Herriz Herri - Hendaia (L) | 2023ko Urtarrilaren 19a
Bixintxo bestak
Zibururekin batera horra urteko lehen herriko bestak hor direla, urtarrilaren 20an hasiko dira eta bi asteburuetan iraganen dira.
Pellot desfilearekin ofizialki hasiko dira, eskolako haurrak lagun, arroltze moleta lehiaketa, ikusgarri, pilota partida, ahantzi gabe famatua den danborrada izanen dira abusagailuak. Aurtengo berritasuna, Hendaiako kirolariak omenduak izanen dira. Egitarau osoa agertzea luzeegi izanez, bakarrik memento azkarrenak aipatuko ditugu.
Urtarrilaren 22an (18:00), D. Ugarte plazan, “Bidaia” ikusgarria presentatua izanen da. René Zugarramurdiren zuzendaritza pean, Euskal Herriko 200 musikarik eta abeslarik, “Bidaia” ikusgarriarekin euskal kulturak denboran eta espazioan zehar ukan duen ibilbidea errepasatuko da. Kitorik izanen da, aldiz lekua 05-59-48-23-28 deituz atxiki beharko da.
Ondoko asteburuan bi gertakari aipatzekoak dira, urtarrilaren 27an, D. Ugarte plazan (21:00) bi pilota partida iraganen dira: Salaberria-O. Etxebarria/Exposito-Bikuña eta ondotik Laso-Imaz/Peña-Mariezkurrena. Biharamunean 28an Tanborraden eguna izanen da, Herriko Etxe aitzinean bilduko dira (12:00) eta arratsaldean auzoz-auzo ibiliko dira.
Herriko elkarteek ere beren animazioak aurreikusiak dituzte, horietan Baleak elkarteak urtarrilaren 28an “Bixintxo” bazkaria antolatzen du.