Herriz Herri - Iholdi (NB) | 2023ko Otsailaren 23a
Biltzar nagusia
Joan den urte hastean, xutik ezarri bulego berriak, Gogotik elkartearen kudeantza hartua du. Aurten lehen urtearen bilduma erakusteko gomita igorria zuen kide guzieri eta nasaiki entzuna izan da.
Maryvonne Doyhenart elkarte buruak ongietorria egin eta, Maialen Miremont Iholdiko erretira etxeko animatzaileari hitza pasatu dio. Hunek gomita egin du ahal duten kide guzieri parte hartzera jin diten, egoileeri buruz egiten diren mementoen sustatzera, Covidarengatik erdi lo batean egon ondoan berriz mugimenduan jartzeko.
Lehendakariak egin diren gorabeheren berri eman du, kartak hamabostetik, bazkaria hiru hilabeteetarik, bi ateratze, bat Landesetan eta bestea Tourmalet aldera. Eskertu ere ditu Armendaritze, Iholdi eta Landibarreko auzapezak, beren diru laguntzendako. Horri esker Ambrox Haran diruzainak erran du diru kutxa estatu onean dagoela. Eskertu ere du Michèle Acheritogaray sekretarioa bere lan baliosarendako. Dena aho batez onartua izan da. Hiru bikote mende erdia esposatuak direla, goretsiak izan dira.
Hortik lekora Sophie kozinertsak prestatu ahotik ezin utzizko bazkariaren gozatzea zen egiteko, zerbitzari bikainez mahairatua.