Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2023ko Martxoaren 02a
Irulegiko Irratiaren kanpaina - Odol biltzea - Eragin fabrika
Irulegiko Irratiaren kanpaina
Irulegiko Irratiaren aldeko kanpaina gure herrian berriki hasi da. Usaian bezala gazteek dute hau egiten, eta jakinarazten daukute asteburu honetan segituko dutela etxez etxe ibiltzen, laguntza galdez.
Ikusiz gure euskal irratiek zer lan baliosa egiten duten, herrietako, auzo herrietako, Euskal Herriko eta munduan gaindiko berrien zabaltzeko eta herrietako edozein abisuen pasatzeko, euskaraz. Ez da dudarik gure laguntzaren beharra dutela eta denek ongietorri eginen diegula. Aitzinetik eskerrak.
Odol biltzea, Denen Etxean
Garai hauetan hain beharrezkoa den odola, eskas da. Biarritzeko odol zentroak jakinarazten du osagarrian diren herritarrek eta herri auzokoek Aiherrako Denen Etxean odola emaiten ahalko dutela, martxoaren 6an astelehenarekin (8:00-11:30) eta martxoaren 7an asteartearekin (15:00-19:00). Ongietorri deneri!
Eragin fabrika lantegiaren bisita
Eragin fabrika lantegia Pozuluko Xalbat Seosse herritar gazteak sortu eta kudeatzen duen lantegi berria da. "Mugan" deitu Aiherrako lan zelaian, berriki instalatua da. Edariak ekoizten ditu, hala nola fruitu jusak, sagararnoa eta garagardoa. Lantegiaren bisitatzeaz interesatuak diren herritarrentzat, hitzordua martxoaren 11n (11:00) emaiten dauku, larunbat goizarekin. Ongietorri deneri!











