Mundu zabalean | 2023ko Martxoaren 02a
Emazteak borrokan, bizia lanjerrean ezarriz
M.O.
Martxoaren 8an Emazteen Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Munduan zehar diren gerla eta gatazken ondorioak gehienetan emazteek dituzte pairatzen. Lurralde batzuetan beren bizia arriskuan ezarriz, beren eskubideak urratuak direlako.
Afganistan, Saudi Arabia... eta Iran
Afganistan, Saudi Arabia eta Iran bezalako lurraldeetan emazteen jazarpenak bultzatu ahal lezake epe luzeagoan "udaberri feminista" bat? Galdera hori pausatua da, ikusiz azken denbora hauetan estatu totalitarioen parean emazteek eramaiten duten borroka, errepresio handia jasaiten dutela.
Mundu arabiarrean, hamarkadetan mugimendu feministak biziki aktiboak izan dira.
Gizon eta emazteen arteko desberdintasuna onartzen duen islamismoa eta islam estatuaren kontrako sinboloa bilakatua da buruzapiaren erretzea. Emazte heroiko hauek eramaiten duten borroka, nazioartean protesta indartsu baten abiapuntua izan daiteke.
Mugimendu horiek emazteek jasaiten dituzten bortizkerien eta injustizien ondorioak dira, ezkontza behartuak, hezkuntza debekatua, bortxaketak... eta torturak.
Mahsa Aminiren erailtzeak Iranen eta haratago mundu osoan, ihardukitzeak sortu ditu. Salatua da "buruzapiaren bidez sakralizatu patriarkatua". Buruzapiaren ekartzearen kontrako iraultza Iranen ez da ahultzen. Emazteek beren buruzapiak errez, aldarrikatzen dute ez direla Errepublika Islamikoaren beldur. Borroka horretan Iraneko emazteen ausardia ikaragarria da. Mugimendu guzien bultzatzeko eredua bilakatua da, demokrazia eta berdintasun oinarri sendo batean.
Afganistaneko emazteak talibanen erregimen beldurgarriaren pean bizi dira. Emazte afganiarrek ahal duten moldean manifestatzen dute, beren etxeetan zerratuak, ateratzen direnean poliziaren errepresioaren beldurrean bizi dira. Eguneroko aktibitate gehienak emazte afganiarrek debekatuak dituzte, ikasketak egin arte, tortura kasuak ere salatuak dira. Emazteek abaya soineko beltz luzea gorputz osoa estaltzen duena jantzi behar dute.
Saudi Arabian emazte bakoitzak, kanpoan ateratzeko gizon "tutore" bat ukan behar du: bere aita, senarra ala anaia. Tutoreak eskubide osoa du emaztearentzat erabaki garrantzitsuak hartzeko. Emazteek bidaiatzeko, unibertsitatean ibiltzeko ala lan egiteko gizonaren baimena beharrezkoa du. Hiru herri hauetaz gain, Yemen, Sudan, Siria... eta Burkina Faso bezalako lurraldeetan ere gisa bereko errepresioa emazteek jasan behar dute. Gaur egungo gatazketan hiltzen diren zibilen kopurua %90 ingurukoa dela kalkulatzen da, gehienak emazteak eta haurrak dira.
Emazteen bertutea
Gatazka egoeretan populazioari eskaintzen zaizkion funtsezko zerbitzuak ez direnean, eragin neurrigabea izan dezake, bereziki emazteetan eta nesketan.
Nahasmen eta suntsipen garai hauetan, borrokatzeko mirespena agintzen duen ausardiak, emazteak bestalde beren familiaz arduratzen dira. Egoera horretan bizi direla, emazteak ez dira bakarrik gerlaren biktima gisa ikusi behar. Ber mementoan, beren familien biziraupena segurtatzeko funtsezko ardurak hartzen dituzte. Emazteek gerla garaian engaiatzen dira, besteak beste, osasun sailean eta bakearen defentsarako mugimenduetan.
Aldiz ez dute parte hartzen ahal gerlarekin eta bakearekin zerikusia duten bake negoziazio formaletan eta erabakietan, baztertuak direlako. Ondorioz azpimarratu behar da malerusik bake negoziazioetatik kanpo gelditzen direla.
Giza eskubideak... emazteen eskubideak
Nazioarteko herri batzuk ikusiz munduan zehar gerlen ondorioz, emazteen egoera hobetu behar dela, programa batzuk plantan jarri dituzte. Emazteen kontrako indarkeria geldiarazteko adierazpen eta hitzarmenak adostuak izan dira. Nazio Batuen biltzar nagusiak 1979ko abenduaren 18an, emazteen kontrako diskriminazio mota guziak geldiarazteko, hitzarmena onartu zuen. Nazioarteko ituna 1981eko irailaren 3an indarrean sartu zen, 20 herrialdek adostu ondoan.
Giza Eskubideen Nazioarteko Ituneko estatuek, gizonen eta emazteen eskubideen berdintasuna bermatzeko behartuak dira, izan alor politikoan, ekonomikoan, sozialean edo kulturalean.
Irakurtzen ahal da: "Kontsideratuz emazteak berdintasunean, segurtasunean, askatasunean eta duintasunean gizonaren eskubide berdinak ukan behar dituela, premiazkoa da printzipio horiek plantan jarriak izan daitezen". Nazio Batuen Hitzarmenean agertzen bada emazteeri buruzko diskriminazio mota guziak ez direla onartuak, ez da horretarako herrialde batzuetan emazteen egoera hobea dela, ez eta beste estatuenganik lagunduak direla.
Gobernuz Kanpoko Erakunde anitzek gatazkak diren eskualdeetan misioak egiten dituzte. Laguntza eta sustengua ekartzeaz gain, emazteek bizi duten egoeraren bozeramaileak dira.
Jendarte bat ez da aitzinatzen ahal populazio erdia baztertua delarik, anitz lekutan malerusik ez da horrela, emazteak baztertuak eta erasotuak baitira. Martxoaren 8an emazte horien egoeraz hitzegiteko parada ona da.











