Han eta Hemen | 2023ko Urtarrilaren 26a
Euskal Herriko Laborantza Ganbararen urteko hitzordua
Joan den larunbatean, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen biltzar nagusia iragan da. Mahai nagusian Francis Poineau, Panpi Olaizola, Agnès Sallaberry, Beñat Molimos eta Daniel Barberarena bulegoko kidek urtean zehar eraman ildoak aurkeztu dituzte. Beñat Molimos ko-presidenteak, ongietorria egitean azpimarratu du elkartasunari esker EHLG bizi dela eta ildo horretarik segitu behar duela.
Urteko bilana eta norabideak
Daniel Barberarenak laborarientzat diren dosier laguntzen berri eman du, besteak beste Europako Laborantza Politika Bateratuari (PAC) buruz 300 bat dosier beteak izan dira eta udan iragan idorteari buruzko laguntza galdeak. Instalaziorako 45 dosier pausatuak izan dira, aitzineko urteari konparatuz %40aren emendatzea izan da. Agnés Sallaberryk formazio saila aipatu du, bakarka edo(ta) kolektiboki eginak direnak, etxaldeen hobetzeko eta praktika berriak plantatzeko.
Francis Poineauk tokiko garapenerako EHLGren partaidetzarekin eraman lan ildoak aurkeztu ditu, besteak beste oihan eremuetan eta mendietan eramanak izan diren gogoetak. Horietan Oztibarreko sindikatuan izan den estudioa, uraren kudeatzeko eta mendi guneen erabiltzeko, martxo huntan bururatuko dena. Azkenik 11 ikaslek unibertsitatean “laborantza agro-ekologia trantsizioa” saila segitu dute, baina Paue-Baionako unibertsitateak jakinarazi duenez sail hori geldituko du. Panpi Olaizolak kontuak aurkeztu ditu, egitura dirutza aldetik osagarri onean da.
“LIFE oreka mendian”
Guillaume Cavailles EHLGko teknikalariak “LIFE oreka mendian” proiektua aurkeztu du. Euskal mendietako biodibertsitatearen inguruko diagnostikoa da. Programa hunen helburua da “Natura 2000” guneetan mendiko larre eremuen kudeaketarako estrategia bateratua garatzea, eremuen zaintza eta mendi erabileraren arteko oreka bilatuz. Laborantza-artzaintzako aktibitateek moldatu larre, soropil eta belardi eremuak, azken 50 urte hauetan nola garatu diren aztertua izan da. Hegoaldeko HAZI fundazioarekin, EHLGak ikerketa zehatza eraman du. Mapa baten bidez, urtez-urte izan diren aldaketak erakutsiak izan dira. Euskal Herriko lurraldeko eragile sozioekonomiko desberdinen artean, mendiko artzaintza espazioak kudeatzeko estrategia osatzea xedea da. Lan horrek bazka-ekoizpenen kontrolatzea, sasien bilakaera eta artzain guneen kudeaketaren jarraipena segurta lezake (garbiketak, suteak, artzaintza...)
Laborantzarako diagnostikoa
Baigorrin etxaldeen egoera zertan den jakiteko EHLGk inkesta bat egin du. Patxi Iriart EHLGko teknikalariak laborantzarako etxaldeen bilakaera azaldu du. Diagnostika horri esker libratzen diren etxaldeetako funtsek segidarako norbait baduten edo ez jakina da. Segida badelarik nolako segida den aztertua izan da: laborari berri bat plantatzen da, auzo batek ditu lurrak hartzen edo salduak dira, kasu honetan zer balditzetan.
Agertzen da Baigorrin hamar urtez 25 gazte instalatu direla, gehienbat mahastizaintzan. Bestalde inkesta horrek erakustera emaiten du, 50 urte baino gehiago duten laborarien kopurua handia dela, segidarik gabe geldituko dena, transmisioaren galdera pausatu da.
Egin inkestak, laborantzako aktibitate desberdinak agerian uzten ditu, bi herena ardi hazkuntzan ari da, mahastizaintzak ere leku garrantzitsua du, behi esnedun eta haragidun guti dira.
Hautetsien hitza
Hautetsiak etorriak ziren, horietan herrietako auzapez batzuk, Iñaki Echaniz deputatua, Frédérique Espagnac senataria, Isabelle Pargade Euskal Elkargoko laborantza saileko presidente-ordea eta Jean-René Etchegaray elkargoko presidentea. Laborantza Ganbararekin elkarlanean hartzeko gogoa erakutsi dute. Euskal Elkargoko presidenteak Laborantzako Erakunde Publiko baten sorrera elkarrekin aurreikusia izan bazen, juridikoki egingarria den dudak agertu ditu, hobe zela elkarte baten osatzea azpimarratzen zuela. Biltzarra bururatzean Beñat Molimos-ek jakinarazi du, berrikitan EHLGk prefetarekin ukan hitzorduan, errana izan zaiela “Estatua ez da engaiatuko Paueko Chambre d’Agriculture-ren kontra”. Oraino beste borroka baten mentura.