Jainkoa bizia jendea | 2023ko Urtarrilaren 19a
LEIALAK... TENPLOARI ALA KRISTORI?
Peio Ospital
Bizitzera emanak zaizkigun krisialdiek, duda edo zalantza anitz sortzen baldin badute gure baitan eta gure artean, alderdi baikor bat ere badute: gure fedearen argiketa eta garbiketa batera behartzen gaituzte batzuk eta besteak. Hamalau urte du orain xuxen-xuxena "Jainkoa - Bizia - Jendea" sail huntan nere "hausnarketak" agertzen ditudala eta ez du sekula ene artikulu batek iragan aldikoak[Traditua(k) – Herria N° 3668] bezanbat erreakzio sortu. Hogeita hamar bat mezu eta dei zonbait hartu ditut, arras aldekoak, bi edo hiru ezik. Batzu pertsona ezezagunenganik. Ez da segur espantu egiterik. Horrek adierazten du bakarrik gaia zein minbera den gure artean. Badira lekukotasun zinez hunkigarriak: zenbat haustura, zenbat zauri, Jesusen maitasunezko agindua beren eguneroko bizitzan bizi nahiz Instituzioaren gogortasunari eta dogmatismoari buru egin behar (ukan) dutenen gogo-bihotzetan! "Azpikeria" guziak argitara emanak direlarik gainera...
Eskertzekoak dira ere aldizkari hunen zutabeetan beren ikusmoldea agertarazi dutenak, eztabaida haziz, aberastuz eta aitzinaraziz. Azkenik, iragan astean, Mandio. Berak bi erakaspen nagusi aurkitzen ditu ebanjelioetan: elgarrekilako enpatia egiazkoa eta geroko biziaren esperantza. Aldi berean aitortzen du beti badagola Ebanjelioaren "instrumentalizatzeko" arriskua: batzuek erabil dezakete Ebanjelioa (eta egiten dute!) eskuin muturreko ideologia gerizatzeko edo babesteko. Beste batzuentzat aldiz, zorionez, Askapenaren Teologiaren sorburua da Ebanjelioa. Eta emaiten dituen etsenpluak ikusiz, "enpatia egiazkoa" urrikalmendua deitu ginezake. Nere hitzekin, urrikalmendua definituko nuke ekintzara lehiatzen duen enpatia bezala. Hiztegi analogikoak "enpatia" definitzen du "bestearen lekuan jartzeko, senditzen duena hautemateko ahalmen intuitiboa" bezala. Hau sendimendu ohoragarria izan daiteke, baina Jesusentzat eta Ebanjelioaren ikuspegitik, ez da aski. Behar da ekintzara pasatu! Hala nola samariar bidaiaria: hiruetarik bakarra izan da zaurituaz arta hartu duena, bera paganoa izanik. Balore ebanjelikorik baldin bada, hau da: urrikalmendua.
Bere aldetik, Geneviève V. Herri Ekintza - CMReko kideak dio (Herria N° 3671) "Ebanjelioa bera dela traditua" aspalditik. Eta gehitzen du: "Boterea hartu dutenenganik tradituak senditzen gira", deitoratuz komunikabideek haueri emaiten duten lehentasuna edo esklusibotasuna. Eskertzen ditu bere ibilbide pertsonalean ezagutu dituen apezak, "Ikusi-Hausnartu-Ekin" pedagogia erabiliz, zorion bidean jarri dutenak. Eta gomitatzen gaitu guziak "prentsa etiko bat" eskaintzen duten kazetari ausartak gehiago sustengatzera.
Uste dut Ttotte Ardohain-ek eramaiten gaituela eztabaida bere funtsezko mailan planteatzera, bere artikuluaren izenburuak berak ("Traditua(k) halere leiala(k)" Herria N° 3670) sorrarazten duen galdera pausatuz, hau da: leialak... baina zeri? edo nori? Tenpluari ala Kristori? Hortan da, nere ustez, egiazko auzia. Argi dezagun hau.
Mintzairaren errestasunera lerratuz, "Tenplu" hitzaren azpian sailkatuko nuke praktika erlijioso hutsari dagokion guzia, bere erritu eta erritual izoztuekin, gaur egun hiztegi ulertezinean adierazi bere dogma eta sinesmenekin, bere apainkeria eta dentela zaharkituekin, bere antolaketa piramidal eta patriarkalarekin, jende xumearen gainean eskua atxiki beharrez mundutik bereizi Jainko bat urruna eta kontrolatzailea aurkezten segitzen duena...
Hau guziaren parean Jesus, Kristo, profeta ibiltaria, Aliantzaren Jainkoa, hurbila eta onbera, gizateriaren historian xertatzen dena aitortzen eta agertzen duena. Bertsio subertsiboa ekartzen du tenploaren ideologiari begira. Jesus ez zen apeza, eta ez zuen ez Elizarik ez erlijio-hierarkiarik sortu, ezta erlijiorik ere. Bere obsesioa Erresumaren etorrera izan zen, hau da, mundu gizatiarrago, zuzenago, haurridekorrago, solidarioago bat. Biziki kario ordaindu zuen.
Eztabaida hau guzia hitz eta molde egokiagotan presentatzen du Michel Gigand apez-langile ohiak Golias-Hebdo N° 748 astekarian "Christianisme et religion ne doivent pas être confondus" izenburu pean. Azken hitza hartzen diot: "Orduan, zer zaigu axola gaur egun? Ebanjelioaren etorkizuna ala erlisione katolikoaren etorkizuna? Ebanjelioaren etorkizuna hautatzen badugu, ez dugu elizgizonen eta hierarkien beharrik, ez apez sagaratuen beharrik, Ebanjelioaren aldeko militanteen beharrik baizik. Aldiz, erlisione katolikoa iraunaraztea, botere klerikala iraunaraztea da. Zernahi gisaz, niretzat gaur egun ez daiteke Ebanjelioa giltzarrapotzen duen sistema kleriko bat bermatu. Badakit zaila izanen dela sistema hori ezabatzea, baina zergatik galdu esperantza ebanjelio-suaz hartua denean?"