Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Urtarrilaren 19a
Amazonia zine-hitzaldia - Mus lehiaketa- Heriotze - Herriko bozak - Udako enpleguen azoka - San Josepe eskola
Amazonia zine-hitzaldia Larrekon
Astearte arratsean, urtarrilaren 24an (18:30), sekulako filma aurkeztua izanen da, mintzaldi batekin osatua, “Les cueilleurs de mémoire” izendatua, Larreko kulturgunean. Amazoniako oihan erraldoiak zabaltzen dira herrialde anitzetan, hala nola Brasilia, Ekuador, Peru, Bolivia eta Guyana, hemen aurki daitezke ehunka indiar leinu edo tribuak. Patrick Bernard hizlariak hauen egoera aipagai du, lehen kontaktuetatik orain arte. Heien artean egonik, azalduko ditu lekukotasun hunkigarriak eta egiazkoak. Negutik ihes egiteko gisan, leku berde, umi eta beroetara jauzi bat egin dezagun, baita zer ikasi. Prezioa 7€, prezio murriztua 4€, erreserbak Euskal Herriko turismo bulegoetan, baita sarreran bertan.
Mus lehiaketa Aroberrin larunbatean
Estebe nagusiak badazki holako ekimenak plantan ezartzen, bigarren edizioa dago eta sekulako sariak irabazteko. Hilaren 21ean (14:30) abiatuko da mus txapelketa, parte hartzea 12€, lekuak mugatuak izanik hobe aitzinetik izena emaitea, deituz: 07-83-55-87-12 edo tokian bertan (13:00). Harrera ona izanen da, etxeko artisau sagardoa, baita sukaldari platerak eskainiak izanen dira prezio berezietan. Animazio herrikoiak beti ongi etorriak dira gure herrietan, ez huts egin.
Heriotze
Bat bertzearen ondotik bi ibarrundar ongi ezagunak joan dira, ez bat ez bertzean.
Lehenik Labandibar Mattin 73. urtean, hau ezkondua zen Audeteneko Mattele Borthaire alabarekin. Mattinek, osagarriaren aldetik larrialdi asko gaindituak zituen, nehork ez zuen pentsatzen urte hondarreko ospitaleratzea azkenekoa bilakatuko zela. Ofizioz harakina eta sukaldaria, bihotz onekoa, beti zerbitzu-emaile baten itxura utziko du. Orain penetan uzten ditu Maite emaztea, Mathieu eta Ana seme-alabak, haur-ttipia Teixa, bere anai-arrebak baita Audeteneko familia handi hori, azkarki joak direnak garai huntan.
Bertzea aldiz, auzoan sortua, Inharria baserrian, Ignacio Goyetche 55 urterekin, hau ere eritasunak eraman du, azkenik Bil ta Garbi egituran lanean ari zen, nahigabetan uzten ditu Maxime semea eta senide frango.
Joan den asteko heriotzetan juntatu behar dira, Juan Ozcariz 70 urte eta Jean Eschenlhor 87 urte, dolumin bizienak hauen familia eta adiskideeri
Herriko bozak
Azkeneko berrietan jakin dugu oposizioan ziren ekipotik zerrenda finkatua dela, “Agir pour St Pée– Egin Senperentzat” izenean. Hunen buru Bernard Elhorga aurkitzen da, sortzez senpertarra, lan egin ondoan Parise inguruan berriz gure herrira itzulia, erretretaz gozatzera. Beren programa zehatza azaldua izanen da hilabete hondarreko, hunekin lau-bost bilkura publikoak iragarriak izanen dira.
Udako enpleguen azoka, oroitarazte
Herriko-Etxeak antolaturik, iraganen da urtarrilaren 21ean, larunbatarekin (10:00-12:30), Larreko kulturgunean. Galdegina da, lan eskaerendako bakoitzak ekar dezan “CV” delakoa, enpreseri erakusteko edo uzteko gisan.
Kontzertua hilaren 28an Larrekon
Hizño batez erraiteko Celia Kameni eta Alfio Origliok, bertze bi musikarirekin gaitzeko kontzertua eskainiko dutela, larunbatean (20:30). Erreserba, turismo bulegoetan, cultureetpatrimoinesenpere.fr, prezioa 20€, 18 urtepetik 10€, xehetasun gehiago heldu den astean.
San Josepe eskolak platera drive antolatzen du
Otsailaren 3an (16:30-18:30), kuskusa + bixkotx zatia 15€. Xehetasun eta erreserbak deitu: 06-88-94-21-38. Azken epea manatzeko urtarrilaren 20a.