Gure Hitza | 2023ko Martxoaren 16a

Agur bat udaberriari

Janbattitt Dirassar

Eta bai, udaberrian sartzera goaz. Legez-lege astelehenean hasiko da alabainan, martxoak 20 eta iraunen du ekainaren 21a arte.

Askok berantetsia dukete orobat. Nahiz badiren negua ere biziki maite dutenak, besteak beste elur tokietara usu joaiten diren horiek, toki horietan dela egiazko paradisua! Edo berdin neguan direlakoz Eguberri eta Urtats, bi egun zinez arraroak! Familietan edo(ta) lagunekin handizki preziatzen direnak.

Dena den, egunak polliki luzatuak eta aitzina luzatzen ari, iguzkia gero eta azkarrago, kasu haatik martxokoari, buruko minak aise emaiten omen ditu- bazterrak egunetik egunera gehiago pizten ari, hori da hori udaberria! Pazko ekartzen duen sasoina! Agurtu dezagun beraz, agurtu ahal bezen kartsuki. Agurtuz ere agertzen hasiak diren loreak, gero eta gehiago agertuko ondoko astetan, dena kolore pollit beti bezala.

Udaberria gogoan, goazen zanpa-zanpa aitzina, ihauteria ere gibelean utzirik naski, nahiz ez dakigun gehiago noiz hasten den ez eta noiz bururatzen! Bainan ba ote du ere funtsean hasterik eta bururatzerik? Aldi bat baino gehiago arras gogoetatuak egonak gira auzi hori ezin xurituz!

Gisa guziz, ez da haratik ez hunatik, laborariek beste nehork baino hobeki ikusten dute kenka huntan gauzak nola kanbiatzen diren! Mahastiak aitzurtu behar eta biziki ederrak baditugu, Irulegin eta hor gaindi. Laster jinen ere, hilabeteño bat goiti beheiti, artoen ereiteko egunak.

Hitzordu aipagarri asko eta asko prestatu behar bestalde, gure udaberria airoski beztitzen dutenak. Mota guzietarik! Aberri Eguna bixtan da, gure nortasunari zoin atxikiak gauden erakusteagatik.Denek mugitu behar euskaldungoaren alde eta beraz, ez da dudarik, euskararen alde! Urrunago joan gabe preseski, gogoan har hor ukanen dugula Herri-Urrats, Senpereko aintziraren inguruan, elgarretaratze maixu batekin, Seaska laguntzeagatik, eta beraz gure ikastolak. Adiskide batek galdera hau zuen gogoan berrikitan, ostatu xoko batean mintzo-eta bere lagun multxo batekin, zertan ote gintazkeen gaur egun ikastolarik ez baginu gure Iparralde maite huntan! Bai, horra galde bat argia eta sanoa, ikastolak ez balire hor zertan ote gintazkeen?

Beste hitzordu frango ere gogoan atxiki behar. Sarako Biltzarra, idazleak bilduz giro sano eta goresgarri batean! Muslarien xapelketa nagusia eta lehiaketa horrek ere badu arrakasta handia! Xingar feria Baionan, Erdi-Arokotzat hor ginuena eta beti suharki doana aitzina!

Xingarraren aldean beste ekoizpen askori toki pollit bat eginez. Ahantzi gabe Nafarroaren Eguna Baigorrin, munta handikoa hau ere! Herriko bestak ere prestatu behar, han eta hemen, beti errotik herrikoiak izanen direlako griña handi batekin. Eta ikusgarri asko ere ba, gure kultura nasaiaren lekuko!

Aurtengo udaberrian ez dugu ere ahantzi beharko Jean Haritschelhar euskaltzainburu zenak, luzaz Baionako euskal erakustegiaren buru egon zenak, Herria astekari huntan ere urteak eta urteak kudeatzaile suhar eta idazle balios izan zenak, maiatzaren 13an beteko zituela ehun urte. Mendeburu aipagarria zinez, eta hori Euskal-Herria eta euskara maite dituzten guzientzat.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3686. zbk

Azalekoa | 2023/03/16

Ezti Etxearen biltzar nagusia

M.O.

Ezti%20Etxearen%20biltzar%20nagusia

Ezti Etxea Makean kokatua den erlezainen kolektiboak, biltzar nagusia egin berri du. Erlezaintzan tokiko eta garapen iraunkorra laguntzeko proiektua da. Proiektu berritzailea da, erlezain afizionatu eta profesional guzieri idekia, hauen zerbitzurako tresnak bateratuak dira.

Aroaren ondorioak

Biltzar nagusi hastapenean Eric Kammenthaler eta Alain Goutenegre, elkarteko bi ko-presidenteek, erlezaintza sailean 2022ko urtea nola iragan den azaldu dute. Urte klimatikoa biziki lehorra izanez, tenperatura gorekin, eztiarentzat desegokia izan da. Jaz ere otsailean euri guti egin zuela oroitarazi dute, ezti produkzioaren %40 gutiagorekin, gainera primadera hastapeneko horma handiek akazia lilietan kalte handia eragin zuen. Erleak ez dira biziki atera, batez ere martxo-apirilean ipar haizearengatik. Udako idorteak eta tenperatura handiek ez dute egoera hobetu.

Oihanzainek konstatazio berdina egin dute, zuhaitzen eta zuhaixken hilkortasun handia, lurpeko ur maila metro batez beherago zela errana izan da.

Eztia beste urteetan baino usuago bildua izan da. Mendian idortea biziki fite etorri delakoz, zenbaitzuk erlategiak lehenago jautsi dituzte, beste batzuk usaian baino erlauntza gutiagoren mugitzearen hautua egin zuten.

Bos...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016