Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Martxoaren 02a
Jaun mera berria - Zaldubi Ikastolan ate idekitzeak - "The Six Toys" eta Albosax - Herri-Urrats bertsu saioa -Mintzaldia
Jaun mera berria
Bernard Elhorgaren zerrendak "Agir pour St Pée" herriko hauteskundeak irabazi ditu 1.333 bozekin, Christophe Jaureguyren"Hats Berri" listak 1.233 boz, Dominique Idiart-en "Elgarrekin Senpererentzat" zerrendak 886 boz. Ororen buru, irabaztunek 21 hautetsi ukanen dituzte, Hats Berrik 5 hautetsi eta Elgarrekin Senpererentzat 3 hautetsi. Ostiral arratsean iragarria da herriko kontseilua, postuen banaketa aurkeztua izanen da.
Zaldubi Ikastolan ate idekitzeak
Martxoaren 4an, larunbat goizarekin (10:00-12:00) iraganen dira urtero egiten diren "Ate idekiak", Seaskaren ekimenez. Murgiltze sistemak aspaldi bere probak eginak ditu eta beste eskola elebidunek ere oinarritzat hartzen dute. Garrantzitsuena da, euskara ongi ikastea eta segurki ikastolatik kanpo erabiltzea. Harrera ona ukanen duzue, galdera gehieneri erakasleek erantzuna ekarriko dizue, gelen bisitatzea beharrezkoa izanen da.
Bertzalde, ikastola edo aisialdi zentroaren handitzeari buruz, jadanik Herriko-Etxeak eraikitze baimena pausatua du.
"The Six Toys" eta Albosax
Herriko-Etxeak antolaturik, martxoaren 4an (21:00), Larrekon, bi kontzertu gaitzak eskainiak dira. Lehen partean The Six Toys Senpereko taldea hasiko da. Sei musikarik, rock errepertorioko kantuak emanen dituzte, jadanik herriko tabernetan egina duten bezala. Hauen ondotik, Albosax, lau albokari, lau saxofoilari, erritmiko sekzio baten ezohiko ezkontza bat da. Euskal musika mailan musikari ongi ezagunak dira, bereziki Mixel Ducau ekimen honen sortzailea. Erreserbak 20 eurotan, Euskal-Herriko turismo bulegoetan, lekuan bertan, 3 orduko iraupenaz gozatzeko parada.
Herri-Urrats bertsu saioa
Martxoaren 5ean (16:00), Larreko antzokian, azkeneko txapelketa nagusiko zortzi finalisten ikus-entzuteko aukera eskainia zauku."Hitzetik urratsera" aurtengo izenburua nabarituko dutenak: Maialen Lujanbio, Amets Arzalluz, Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Sustrai Colina izanen dira. Bertsulariek sortzen duten ikusmina garatuz doa, nola hutsegin litaike holako ikusgarria, Herri-Urratsen mesedetan. Prezioa 12€, 6€ 12 urtez petik. Erreserbak: Elkar dendan Baionan, Gantxiki trinketean eta Sarako Pleka trinketean edo www.herriurrats.eus.
Mlle Laure kontzertuan
Larreko antzokian, martxoaren 8an (19:30), kantariak musikaren bidez, bere arazo psikikoak itxuratzen ditu, artista baten erokeriak kondatzen ditu, amodio anitzekin, baita esperantza eta bizipoza. Herriko-Etxearen ekimenez, erreserbak 10€, murriztuak 6€, Euskal Herriko turismo bulegoetan eta lekuan bertan.
Mintzaldia Inharrian asteazkenean
Baigorri ibarrean eta Nafarroako mugako haranetan, aspalditik izan dira meategi eta metalurgiako aktibitateak. Kobrea, batzuetan zilarrarekin eta burdinarekin lotuak, aztarnak utzi ditu bereziki XVIII. eta XIX. mendeetan, labe eta fabriken bidez. Gilles Parent, arkeologian adituak, hau guzien historia aurkeztuko dauku, Inharria etxaldean, martxoaren 8an (19:00). Dohainik proposatua da, ez hutsegin, ahal bada antolatzaile elkarteari seinalatu: www.cultureetpatrimoinesenpere.fr.
Dolu
Joan den astean iragan da Pierre Caminoren ehorzketako meza, kartsutasunean ongi kantatua, Oldarra taldearen laguntzarekin, aurreskua ere eskainia izan zaio. 89 urterekin utzi ditu penetan Françoise emaztea, lau seme-alabak eta familia ederra. Arnegi Argaraitik Senpere artean ibilbide aberatsa eraman du eta euskaldun-fededun hunek, alabainan familia muntaturik bere kantari eta animatzaile talentuak bertzen zerbitzurako eman ditu.
Bertzalde, Pipine Berrouet, sortzez Larzabal, 89 urterekin pausatu da, Isidore bere senar zenarekin bost alaben familia ederra hazi dute.
Heriotze hauek hunkitzen duten familia eta adiskideeri dolumin beroenak.











