Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Urtarrilaren 19a

Ekilore diskoa - Bertsuxurlaren finala - Betizuei buruzko liburua - Iparra-Hegoa 2023 - Tourra - Pilota

Ekilore%20diskoa%20-%20Bertsuxurlaren%20finala%20-%20Betizuei%20buruzko%20liburua%20-%20Iparra-Hegoa%202023%20-%20Tourra%20-%20Pilota

Ekilore diskoa

Jadanik salgai da Ekilore taldearen lehen diskoa herriko denda eta ostatuetan. 2022ko abenduaren 4an, igandearekin, herriko plazan izan zen Loraldiberri liburu eta disko azokan jendaurreko aurkezpena egin zuten eta arrakasta handiz, gainera. Zortzi kantu ditu bere baitan: Gerla galduaren oihua, Egia garestia dala, Jainkosa galduari, Oihane, Hegoa, Arrano Beltzaren itzulera, Oroitzen naiz eta Hautuaren tenorea izenekoak. Aukera ezin hobea, urte berriari hasiera emateko musika eztia, ederra eta urruñarra entzunez.

Bertsuxurlaren finala Xaian

16-22 urte bitarteko Iparraldeko gazteen Bertsuxurla izeneko bertsu lehiaketa urtarrilaren 6an Atharratzen hasi zen, bigarren saioa urtarrilaren 13an Lekornen egin zuten, hirugarrena urtarrilaren 20an Izpegin eginen dute eta finala Pausuko Xaia ostatuan izanen da urtarrilaren 27an.

Betizuei buruzko liburu ederra

2022ko ekainean, Ziburuko Jakintza aldizkariak bere 98. zenbakia plazaratu zuen, oraingo hau, oso-osorik, betizuei eskainia. Betizuak (behi izuak) Paleolito Arotik Euskal Herrian bizi den behi salbaia da, hortik datorkio izena, hau da, behi izua, izutzen delarik erasoari ekiten baitio. Gorri kolorekoa eta adar handiak dituena, gure mendietan oraino bizi dena. Xoldokogainan, Ibardinen, Lizuniagan, Urruña, Biriatu, Sara eta Berako oihanetan, Jaizkibel mendian, Bizkaiko Dima aldean… eta beste hainbat bazterretan, ikusten ahal dira. Hemengo arraza autoktonoa da, pottokekin edo euskal urdeekin gertatzen den bezala, genetikoki bereizia da. Egileak Jean-Pierre Péré, Germaine Hacala eta Imanol Ameztoi ditugu, azken biak urruñarrak. Zorionak, lan ederra egin baituzue, zinez!

Iparra-Hegoa 2023

Iparra-Hegoa elkartea, zenbait urruñar eta goierritarren eskutik, Euskal Herriaren lurraldetasuna, euskalduntasuna eta askatasun egarria indartzeko sortu zen, urtero zenbait ekitaldi arrakastatsu antolatzen ditu, Euskal Herriko geografiaren luze-zabalean. Dena den, Seguran antolatzen duen kultur astea izaten da ospe handiena hartzen duena. Aurten jadanik, antolatzaileak biltzen hasiak dira eta aurtengo ekitaldiaren aldarria hautatu dute: migranteak Euskal Herrian. Segurako kultur astea martxoaren 27tik apirilaren 2ra izanen da.

Tourra ez da Erlaitzetik pasatuko

Frantziako Tourra ez da Erlaitzetik pasatuko Munduko txirrindulari lasterketa garrantzitsuenaren aurtengo edizioko hirugarren etapa Hendaia eta Zokoa lotzen dituen Erlaitzetik pasatzekoa zen. Baina luizien arriskua ikusirik, hautetsiek antolatzaileei beste aterabide bat galdegin diete. Erlaitzaren bidea hautsita dago kostaldearen higaduraren ondorioz. Bereziki zainduta dago luizien arriskua dela eta. Beraz, 2023ko uztailaren 3an astelehenarekin Zornotza eta Baiona lotuko dituen 185 kilometroko etapa ez da D912 bide horretatik iraganen. Hiru aterabide edo bide alternatibo jadanik pentsatuak dira, baina txirrindulariek zein ibilbide eginen duten oraingoz ez da ofizialki jakiten, Tourraren antolakuntzak ez baitu neholako erabakirik jakinarazi.

Trinketeko pilota partidak

Iparraldeko trinketeko pilota partidetan, amateur mailan jokatu diren azken partidetan urruñarrek honako emaitzak ukan dituzte: Bideondo/Etxegoin (Urruñarrak 1) 40 – Lafitte/Palomes (BAC 1) 17.

Adindunendako ekitaldiak urtarrilaren 19tik 25era

60 urtetik gorakoei idekita. Hilaren 19an, ostegunarekin: ateraldia Miarritzera, merkatua + jatetxea 15 euro. Mahai jokoak Posta gelan (14:30). Hilaren 20an, ostiralarekin, Yoga saioa kadira gainean, iraupena: oren 1, prezioa: 5 euro, Posta gelan (10:00). Hilaren 23an, astelehenarekin, ibilaldi goxoa Zokoan barna, Posta gelan (10:15). Errobiko ibilaldia, 4 km, iraupena 3 oren, Posta gela (14:00). Hilaren 24an, asteartearekin, sukaldaritza saioa Posta gelan (10:00) eta tango saioa (15:00) Iturbidea gelan. Hilaren 25ean, asteazkenarekin, Karaokea Posta gelan (14:30) eta ihauterirako mozorro egitea Posta gelan (15:30). Izena emateko eta autobusa hartzeko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3678. zbk

Gure Hitza | 2023/01/19

Kabalkada

Janbattitt Dirassar

Xuberoko kabalkada biziki famatua da eta aspaldian. Ihauteria gogoan, ez da ahantzi behar alabainan ihauteriari errotik lotua dela. Bazterrak azkarki harrotzen ditu nunbait han lau hilabetez segidan. Urtarriletik apirilera. Herriz-herri badabila, orotara berrogoi bat jokolari erne eta kementsu, dantzari, kantari eta musikari. Loriagarri denentzat. Ohidura ezinago ederra eta baliosa.Hor dira beltzak eta gorriak, xintxoak eta zirtzilak, Denak berotuak zoin-gehiagoka. Ikusten dira aitzindariak, ikusten ere txerrero, gatuzain, zamaltzain, kantiniertsa, laborari, kautera eta gaineratikoak! Ahantzi gabe Jauna eta Anderea beren jauntzi ederrekin. Denen bixtan, eta nola ez, ardura dena trufa eta eskernio, horra buhameak eta heiekin Pitxu pailaso harrigarria!

Goizean barrikadak, kasu ez sobera hurbil, arratsaldean ikusgarria, zernahi istorio kondatuz, zonbait izaiten ahal oraino ez behinere salatuak, holakoetan baita jendea biziki aise mintzo, nehoren ez deusen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016