Jainkoa bizia jendea | 2023ko Martxoaren 16a

Eliza eta Estatua

Jean-Louis Davant

Peiok azken aldian oroitarazi digu klerikalismoak Eliza katolikoari barnetik zer kaltea egiten dion, buruzagiei heinik gabeko boterea emanez giristino arrunten gain. Ene aldetik aipatuko dizuet Elizak kanpotik jasan duen eragin kaltegarria Estatuarekin ezkonduz J.K.ren ondoko IV. mendean.

Badakigu lehenbiziko III mendeetan giristinoak usu pertsegituak izan zirela Erromako enperadoreen manuz. Baina 313an Constantin Handiak Milanoko Ediktuaz askatasuna eman zien. Erlijio berriaren aferetan sudurra sartu zuen, bereziki Credo delakoa idatzi zuen Kontzilioan (Nizea, 325). Elizaz baliatu zen erromatar Inperioaren batasuna finkatzeko. Ber denboran Eliza zerbitzatu zuen haren gain bermatuz, hari garrantzia emanez. Urrunago joan zen laster Teodosio I Handia: 392an erlijio kristaua Inperioko erlijio bakar izendatu zuen, beste guziak debekatuz. Elizako kargudunak Inperioko kargudun bilakatu ziren ber denboran, apezpikuek prefet gradua ukan zuten.

Opari pozoitsua! Gutiengoan zauden giristinoak (%5? %10?) eta bat-batean gehiengoan bezala gertatu ziren enperadorearen erabakiz. Gehiengo faltsua, gezurrezkoa. Gainera kristau batzu beste erlijioetako kideen pertsegitzen hasi ziren. Karitate bitxia, oroitzapen laburra, itsudura...

Kristau legea ez da lege naturala, nahiz gure buruzagi handi batzuen ahotik hori dudan ikasia: eskaera eta exijentzia gora du, maiz gure usno, sena eta instintuen aurka doa, bereziki sexualitatean, ezkontzara mugatuz. Beraz denak giristino? Toki batean oro hala direlarik, kasu! Gure herri txikietan, igandez jende guzia mezara zoan, mutil gazteak barne. Haatik ama xaharrak hiltzen ziren arau, galerietan lerroak urtuz zoatzin. Urrunago joanez, Ruandako genozidioa ez zena kristauen artean gertatu, denak giristino ziren erresuma txiki batean? Gure lehengo erlijio gerlak ahantzi gabe... Munduko gatza garela, bai, egia da. Baina mundu osoa gatz bilaka daitekea?

Ber denboran boterera hupatuz, edo(ta) harekin ezkonduz, Eliza ez ote zena zepo batean sartu?

Ni beldur baietz. Badakigu, kristau legeak ez derama nagusikeriara, baina zerbitzura. Ebanjelioa horargi eta garbi mintzo zaigu, Kristoren hitzak eta etsenpluak aski klar dira. Apostoluei ez ote ziena debekatu beren buruak “Aita” edo “Maisua” deitaraztea?

Denbora batez Elizako buruzagiek uste ukan zuten gobernuen gainetik zaudela, bereziki Erdi Aroan, gobernu horiek ahul zireno. Aita Sainduak enperadoreari manatzeko pretentzionea bazuen mundu honetako aferetan ere, baita ezadostasun larri bat gertatzean, haren kargutik kentzekoa. Eredu ohargarri bat historian gelditu zaigu: Henri IV enperadoregaiak Gregorio VIII.ari desobeditu zion, eta honek erreferan eskumikatu zuen, herritarrak hari obeditzetik libratuz. Boterea berriz eskuratu nahiz, Henrik joan behar ukan zuen pontifearen oinei pot ematera Canossan (1077).

Baina laster, indartuz joan zen errege nazionalen boterea, eta 1303an Frantziako Philippe IV le Bel/Ederraren gizonek Bonifazio VIII umiliatu zuten Agnani herrian. Subiranoak beren erresumetako elizen buru jarri ziren, hala nola apezpikuak izendatuz. Frantziako eliza bereziki erregearen peko zegoen, gero nazioaren azpiko “Constitution civile du clergé” delako legearekin (1790), azkenean erregimen eta gobernu ezberdinen meneko Bonaparteren Konkordatuarekin (1801), apez eta apezpikuak Estatuko enplegatu eginez.

1905eko legeak Elizaren eta Estatuaren arteko ezkontza hautsi zuen, eta dibortzioa gaizki pasatu balin bazen ere, usu gertatzen den bezala, uste dut ondorio baikorrak ukan zituela, bakoitza bere lekuan ezarriz eta bere lanerako libratuz. Halere ezkontza horren aztarna batzu gelditzen zaizkigu: nahiz apezpikuen izendatzea Aita Sainduaren esku dagoen, Frantziako gobernuak sudurra sartzen du hautaketan, eta beren aldetik Frantziako apezpikuak usu mintzo dira beti konkordatupeko eliza baten buru balaude bezala, boterean gobernuarekin. Jaunak, ez otoi ahantz orai minoria bat garela.

Beti ere buruzagien hitza Elizarena da. Apezpiku bat mintzatu baiko, kazetariek diote “Elizak erran du...” Nork erran du, eta zer da Eliza? Jeneralez eginiko armada bat? Ala Kontzilioak dion bezala“Jainkoaren populua”? Eta gu, laikoak, giristino soilak, zer ote gara, zein da gure lekua? Eta emazteak, noiz arte kargurik gabeko zutabeak, karga bizkarrean? Haien lan isila gabe (zinez isila baita!) zertan litzateke gaur Eliza?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3686. zbk

Azalekoa | 2023/03/16

Ezti Etxearen biltzar nagusia

M.O.

Ezti%20Etxearen%20biltzar%20nagusia

Ezti Etxea Makean kokatua den erlezainen kolektiboak, biltzar nagusia egin berri du. Erlezaintzan tokiko eta garapen iraunkorra laguntzeko proiektua da. Proiektu berritzailea da, erlezain afizionatu eta profesional guzieri idekia, hauen zerbitzurako tresnak bateratuak dira.

Aroaren ondorioak

Biltzar nagusi hastapenean Eric Kammenthaler eta Alain Goutenegre, elkarteko bi ko-presidenteek, erlezaintza sailean 2022ko urtea nola iragan den azaldu dute. Urte klimatikoa biziki lehorra izanez, tenperatura gorekin, eztiarentzat desegokia izan da. Jaz ere otsailean euri guti egin zuela oroitarazi dute, ezti produkzioaren %40 gutiagorekin, gainera primadera hastapeneko horma handiek akazia lilietan kalte handia eragin zuen. Erleak ez dira biziki atera, batez ere martxo-apirilean ipar haizearengatik. Udako idorteak eta tenperatura handiek ez dute egoera hobetu.

Oihanzainek konstatazio berdina egin dute, zuhaitzen eta zuhaixken hilkortasun handia, lurpeko ur maila metro batez beherago zela errana izan da.

Eztia beste urteetan baino usuago bildua izan da. Mendian idortea biziki fite etorri delakoz, zenbaitzuk erlategiak lehenago jautsi dituzte, beste batzuk usaian baino erlauntza gutiagoren mugitzearen hautua egin zuten.

Bos...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016