Egun eta bihar | 2023ko Urtarrilaren 19a
Ezin erran
J-B D
Untsalaz, itxura guzien arabera, ortzegun huntan, urtarrilak 19, baditake mugimendu hor gaindi! Zernahi manifestaldi anitz hiritan, salatuz erretretak gogoan gobernuak agertu xedeak, arrunt ezin onetsiak direla-eta! Ez onartu nahi zonbait urte barne lanean gehiago ari beharko dela, lanaren uzteko adina bi urtez gibelatua alabainan, 64 urtetan ezarria beraz. Errextasun berezi zonbait hitzemanak badira ere, dena lausengu eta zurikeria, lanean biziki goizik hasiak direnentzat bai eta lan penatuetan ari edo arizanak direnentzat. Sindikatuek bat egina dute, denek dei bera zabalduz, manifestaldi horietan behar dela nasaiki parte hartu, erakutsiz zonbat arrangura baden eskuin eta ezker. Aitzinetik ezin erran haatik dei hori zonbatetaraino entzuna izanen den. Ikusmolde desberdinak badira alabainan.
Gauza bat frango usu aditzen ahal dena, zendako behar den oraidanik kexatu ikusiz gobernua nolako xedetan den. Urteak jin eta urteak joan, orain hau edo hura erranikan ere, orain aipu diren aldaketak jestu gutiz ezabatuak izaiten ahal direla, oraino latzago ezarriak edo alderantziz nolazpait goxatuak, hori dakiena isilik dagoela, nehork ez jakin xuxen zeri buruz bagoatzin. Arrazoi gisa hori aski ote da jendea ez hanbat mugitzeko, egun hobeak jiten ahal direlako esperantzan, ala jendeak nahiko ote du ozenki erakutsi nolako beldurrak hartua daukan.
Gisa guziz, behialakoak ziona, istorio horrek biziki soka luzea ukan dezake, alde bat solasgai noiznahi eta nunahi. Gobernuak ere ikusi nahia duke jendeak nola ihardokiko duen. Bixtan den gauza hori ere! Gisa guziz, beste manifestaldi zonbait ere jitekoak dira ondoko egunetan, lekuka solasa da greba pizkorrak ere izaiten ahal litazkeela. Burdinbideetan orobat, garraio beste zerbitzuetan ere berdin,Eta nork daki, nehork uste ez duen toki batzuetan zendako ez?