Herriz Herri - Garrüze (NB) | 2023ko Martxoaren 16a
Maddi Detchart joan zauku!
Duela hiru aste, Garruzen bizi zen Maddi Detchart pausatu da. Irisarri Herriestan sortu zen duela 76 urte eta Garruzen egin du bere bizia, Jean-Denis lagunarekin. Hiru haurren ama zen. Lanaren aldetik, erizain izan da eta ondotik haur artatzaile Departamenduan.
Bere bizi aberatsean nola ez aipa bere engaiamendua nekezian diren jendeeri buruz! Duela 18 urte, hogeita hamar bat laguntzaileekin Amikuzen Bihotzeko Ostatua muntatu zuten. Bazekien jendeen behatzen eta behar den enpatia ukaiten. Jendarte oneko harremana zaintzen zuen. Laguntzaileek preziatzen zuten urteko bilketa egunean, Maddik preparatzen zeien xingar eta arroltzeak.
Ehorzketa egunean, Garruzeko eliza ttipiegi zen familia eta lagunentzat, hain ziren nonbrean etorriak. Huna hemen, bihotzeko ostatuan laguntzaile den André Casetek elizan eman duen lekukotasuna.
“Lekukotasun asko erranik izan dira, nahi nuke halere erran zonbat maite zinuen Euskal Herria, euskal kultura eta hizkuntza. Maite zinuen ere kantua eta kantuz artzea, funtsean zonbait urtez arizan gira Behauzeko “Kantuka” taldean. Maddi, fede handikoa zinen, Lurdako beila buruilean zerbait zen zuretako. Beti xaharren eta ezinduen ondoan, ele goxo bat deneri. Nahi ukan dugu bertsu zonbait zuri eskaini. Frantxoak idatzi ditu zuretzat. Agian goxatuko dituzu zeru gain hortarik.
Gure Maddi joan da nork hori sinetsi
Familia penetan senarra haurreki
Hain maite arrahaurra, ez da hor amatxi
Nola segi bizia etxea husturik
Bihotzek’ostatua bigarren egoitza
Behardunak harentzat, lehen arrangura
Haren bizi guzia bestentzat emana
Laguntzaileentzat ere biderakuslea
Zure ofizioa jendeen laguntzeko
Amikuze aldea duzu hautatuko
Garruzeko herrian zira kokatuko
Familia eder ba zuk hor altxatuko
Etzunuke ez nahi sobera nigarrik
Zure lana ez beita oso urrenturik
Talde osoa hor da ongi moldaturik
Gogo bihotzak aska ez ukan beldurrik
Zeruko Ama ona zaitu errezebitzen
Orai pausu goxo bat beituzu kausitzen
Hain maite dituzunak nolaz ere zaintzen
Gu ere zu gogoa amets lo egiten (2)
Frantxoa Caset