Mundu zabalean | 2023ko Apirilaren 20a

URAREN ESKASA MUNDUAN

J.B.

URAREN%20ESKASA%20MUNDUAN

Oroitzen gira nolako arrangurak sortu ziren joan den udan ur eskasarengatik. Negu huntan ur erreserbak ez dira batere behar bezala bete, ez gure eskualdean, oraino gutiago beste gune anitzetan. Uraren erabilpena kontrolatzea eta mugatzea aipatzen da eta uraren partekatzea zuzena denez dudan ezarri da: batzuen igerileku betetzeak edo laborantza intentsiboaren ur enpoiltze handiak ihardukitzeak sortzen dituztelarik. Munduko toki gehienetan ur eskasa arazo handia bilakatzen ari da, planetako popul

Frantzian laborantzako ur putzu erraldoiak eztabaidagai

Joan den hilabetean Sainte Solineko pataskek agerian ezarri dute gizonek eraiki laborantzako ur putzu handien arazoa. Jende anitzek uste badute ere zilo erraldoi horiek euriarekin betetzen direla, jakin behar da ez dela hala, horretan da eztabaida guzia. Ur putzu erraldoien ura nagusiki lur azpiko erreserbetarik heldu da, laborantza intentsiboan ari diren bakar batzuen interesak eskualde horretako jende gehienen ur edangarri erreserbak lanjerean ezartzen dituelarik. Hori da salatua dena. Zergatik ote bakar batzuen interes pertsonalak gaina hartu behar luke interes kolektiboari? Gainera ontasun publiko hori eskasten ari delarik! Manifestaldien inguruko pataskek, poliziaren bortizkeriak eta gobernuaren komunikazioak funtsezko debatea gordetzen dute.

Hego Afrikan aberatsen igerilekuak eta pobreen ur eskasa

Joan den udan bezala, uraren erabilpena kontrolatzea eta mugatzea gertatzen da noizbehinka eta usuago gertatuko da, itxura guzien arabera, berotze klimatikoarekin. Igurikatuak diren murrizte neurrien aitzinean kritika zorrotzak entzuten dira etxeetako pizina pribatuen kontra, Frantziako estatuan berean hiru milioi baitira jadanik.

Aberatsen pizinen inguruko eztabaida ez da hemengoa bakarrik, beste tokietan ihardukitze biziak sortzen ditu, hala nola Hego Afrikan. Cap hiriburuaren inguruetako aberatsen auzoetan biderkatu diren igerilekuek, bai eta baratze berdeek eta auto ederren garbiketek ur behar handia dute. Bizkortzen ari den uraren krisiaren parean, aberats eta pobreen arteko ezberdintasuna, horretan ere handituz doa. Hilabete huntan agertu den azterketa batean erakutsia da aberatsen uraren kontsumitzeko molde berriak, hiri nagusi horretako populazio osoak ur edangarria eskuratzeko ahalmena azkarki murriztua duela. Azterketa egileen arabera Capeko biztanle aberatsenak dira populazio osoaren %14a, hiriko uraren erdia baino gehixeago enpoiltzen dutenak. Aldiz errebenio apalena duten populazioaren%61ak hiriko uraren laurdena baizik ez du kontsumitzen. Idortea agertu delarik jende guzientzat finkatuak izan diren ur murrizketek ez dituzte molde berean hunkitu aberats eta pobreak, lehen multzokoek beste ur iturri batzuk bilatu ahal ukan dituztelako, bereziki lur azpiko ura xurgatuz, oraino gehiago lurpeko ur heina apalaraziz. Ikerlariek diotenaz: "ur murrizketak ez dira gehiago denentzat molde berean aplikatu behar, ondorio aise larriagoak baitira jende ahulentzat."

Bat-bateko idortea: gero eta gehiago

Berotze klimatikoak gure planetan bere eragina sentiarazten hasia du. Idorteak ari dira azkartzen munduko hainbat tokitan. Adibideak ez dira eskas: Estatu Batuetan zazpi Estatu pataskan ari dira azkarki ttipituak diren Colorado ibaiaren urak erabiltzeko, Bartzelonako hiria negu huntan jadanik idorte alertan ezarria izan da, Afrika Ekialdean berrogei urte hauetako idorte handienari buru egin behar diote. Txinan ere joan den udan bero ikaragarria izan da eta ondorioak oraino jasaiten dituzte, Yangtsé ibaiaren inguruetan.

Usaiako epe luzeko idorteaz gain, beste fenomeno bitxi bat ari omen da garatzen: bat-bateko idortea. Zenbait aste aski da idorte mota hori agertzeko, epe labur batez lurreko hezetasuna eskapatzen da, euri eskasagatik eta tenperatura goratze handiek bultzaturik. New Scientist aldizkarian agertu den ikerketa batek dio, azken 60 urteetan gure planetaren hiru laurdenetan holako bat-bateko idorteak emendatu direla. Idorte mota horien maiztasuna, ondoko 50 urteetan %20ez emendatu behar litzateke, ez bada berotze klimatikoa nolazpait kontrolatzen.

Populazioaren laurdena ur eskas larrian

Nazio Batuetako txostenak bi miliar jendek ez dutela ur edangarria eskuragarri oroitarazten dauku. Duela zortzi urte erakunde hunek finkatu zuen, 2030eko, ura planetako bizizale guzientzat eskuragarria izaiteko helburua. Segur da orain ez dela lortuko. Ez ote girenez oraino gibelera joanen pentsatzekoa da, Nazio Batuetako beste azterketa batek baitio, oraiko bidea segituz, 2030ean jendeen ur beharrak %40ez gaindituko duela lurrak eskaintzen ahal duena.

Azkenean, biziarentzat baitezpadakoa den eta ontasun naturala premiazkoena den uraren partekatze zuzenari buruzko plangintzak aztertzeko urgentzia da. Herri aberatsek herri pobreeri buruz duten zorra ordainduz eta herri bakotxean dauden kategoria sozialen arteko ezberdintasunak gainditzeko bideak hartuz.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3686. zbk

Gure Hitza | 2023/04/20

Hizkuntzarik gabe Euskal Herririk ez!

Menane Oxandabaratz

Sortu girenetik, edozein izan bakoitzaren hizkuntza, musika soinu bat entzuten den bezala, gure beharrietan sartu da. Entzun dugun lehen soinu hori, gutarik batzuentzat euskara izan da. Hizkuntzaren erabilera sustraitua da pertsona bakoitzaren sortzean, kulturan eta izaeran. Komunikatzeko tresna baldin bada, beste hainbat funtzio betetzen ditu. Mintzatzen den lengoaiak komunitate batean identifikatzen gaitu, populazio multzo bat bateratzen du, kultura berekoak gira.

Larunbat huntan aldi bat gehiago Baionako karriketan ibiliko gira. Euskara sailean lan egiten duten elkarteek elkarretaratze deia zabaldua dute. Aldarrikatuko dena, gure mintzaira ezagutua eta garatua izan dadin, behar diren neurriak ezarriak izan daitezen. Diru-laguntzak beharrezkoak dira, sail horretan lan egiten dutenek baliabideak ukan ditzaten.

Azken inkesta soziolinguistikoak erakustera emaiten duen bezala, gure hizkuntza salbatua izan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016