Orotarik | 2023ko Apirilaren 20a
Irakurlea mintzo: "Les Voix du Saison" kolektiboa
Didier Hall eta Frantxoa Camus
Departamentüa gordatzez aitzina doa, haren projet zaharkitüarekilan!
"Voix du Saison" kolektiboak, Departamentüak, Espeize eta Onizepe herrien artean bide berri projetaz dütüan egiteko maneetaz xiberotarrak oro abertitü nahi dütü.
Orhitaraz dezagün, düala 40 urteko bide projet zahar hori abandonatürik izan zela eta Departamentüak 2020an arra "elki" züala, pandemia erditan ginelarik. Departamentüak egin züan delako "konsültapübliko" hartan, %90ek bide berri projetaz beren oharrak eta desadostarzüna erakutsi zütüeian. Jenteen abisaren kontre, Departamentüak projet horren aitzina eramaitera halerik ere deliberatü züan! Alta, zer nahi erranik ere, projet hori ez düe egiten ahalko. Oso projet zaharkitüa da, egünko eta biharko desafioei ihardesten ez düana: ez klima, ez lürra, ez igikortarzün eta ez üngüramenaren begiratzeari. Bide projet horrek 4 hektarea beno haboro behar lütüke, pettarreko laborantxa lür hoberenetan, heze güne eta hurgaintitze eremüak artifizializatzez haboroziz. Leheneko treinbidea har lezake, pirripita eta ebilte bidexka desagertaraztez. Alta, oraiko bidea edo RD 11 delakoaren arra antolatzeak, seküritate eta kurritze arrenkürer aisa ihardets lezake.
Azken egün horietan, CADA(Commission d'accès aux documents administratifs) delakoak, Departamentüak haren dokümentore eta planoen igortearen errefüsaz bere abisa eman deikü. Abisa hortan eta legeak dion bezala, erran delako bide planoak eginik badira, Departamentüak edozoineri zabaltü edo iganarazi behar dütüala agertzen da.
Bena Departamentüak, projetaren bide planoak ez deizkü sekülan eman nahi izan, ürrentürik ez zirela estakürüa hartürik. Jakitez ber denboran honkirik liratekean lür jabeekilan baratü nahi dela beren lürren erosteko esperantzarekilan. Kolektiboa oso harritürik da egiteko manera horiekilan, eta Departamentüak düan gordatze jokamoldearekilan, legez kontrekoa dena hau dela. Nolaz posible da CADA komisioneari erraitea projetaren planak ez direla orano ürrentürik eta ber denboran jabeen ikustera joaitera plan horiekilan?!
Arren, honkirik diratekean jabeer galdeginik da, Departamentüaren galtoer ez ihardestea, aldiz bide projetaren planoak eman ditzan galtegitea, eta kolektiboarekilan harremanetan sartzea.
Kolektiboaren barne dira: "Les Voix du Saison" alkartea, projetaren kontre diren Bildoze Onize-Peko haütetsiak, bide projetaren üngürüko bizizaleak, BIZI Xuberoa, eta SEPANSO 64 egitürak.








