sartu direlarik.
Tokia xuhurra izanagatik, publikoa loriatua izan da, aktoreak hain hurbildik ikusirik. Ez zen usaiako pastoraletan ikusten diren apaindurarik, hala nola gorri eta urdinen ate bereziak, bainan tradizioko pastoral baten funtsa errespetatua zen.
Gaia zen, orain duela bortz mende xuxen, Getariako nabigatzaile baten balentria kondatzea, munduaren lehen itzuliaren epopeia. Bortz untzietatik abiatzean, bat bakarrik zen itzuli hiru urteren buruan, untzi horren kapitaina Juan Sebastian Elkano zelarik.
Orduko bi inperio handiren arteko tratua izan zen, munduaren partekatzea bi zatitan, Atlantikoa ozeanoaren erdian finkatutako irudizko marra baten eskuin aldean Espainiaren eremua eta ezkerrean Portugalarena.
Oren bat eta erdiz, hainbat agerralditan, espedizioaren prestakuntzatik espezien gunea deskubritzeraino, emana izan zaigu momentu garrantzitsuenak bizitzea, kolonialismoaz gogoetak eginez.
Idazle izaiteaz gain, Mixel Etxekopar musikari zen, J. Kristian Galtxetabururekin, jokolariak zirelarik Maika Etxekopar, Ihitz Iriart eta Beñat Larrori.
Horra zer zion agerraldia ikusi zuen Philippek. “Aldi huntan gure historiaz jabetzeko parada
galdu dugunok, udaberri honetan nano pastoral hau Xiberoan ikus dezakegu”.
Elkarteen arteko ''Quiz''
Urtarrilaren 21ean, larunbataz (19:00), Bil Toki gelan, eskola publikoko burasoek elkarteen arteko ''Quiz'' antolatzen dute. Parte hartzeko, gehienez 8 laguneko taldea osatu behar da eta 20€ko saria galdeginen zaio. Giro ona segurtatua da eta bertan jateko eta edateko izanen da. Izena emaitekozenbaki hauetara deitu: 06-50-34-60-72 edo 06-74-35-38-10.
Konta dizkidazu istorioak
Urtarrilaren 28an (10:30), Azkaingo liburutegiak ipuin sentsorialak antolatzen ditu, 0-3 urteko haurrentzat, sarrera kitorik.