Egun eta bihar | 2023ko Urtarrilaren 26a
Eta orain?
J-B D
Joan den ortzeguna arras berezia eta nahasia izan da Frantzia guzian. Nehor ez bide da hortaz biziki harritu. Sindikatu guziek, edo kasik denek, deia luzaturik manifestaldiak izaiteko nunahi, erretreta solas gobernuak agertu xedeak ezin onartuz. Berrehun bat manifestaldi izan dira orotara, eta zernahi jende bildu da, leku frangotan euriak euri edo(ta) gaitzeko haize hotzarekin. Denetara, zonbat jendek parte hartu duten, hori, beti bezala funtsean, neke da xuxen jakitea. Gobernuaren alde edo kontra, arrunt xifre desberdinak atera baitituzte! CGT langile sindikatuaren arabera, bi miliun nunbait han. Barne-ministroaren gustuko miliun bat baino gehixago. Bainan miliun bat ere anitz da, bestenaz ere holako aro hitsarekin.
Sindikatuak harro beraz, luzatua zuten deia ederki entzuna izan dela. Bainan zeri buruz ari ote gira? Emmanuel Macron lehendakaria Bartzelonan zen egun hortan eta hauxe erran du bakarrik: aditu dituela segur jende askoren arrangurak bainan joan den udaberrian, Macron hautetsiz preseski, jendeak onartuak dituela orduan agertu zituen xedeak, bide beretik behar dela beraz segitu, nihundik ere ez dela beste bide bati lotzeko arrazoirik!
Macron bere hartan, gobernuak ere hala iduri, ministro zonbait mintzo badira ere giro lasaiago baten alde. Sindikatuak beren aldetik beti berdin tematsu, urrun gira naski, biziki urrun, hautsi-mautsizerbaiterat heltzetik. Solasa da beste manifestaldi handi zonbait izanen direla ondoko egunetan, hala nola urtarrilaren 31n. Anartean, joan den larunbatean jadanik, intsumitu gazteak ibili dira, gaitzeko andana, Pariseko karriketan.