Ba ote dakixu? | 2023ko Apirilaren 20a
Ramses II.a (3/3)
Gilen Bacho
Hititen errege eta erreginarekin egun ezagutzen ditugun gutun harremanek (joan den astean aipatuak) Ramses II.az beste itxura bat ematen daukute, gizon baten itxura. Usaian, Ramses II.a faraoi guziahaldun baten sinbolo bezala ikusia da, jainko baten pareko. Egia, bere erregealdi denbora osoan, erresumaren leku guzietan, Ramsesek dena egin zuela irudi hori eraikitzeko.
Errege eraikitzailea
Pi-Ramses-etik Abu Sinbel-era, Ramsesek propaganda handia eraman zuen bere fama hedatzeko. Propaganda horren tresnak monumentuak ziren. Nubiako urreari esker, iparraldetik hegoaldera, Ramsesek Nilo ibarraren luzera harrigarriko tenpluak eraiki zituen bai eta estatuak ehunka eta ehunka, gehienak haren itxura ospatzeko, gigantismoarentzat gustu handi batekin. Adibidez, Ramesseum tenplua, Tebako nekropolian dagoen gaitzeko hilobia, ibaiaren ezker bazterrean. Edo, beste bazterrean, Tebako zentroan, Amonen tenpluaren handitzea (Amenhotep III.aren denboran eraikia izan zena), aitzin-korrale batekin eta 65 metroko zabalera duen zutabe batekin (sartzeko atea), bai eta ere bi obeliskorekin (bat gaur Parisen dena, Konkordia plazan). Eta, nola ez aipa Ramsesen erregealdiko goi-obrak, Abu Sinbeleko tenpluak. Erresumako hegoan eraikiak, Nubian, hareharri labarretan zilatuak, Nilo ibaiaren bazterrean (1960ko hamarkadan moztuak eta lekuz aldatuak izan ziren, Nasser lakua "sortu" zelarik). Tenplu bat faraoiari dedikatua zen eta bigarrena Nefertari "errege esposa handiari" (1249an pausatu zena). Nefertari Ramsesen biziko maitasuna izan zen baina halere tenplu ttipiena ukan zuen! Tenplu handian, Ramsesi dedikatua, Ramsesen 20 metroko lau ikaragarriko estatua eraikiak izan ziren (eta egun oraino hain ederki agertzen direnak!).
Jainkoen pareko
Tenplua Amon, Ra eta Ptah jainkoeri dedikatua zen baina ere Ramsesi, jainkoen pareko ezarririk. Qadesheko batailaren ilustrazio anitz agertzen dira tenpluan, Ramses jeneral eta gerlari handi bezala erakusteko, jainkoek babesten zutena, bataila zelaietaraino. Tenplu ttipian, sei estatu ikaragarriak eraikiak izan ziren, hiruk Nefertari irudikatzen zuten eta beste hiruk Ramses. Nefertari Hathor jainkoaren aurpegiarekin irudikatua izan zen. Nefertari eta Ramses jainkoen pareko irudikatuak izan ziren. Egia da ere, Ramses, beste faraoi zenbait bezala, usurpatore baten gisa kontsideratua izan daitekeela, zenbait aldiz bere aitzinekoen eraikitzeetan (Teban, Karnaken, Luxor-en) bere izena (kartuxa) ezarri baitzuen. Niloko deltaren ekialdean, Ramsesek hiriburu berri bat sortu zuen, Pi-Ramses ("Ramsesen etxea"). Ez zen ustekabeko hautu bat. Ramsesen aitak, Sethi I.ak, toki horretan palazio bat eraiki zuen. Ramsesek palazio hori handitu eta edertu zuen. Gainera, militar operazioetatik (Hititen kontra) eta Ekialde Hurbileko gune estrategikotik hurbilago zen. Azkenik, Tebatik eta oraindik indartsu zen Amonen apezeriatik urrunago zen. Hiriburu berriak 300.000 biztanle errezebitzen ahal zituen. Lau tenplu eraikiak izan ziren, lau jainkoentzat (Ra, Amon, Seth, Ptah), lau puntu kardinaletan, eta zentroan erregeen palazioa bazen, faraoiaren kultuari dedikatua. Ramses oraino jainkoen pareko kontsideratua zen. Adina hartuz, faraoiaren kultua gero eta azkarragoa bilakatu zen. Ramses 1213an pausatu zen, 91 urterekin, ohiz kanpoko adinean epoka horretako (bizi esperantza 30 urte ingurukoa zen!). 66 urteko erregealdi luze hori bere leiendaren eraikitzeko erabili zuen eta ikusiz 3000 urte berantago Ramsesen izena beti gure izpirituan dela, helburua kausitu zuen!





