Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2023ko Urtarrilaren 19a
Heriotze - Agiantzak - Kantaldia - Pilota - Errugbia
Heriotze
Jeanine Arrossa, sortzez Alfaro, bere etxean hil da supituki, 71 urtetan. Joan den asteartean ziren ehorzketak. Doluminak Michel senarra, Manuel eta Cécile seme-alaberi.
Bere ofizioa gure herrian kasik 60 urtez artoski praktikatu duen Michel Martinez medikua, 88 urtetan pausatu da. 1962an herrian plantatu zen. Badakigu ahal izan dueno segitu duela lanean eta bere zerbitzuak eskaintzen zituela oraino, ez du hain aspaldi. Ibiltzaile kartsua, gure mendietako pattar, xendera eta xoko guziak ere ezagutzen zituen. Doluminak Peio, Mirentxu eta Catherine seme-alaberi.
Gracieuse edo Gaxuxa Curutchet 83 urtetan zendu da, Baionan. Izpegiko bideko “Marixkoinean” zituen erroak. Baigorriko familiaren hilarrian ehortzi dute, aitzineko asteazkenean. Gure doluminak haurride guzieri.
Agiantzak
Herriko Etxeak urte berriko agiantzak joan den ortziralean ospatu ditu, Plaza Xokon. Jean Mixel Coscarat auzapezak zehaztu du jazko lan nagusietarik bat ekaitzak eta uholdeek sortu makurren arra antolatzea izan dela. Milioi bat euroko gastuen erdia pasa herriak bere gain hartzen du, gaineratekoa laguntza publiko desberdinek ordainduko dutelarik.
Aurtengo xede nagusien artean, besteak beste, Herri Elkargoak erosi duen 3 hektareako lurretan aktibitate gune baten sortzea, Herriko Etxea jabetu den postako bastizaren estaian apartamendu bat apailatzea familia batentzat, erosi duen behereko karrikako etxean komertzio toki bat eta bi bizitegien egitea, herriko liburutegiaren handitzea. Behereko karrika eta plaza nagusiaren berrantolaketari buruzko gogoetaldiak ere segituko dira, herritarren artean.
Bestalde, dozena bat presuna, hauen artean 9 baigorriar eta haraneko 3, ministeritzaren izenean sariztatu ditu Jean-Baptiste Lamothe jaunak, animazio eta elkarte desberdinetan dituzten engaiamenduentzat. Herriko sariztatuak dira Nathalie eta Hélène Ansolabehere ahizpak, Betti Haristoy, Betti Bidart, Frantxua Tambourin, Agnés Gorostiague, Lalou Hirigaray, Annie Juantorena eta Maialen Dupuy. Goresmenak!
Kantaldi, elizan
Urtarrilaren 21ean, Ibiakoitz arratsez (20:30), Erramun Martikorenak bere 10. diskoa aurkeztuko du. Migranteetaz arduratzen den Etorbide elkartearen alde izanen da.
Pilota
Arrangoitzen Zaharrer Segiko Franck Elgart eta Mikael Uhaldek Frantziako xapelketaren bigarren mailako finala 28/40 galdu dute, Zuraide Atzarriko Antxordoki eta Garat-en kontra.
Errugbi
Joan den igandean, US Nafarroa taldea Charente eskualdeko Barbezieux Jonzac-i 20/11 nagusitu da, Federal 1 xapelketaren kondu. Gure taldea hamabietarik 6. da sailkapenean.