Hegoaldean | 2023ko Apirilaren 20a
"Galdakao Oroimena" web orria eztabaida iturri
M.V.
Galdakaoko herriak badu "Galdakao Oroimena" izeneko web orria, giza eskubide ororen urraketak agerian uzteko xedez sortua izan dena, Aranzadi elkartearen ekarpenari esker. Gisa bereko webguneak badira ere Erandion, Hernanin eta Tolosan, bertzeak bertze.
Galdakaoko PSE-EEk Udal taldeari galdegin dio delako web orritik ETAko bi kideren izenak eta irudiak kentzea, biktima gisa ekarriak direlakoan. "Giza eskubideen urraketa larriak jaso dituzten pertsona gisa hartu dituzte", salatu dute sozialistek.
Victor Trimiño PSE-EEko zinegotziak azaldu du auzapezari, webgunea sortu zuen Aranzadi elkarteari eta gainerako alderdiei idatzi zietela, ETAko kide Xabier Garcia Gaztelu eta Jon Bienzobasen izenak ezaba zitzatela galdeginez, "hiltzaile izateagatik zigortu zituztelako".
PSE-EEk egin salaketari juntatu zaio EAJ, eta bi alderdiek legez besteko proposamena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Honetan Galdakoako auzapeza den Iñigo Hernandori (EH Bildu) galdegiten diote bi ETA kideak biktimen zerrendatik ken ditzala.
Aranzadi elkarteko arduradunek, ordea, ihardetsi dute Garcia Gaztelu eta Bienzolas ez direla ageri giza eskubideen urraketen biktima bezala, baizik eta motibazio politikoko bertze sufrimendu batzuk jasan dituztenen artean, aipatutako sufrimendua delarik presoen sakabanaketa eta salbuespeneko kartzela legedia.











