Herriz Herri - Ezterenzubi (NB) | 2023ko Urtarrilaren 19a
Agur Emilia
Arrusaiko etxekoandre xaharrak 91 urtetan utzi gaitu. Biziki emazte goxoa zen, gure auzo gunean denek maite ginuen, berez maitagarria baitzen. Nornahiri eskukaldi baten egiteko beti prest zen. Aspaldiko urteak ditu Hego Euskal Herritik Ezterenzubira etorri zitzaukula, andere gazte lerdena, Emilia Etxandi “Artzain etxea” jatetxera zerbitzari gisa lanera. Laster lekukotu zen, hemengo jendekin adiskide anitz egin zituen, berak halako karatera alegera baitzuen. Zonbait denboraren buruan gure andere gaztea Arrusaiko Petanekin gizon gazte azkarrarekin ezkondu zen eta bikote berria Arrusaian plantatu zen laborantzan gaitzeko deliberoan. Emilia jatetxean zerbitzuan bezain trebe baitzen laborantxan ere. Bi seme altxatu zituzten Mattin eta Jean-Mixel, orain berak familiatuak direnak.
Emiliak senarra frango gazterik galdu zuen eta pentsatzekoa da denbora nekeak iragan dituela, baina familia elgarri biziki atxikia baitzen bere semeak inguruan zituela familiako bizi on bat ere ereman duela ez da dudarik.
Seme bat etxean eta bestea ez hain urrun, biek haurrak badituzte eta amatxik hain maite zituen ilobatxoak ardura inguruan izanez, egun eder anitz bizi ukan ditu familiaren inguruan.
Orain haatik, zonbait denbora hauetan osagarri arrangurak ukanez xahar-etxera bildua zen.
Ezterenzubiko elizan ehorzketak egina izan dira, bi aldetako familiak elgarretaratzen zirela biziki errespeturekin eta herritarrak ere andanan etorri zaizkio azken agur baten eskaintzera.
Meza finitzean gauza bat loriagarria izan da, Emiliaren sei ilobatxoak elgartu dira beren amatxiren inguruan eta “Urtsu Xoria” kantatu dakote, beren sendimendu guzia kantuan ezartzen zutela. Beren maitasuna kantuz erakutsi diote. Zer otoitz ederra!
Ez adiorik Emilia! Zure irri goxo haren hutsa gure artean ageriko da. Gure auzogunera etorri zinelarik gure xoko pollit hau alegeratu zinduen. Guk ere kantatuko dugu zuk hain maite zinuen Urtso Xuriaren kantua eta zutaz oroituko gira! Agur!
Mattin auzoa