Euskal diaspora | 2023ko Urtarrilaren 19a

Danborren orrua munduan, Arnas Berri Bertso Eskola eta Chascomuseko Udalekua

Joseba Etxarri

Danborren%20orrua%20munduan_%20Arnas%20Berri%20Bertso%20Eskola%20eta%20Chascomuseko%20Udalekua

DANBORRADA. Heldu den ortziralea San Sebastian eguna da, eta besta egun handia Gipuzkoako Donostian, hiriko zaindariaren besta eta danborrada eguna. Baina San Sebastian besta eta danborradak oihartzun handia biltzen du baita ere Diasporako leku batzuetan, eta heldu den asteburuan ospatuko dute, batetik donostiarrak eta euskaldunak bizi diren munduko hainbat lekutan, eta horrekin batera, data hau heien besta eta ospakizun egun berezia bilakatua duten munduko euskal etxe eta komunitateetan, bereziki Argentinako Necochean, Mexiko Hiriko Euskal Etxean, Madrilgo Euskal Etxean eta Shanghaiko Euskal Etxean... baina ez hor bakarrik. Aurten gainera, pandemiak bi urteko geldialdia ekarri zuelarik, irrika eta gogo arras biziz ari zaizkio beha hitzorduari, hondarreko egunetan errepikak eginez eta guzia prestaturik betiko moldean danborra jo eta Sarriegiren aireak, bozkarioa lagun, mundu zabalera hedatzeko.

BERTSU ESKOLA. Bai, Diasporak ere badu bere Bertsu Eskola, eta txoko huntan ardura aipatua dugun Boiseko Todor Azurtzak eta lagun talde batek lan ederra egiten dute Estatu Batuetan, Boiseko Idahotik, euskaraz eta euskararekin jolasten, sortzen, ongi pasatzen, eta emaitza horiek Ipar Amerikako euskal komuniteari eta bertako Euskal Herriari eskaintzen. Joan den udan, NABOk bertsularitza sustatzeko erabakia hartu zuen, presentzia ematea euskal ekitaldietan. Teknologia berriak lagun, 'Arnas Berri Bertso Eskolak', hala baitu izena taldeak, Estatu Batu osoko bertsuzale eta bertsulariak batzen ditu, guti, baina nahikaria eta engaiamendu handikoak, gazteak baitira. Parte hartzeko interesa duenak, huntara idazten ahal du: arnasberri@gmail.com.

UDALEKUA. Gogoan hartu Argentina, Uruguai, Txilen-eta, memento huntan udan direla, aurten bero handiak lagun. Eta egin berria dute Argentinako Chascomus herrian, 2023ko Udaleku, Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko gazte talde bat antolatzaile. 7 eta 14 urte arteko 23 gaztetxo partaide, gau bakarrekoa antolatu dute lehenengo hau, oihal-etxoletan lo eginez, eta naturarekin, jolasekin, kantuekin eta euskal kulturarekin bat eginik. Egiari zor, duela bost urte arte, egiten zuten urte guziz Udaleku bat Chascomusen, baina hura desagertu zelarik, hutsune handia atzematen zuten eta gazte belaunaldi berriak etorri dira heiek umetan bizi ukan zuten hura ondokoeri ere ekartzeko asmotan. Bada lehengaia, bada nahikaria, bada engaiamendua, ardura falta dena aukera berriak ematea, laguntzea, bideratzea izan ohi da. Biba Chascomuseko gazteria!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3678. zbk

Gure Hitza | 2023/01/19

Kabalkada

Janbattitt Dirassar

Xuberoko kabalkada biziki famatua da eta aspaldian. Ihauteria gogoan, ez da ahantzi behar alabainan ihauteriari errotik lotua dela. Bazterrak azkarki harrotzen ditu nunbait han lau hilabetez segidan. Urtarriletik apirilera. Herriz-herri badabila, orotara berrogoi bat jokolari erne eta kementsu, dantzari, kantari eta musikari. Loriagarri denentzat. Ohidura ezinago ederra eta baliosa.Hor dira beltzak eta gorriak, xintxoak eta zirtzilak, Denak berotuak zoin-gehiagoka. Ikusten dira aitzindariak, ikusten ere txerrero, gatuzain, zamaltzain, kantiniertsa, laborari, kautera eta gaineratikoak! Ahantzi gabe Jauna eta Anderea beren jauntzi ederrekin. Denen bixtan, eta nola ez, ardura dena trufa eta eskernio, horra buhameak eta heiekin Pitxu pailaso harrigarria!

Goizean barrikadak, kasu ez sobera hurbil, arratsaldean ikusgarria, zernahi istorio kondatuz, zonbait izaiten ahal oraino ez behinere salatuak, holakoetan baita jendea biziki aise mintzo, nehoren ez deusen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016