Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Apirilaren 20a
Kontseiluko biltzarra - Trantsizioaren astea - Biltzar nagusia
Kontseiluko biltzarra
Aitzineko ortzegunean iragan da. Diotenaz azkena Landagoieneko gelan, iduriz gero Lapurdi zentro berritura pasatuko baita. Huna aho batez onartu gaiak:
- Bruno Cendres-en izendatzea CCAS-eko zuzendaritzan, C. Sevilla-ren ordez.
- Gazte informazioaren labelizazioa.
- Hirigintzan Leihorrondon argi publikoen mantentze egitaraua eta herriaren diruztatze parte hartzearen onarpenak.
- Oyarçabal eta Duhalde jabeen funtsetan bide zor bat sortzea, euriko uren biltzeko eta bideratzeko.
- Jamotenea gunean karrika pribatua, ''Migeleneko karrika'' izendatzea.
- Aldi baterako jarduera emendioan lanpostu baten sortzea.
- Eskola bizi, gazteri eta kiroletan lanpostu baten sortzea eta gradutan altxatzea.
- Hirigintzarako eta baliabideentzat lanpostu baten sortzea.
- Sozial babesean eta behar orduetako kutxan parte hartzea.
- 2022-2023 ikasturteko Bixintxo eskolaren eta ikastolaren kontratuak.
- Herriko aitzinkontu nagusian zerga biltzailearen kudeaketaren onarpena.
- 2022an ehorzketeri dagozkien aitzinkontu gehigarriaren onarpena.
- CCAS zerbitzuentzat 2023ko diru laguntza.
- 2023ko aitzinkontu gehigarria ehorzketa sailean.
- Bizikleta elektrikoen erosleri diru-laguntza emaitea (2 oraikoan).
Halere biltzarraren parte nagusia izan da diru solas eta aitzinkontuen bozkatzea. Iragan urteko obren sartze eta gastuak Marie-France Semerena diruzain axuantak xeheki agertu ditu. Halere beti bezala (beha ginauden) eztabaidak ezinago luzeak izan dira. Azkenean ondoko gaiak onartuak izan dira gehiengoan. Huna zoin:
- 2022ko aitzinkontuan emaitzen esleitzea (4 kontra).
- Altxortegi lerroaren emendatze eta gauzatze muga aldatzea (4 abstentzio).
- 2023ko lehen aitzinkontuan ibilmoldearentzat 7.188.652 euro sartze eta gastu pentsatua da eta inbertsioetan 5.025.917 euro (7 kontra).
- 2023ko tokiko zergen tasa finkatzea (7 kontra).
Hurrengo biltzarra ekainaren 9an.
Trantsizioaren astea
Energetiko eta ekologiko trantsizioaren astea apirilaren 1ean bukatu zen Errobi bazterrean egin zen zabor bilketa handiarekin. Erran daiteke ez dela alferretan egin lana izan. Ez zuten baitezpada aroa alde hortarako, bainan 50 bat lagun aritu dira erreka bazter garbitzen, AAPPMA eta biperren ekoizleen elkarteak lagun, plastika ondarkin eta zaborrak bilduz. Aste horren egitarauan martxoaren 28an egin bilkuraren ondotik, jende askok hitzorduak hartu zituzten beren etxetan panel fotovoltaikoak emaiteko. Helburu horri buruz I-Ener erakundeak beste biltzar bat antolatzen du, apirilaren 25ean, Herriko Etxean.
Biltzar nagusia
Urtero zor duten bezala, Etxehasia auzo batzordeak bere biltzar nagusia egin du, joan den ortzirale arratsaldean, Haitzekobordan. Auzapeza barkatua, Eric Mailharancin axuantak eta Marie-France Doyhenart hautetsiak biltzar nagusia gidatu dute. Christian Pierragnolo lehendakariak asko gai aipatu ditu, horietan lehenik Txik Txak autobusaren auzo horretaraino heltzea, zorigaitzez ez dena nahi luketen bezainbat hartua biztanleenganik (tenoreak ez egokiak edo beste arrazoia?). Auzo horrek galdeginik petanka jokoan aritzeko tokia bada moldatua jendeen plazerarentzat. Ez baita hasieran asmatu tokian egina, horrek ez du egiten aldean den laborari gazte baten plazera. Kexu ibili da ondoan baititu behi eta miga gazte batzu, jendea ikusiz eta arrabotsekin aisexko asaldatzen direnak, ez luke nahi istripurik gerta dadin. Kexu ere zabilan ardiak baititu ondoko lur horietan eta sobera librean dabiltzan zakur batzuk funditu baitazko ardi zonbait. Herrizaintzari seinalatuagatik, hautetsiek ihardetsi diote ''zakurrak estekan atxik'' panelak manatuak direla, bainan ez dira oraino lekuan emanak. Oihan bazter hortan ere aurkitu dituzte asko plastikozko ondarkin eta ere droga hartzeko xiringak botatuak. Salatu ere dute autoen abiadura handiegiak. Toki hori 30etan mugatu berria da, bainan berrikitan auto bat 104 orenean kontrolatua izan da. Nola deitu daiteke hori? Ezazolkeria, errespetu eskasa edo... Salatu ere da etxegune batzuetarik euriko urak noranahi doatzinak kontrolarik gabe. Bolagaina guneko biztanle bat arranguratu da edateko eta etxeko urak duen indar eskasaz eta nolaz gaizki heltzen zieten. Zergatik? Auzo hortan kezka mamitsuak asko badira argitzeko eta zuzentzeko. Azkenik aitzinkontu parte hartzaile proiektuetan galdegin dute baratze partekatu baten sortzea lur zati batean. Hautatua izanen ote da? Uda hortan jakinen.





