Ba ote dakixu? | 2023ko Urtarrilaren 19a

Stalingradeko bataila (¼)

Gilen Bacho

Stalingradeko%20bataila%20(A)

El-Alameineko batailak (aipatua nuena joan den urtean), aliatuen garaipenarekin, durunda (oihartzun) handia ukan zuen baina 2. mundu gerlako destinoa ez zen Ipar-Afrikan jokatuko baina bai Ekialdeko frontean. 1941eko ekainean, Alemaniak Sobietar Batasuneko inbasioa abiarazi zuen (Barbarossa operazioa, aipatu nuena 2021eko ekainean). Alemaniarrak lehenik fite aitzinatu ziren sobietar lurretan baina 1941-1942ko neguan sobietarrek kontra-ofentsiba masiboa abiarazi zuten, fronte osoan

Hitlerren helburuak

Stalinek etsaia 1942. urtean garaitzen ahal zitekeela pentsatzen zuen baina bere anbizioa sobera handia zen. Etsaia ez zen hola garaituko baina halere, 1942ko martxoan eta apirilean, “Armada gorria” aitzinatu zen 100 kilometroz zentroan eta 300 kilometroz hegoaldean. Memento horretan frontea egonkortu zen eta bi aldeek Rasputitsako sasoia (bide lohitsuen sasoia) haien indarrak berriz antolatzeko baliatu zuten. Bi agintaritza nagusiek uda erabakigarria izanen zela pentsatzen zuten. Alemaniarren desinformazio operazio batengatik, sobietarrek alemaniarrek ofentsiba bat Moskuraino abiaraziko zutela uste zuten (Mosku alemaniar indarretatik 200 kilometrotan zen). Orduan, haien armadako talde hoberenak (Koniev, Jukov eta Golikovenak) Mosku aitzinera igorriak izan ziren. Baina, egiazki, Hitlerrek hegoalderaino so egiten zuen. Bere 1942ko apirilaren 5eko manuan, helburuak eman zituen: Donbasseko industria eremua, Kubaneko artoa eta ogia eta sustut Kaukasoko petrolioa (“Maikop eta Grozniko petrolio putzuetara ez banaiz heltzen, gerla akabatu beharko dut” erran zuen Hitlerrek). Usaian bezala, ekonomiaren beharrek zituzten hautu estrategikoak gidatzen, lehenik Alemaniako bizibeharrak kontentatzeko baina ere etsaia ahultzeko. Alemaniar jeneral zenbaitek Hitlerri posizio defentsibo batean egotea lerroak laburtzeko eta Ekialdeko armada berriz antolatzeko kontseilatu zioten baina Hitlerrentzat defentsiba eta derrotismoa (porrotaren sentimendua) sinonimoak ziren. Sobietar Batasuna 1942an garaitu nahi zuen amerikanoen interbentzioa aitzin Mendebaldeko frontean (eta beti “bake xuria” Britainia Handiarekin posible zela pentsatzen zuen). Orduan, berriz, ofentsiba hautatu zuen.

Sebastopoleko setioa

Hegoaldeko armada taldeak zuen ofentsiba handia eramanen, distantzia handi batekin helburuen artean (1.500 kilometro Grozni eta Mosku artean), Von Bock jeneralarekin bere buruan (baina egiazki Hitlerrek zituen kasik erabaki guziak hartzen). 71 dibisio engaiatuak izan ziren (barnean 9 blindatuak eta 7 motorizatuak) eta milioi bat gizon. Gainera Errumaniako, Hungariako, Italiako eta Esloveniako 22 dibisio baziren. Dibisio horiek (italiarrak salbu, 250.000 gizonekin ongi ekipatuak zirenak) ekipamendu txarrak zituzten, alemaniarrek mespretxatzen baitzituzten. Ekipamendu hoberenak dibisio blindatueri emanak ziren, haien eginkizuna erabakigarria baitzen bataila irabazteko. Von Manstein-en armadak zuen ofentsiba hasi, Krimean. 1941eko azarotik goiti, bere XI. armadak Sebastopol, “Kaukasoko gakoa”, setiatu zuen. Sobietarrek Kertcheko penintsula kontrolatzen zuten, “Kaukasoko atea”. Von Mansteinen tropek leku hori lehenik atakatu zuten. Sobietarrak gehiago ziren baina sorpresa efektuari esker, zortzi egunez, 1942ko maiatzaren 8tik 16ra, alemaniarrek leku estrategiko hori hartu zuten, 170.000 preso eginez. Helburu hori lortu eta, alemaniar XI. armadak, Luftwaffaren hegazkinekin eta 1.300 kanoiekin, Sebastopol gogorki bonbardatu zuen. Sobietarrek hiria heroikoki defendatu zuten baina azkenean, uztailaren 4an, zitadela, ezin hartuzkoa izatea fama zuena, erori zen. Alemaniarrek Sebastopol hartu zuten eta Hitlerren planak ordu arte funtzionatu zuen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3678. zbk

Gure Hitza | 2023/01/19

Kabalkada

Janbattitt Dirassar

Xuberoko kabalkada biziki famatua da eta aspaldian. Ihauteria gogoan, ez da ahantzi behar alabainan ihauteriari errotik lotua dela. Bazterrak azkarki harrotzen ditu nunbait han lau hilabetez segidan. Urtarriletik apirilera. Herriz-herri badabila, orotara berrogoi bat jokolari erne eta kementsu, dantzari, kantari eta musikari. Loriagarri denentzat. Ohidura ezinago ederra eta baliosa.Hor dira beltzak eta gorriak, xintxoak eta zirtzilak, Denak berotuak zoin-gehiagoka. Ikusten dira aitzindariak, ikusten ere txerrero, gatuzain, zamaltzain, kantiniertsa, laborari, kautera eta gaineratikoak! Ahantzi gabe Jauna eta Anderea beren jauntzi ederrekin. Denen bixtan, eta nola ez, ardura dena trufa eta eskernio, horra buhameak eta heiekin Pitxu pailaso harrigarria!

Goizean barrikadak, kasu ez sobera hurbil, arratsaldean ikusgarria, zernahi istorio kondatuz, zonbait izaiten ahal oraino ez behinere salatuak, holakoetan baita jendea biziki aise mintzo, nehoren ez deusen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016