Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Apirilaren 20a

Ikastolaren Ibilaldia - Ekitaldi ugari - Bildotsaren Eguna - Paella salgai

Ikastolaren%20Ibilaldia%20-%20Ekitaldi%20ugari%20-%20Bildotsaren%20Eguna%20-%20Paella%20salgai

Ikastolaren Ibilaldia apirilaren 23an

Zaldubi Ikastolak, udaberriko aroa baliatuz, antolatzen du usaiako ibilaldia igande goizarekin. Kirol zelaitik, betiko ibilbideak proposatuak dira, mendiko bizikletendako (30km edo 20km) abiatzea 8:00tan. Oinezkoendako aldiz, hasiera 8:30tan (8km edo 15km). Giro ezin hobean iragaiten da, belaunaldiak nahasiz, lehiaketa baztertuz, bakoitza bere erritmoan. Mementorik zaporetsuena gelditzen da eguerditako zintzur-bustitzea, baita axoarekin egin apairua, xapito pean. Gorputzaren nekeak merezi du gozamena, ez huts egin.

Ekitaldi ugari

Hamabost egunez, apirilaren 1etik 16ra, sekulako ekimenak proposatuak ziren "Kultur Topaketen Garaian" izenburuarekin, Herriko-Etxeak antolaturik. Ez ditugu denak zerrendatuko, kasik egunero ekitaldi berezia aurkeztua zelakoan, tailerrak, dantza, kantu, antzerki, margo eta argazki erakusketa eta abar. Bilduma laster batez, publikoaren parte hartzearen aldetik denetarik izan da, beti bezala ekitaldi jendetsuak alde batetik eta bertzetik gutixago. Joan den asteburua gailurraren idurikoa bilakatu da, ostiralean Arnaud Demanche umoristak gaitzeko ikustaldia proposatu du. Larunbat goizean, Country dantzariek ezin hobeki animatu dute Herriko-Etxeko plaza, ikusle anitz bildurik. Arratsean aldiz Larreko kulturgunea leporaino betea zen "So Egin" ikusgarria deskubritzeko, Zarena Zarelako taldeak aurkezturik, ikusleak harriturik gelditu dira, gutariko dantzari xumeek zer koreografiak azaldu dituzten, Lazkano ama-alabek zuzendurik. Hunen ondoko kontzertuak lorietan ezarri ditu parte hartzaile guziak, Andoni Oilokiegik sekulako errezitala eskaini du, bere boz miresgarriarekin. Igande goizean, mutxikoek hamabostaldi kulturala bururatu dute, Larrekoko atarian. Ororen buru, parada polita eskainia zen eta gehienetan urririk, xedea zelarik kulturari herritarrak hurbil daitezen, baita ere Larreko kulturgunea hobeki ezagutu dezaten.

Bildotsaren Eguna

Hitz batez oroitarazteko, maiatzaren 7an iragarria dela, bazkariko erreserbak larunbat goizetan apirilaren 29a arte, Merkatu plazan. Etxean egin koka edo bildots-pintxoen lehiaketa (8 pintxo) iraganen da (9:30-11:00), izen-emaiterik gabe.

Paella salgai

Eskubaloiko sekzioak antolatzen du paella salmenta, apirilaren 30ean (10:00-13:00), Larrekoko atarian, parte bakoitza 10€tan. "Tonton" senpertar sukaldari famatuak bere talendu guzia emaiten du apairu goxo hunen eskaintzeko, ez aspaldi frogaturik aukera polita duzue bazkaria prest-presta etxera eramaiteko, familian gozatzeko. Tokiko ekoizpenekin egina, hala nola Intermarché, l'Aile ou la Cuisse eta Otano arraintegikoekin, erreserbak hilaren 23ko, sms moduan: 06-71-60-09-48.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3686. zbk

Gure Hitza | 2023/04/20

Hizkuntzarik gabe Euskal Herririk ez!

Menane Oxandabaratz

Sortu girenetik, edozein izan bakoitzaren hizkuntza, musika soinu bat entzuten den bezala, gure beharrietan sartu da. Entzun dugun lehen soinu hori, gutarik batzuentzat euskara izan da. Hizkuntzaren erabilera sustraitua da pertsona bakoitzaren sortzean, kulturan eta izaeran. Komunikatzeko tresna baldin bada, beste hainbat funtzio betetzen ditu. Mintzatzen den lengoaiak komunitate batean identifikatzen gaitu, populazio multzo bat bateratzen du, kultura berekoak gira.

Larunbat huntan aldi bat gehiago Baionako karriketan ibiliko gira. Euskara sailean lan egiten duten elkarteek elkarretaratze deia zabaldua dute. Aldarrikatuko dena, gure mintzaira ezagutua eta garatua izan dadin, behar diren neurriak ezarriak izan daitezen. Diru-laguntzak beharrezkoak dira, sail horretan lan egiten dutenek baliabideak ukan ditzaten.

Azken inkesta soziolinguistikoak erakustera emaiten duen bezala, gure hizkuntza salbatua izan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016