Herriz Herri - Ziburu (L) | 2023ko Urtarrilaren 19a
Bazkaria - Agiantzak - Herriko bestak
Bazkaria
Joan den egunean, biziki giro goxoan iragan da 70 urtez goitiko ziburutarreri Herriko Etxeak eskaini bazkaria. Denak alegera zauden parropiako gela zabalean. Orotara, 60 bazkaltiar umore hoberenean, hori behar da azpimarratu. Bazkaria ederki prestatua eta zerbitzatua Miarritzeko ostaler-ikastegian diren gaztetxoek, beren hiru erakasle lekuko, ikasleak berak ere lorietan gisa hortako harremanak ukanik herritar xahar askorekin. Auzapezak oroitarazi du indar berezi bat akuilatzen dela xaharren onetan, errextasun asko ukan dezaten beren harat-hunatetan.
Agiantzak
Eneko Aldana-Douat auzapezak agiantza-bilkura egin du, urte berria agurtuz, berriketari multxo baten aitzinean. Gai asko aipatuz, iragan urteko gora-beherak eta xede asko geroari buruz.
Obra frango egin beharra da hiri barnean bereziki, autoak aiseago ibil diten, aparkalekuak hobeki baliatuz. Errextasun gehiago ere oinezkoentzat, gero eta hobeki begiratua litakeen ingurumen sano batean.
Jendetzaz ere mintzatu da, ikusiz azken hamarkadan ttipiturik, beti sei mila biztanleen heinean dagoela orainokoan. Etxebizitzaz diren arrangura handi eta pisuak ez ditu segur gorde. Prezioak azkarki goiti joanak, herritarrentzat eta bereziki jende gaztearentzat, biziki neke dela bizitegi egoki baten segurtatzea. Etxe gune berri bat egitekoa da Erreka-Zahar aldean. 63 bizitegi berri, gehienak sozial-mailakoak. Aurten ikerketa guziak, obrak heldu den urtean akuilatzeko gisan.
Obra-solas, hau ere azpimarratua izan da. Argindar gutiago erretzeko gisan, LED delako argigailuetarik ezarriko du herriak, aise indargai gutiago erretzen dutelako. Jadanik ba ezarriak zonbait tokitan, hala nola elizan.
Herriko bestak
Ortzirale huntan hasten dira herriko bestak, gure Bixintxoak. Arrakasta handia behar luketeenak!Mus xapelketa parropiako gelan (19:00), izena emana ez dutenek oraino emaiten ahal han berean (18:00). Kenka berean hasiz besta horien idekitze ofiziala, auzapeza eta besta-komitearen burua denen aitzinean, dena kantu, musika eta dantza.
Besta horien afixak banatuak dira eta denen bixtan ezarriak, bai Ziburun berean bai eta inguruko herrietan. Aurtengoa hautatua usaian bezala haurrek margotuen artean. Irabazlea aitzineko aldian bezala Odei Olçomendi, ikastolan ibilki dena, egiazko artista jeinutsua.
Bi asteburuz, zernahi ausagailu. Lehen igandean, besteak beste, odolki egileen xapelgoa, anitzek berantetsia dutena. Bigarren igandean, herritaren bazkaria. Arte hortan, hitzordu frango, elkarte asko partzuer, Baltsanek indar guziz goresgarria eginez, bazkari, afari, musikaldi eta beste. Bestalde, ez ahantz pilota partida. Ez eta ere fandangolarien elgarretaratze guziz airosa. Betiko ohidurak berme moldatu egitarau argia eta ederra.
Lasterka: lehen asteburuko hitzorduetan, horra larunbateko trail delako lasterraldia (14:00). Ttipi eta handientzat. Laguntzeko eskoletako aitamen elkarteak bai eta Zurekin.
Haurrentzat lasterraldi laburra, nerabeentzat luzeagoa eta helduentzat hamar kilometrokoa. Bada ere oinezko ibilaldia, lasterkarik gabekoa beraz.