Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2023ko Apirilaren 27a
Apez beltzaren khantorea - Pilotari xapeldunak
Apez beltzaren khantorea
Arras ederki iragan da Euskal Telebistak Bidarrain ondu duen "SOS kantak arriskuan" emankizunaren grabaketa, "Apez beltzaren khantorea" aspaldiko kantuaren inguruan. Kantu horrek kondatzen du nola duela 300 urte gizon batek hil zuen Bidarraiko orduko bikarioa, "Beltza" izengoitiz ezagutua zena. Delako gizon hiltzailea, apezaren arrebaz maitemindua zen bainan gauzak gaizki itzulikatuko dira... Desagertua zen kantua nunbait zokoratua atzemana izan da eta kantu hori berpiztu nahi izan dute Euskal Telebistakoek.
Aro ederra lagun, elkarrizketak, kantu errepikak eta ortzegun arratseko kantuaren emanaldia publiko kopurutsuaren aitzinean ezin hobeki obratu ahal izan dira. Ortzegunean eskainia izan den hurrupaldi-janaldia ere denenganik estimatua izan da. Oro har, dena giro onean pasatu da. Telebistako animatzaile eta teknikariek erran daukute ingurumenaren irudi miresgarriak filmatu ahal ukan dituztela. Emankizun horren proposamena ukan ginuelarik, ez ginakien nolako desafioari buru egin beharko ginuen. Halere, jende frango mobilizatu da, adineko eta gazte, beti umore onean, eta abentura eder bat izan da. Oren bat nunbaitan iraunen duen emankizun hori hain segur udazkenean agertuko da ETB1-ean. Jakinaraziko daukute. Eskerrik beroenak parte hartu duten guzieri.
Pilotari xapeldunak
Apiril hastapenean, Euskal Herriko xapelgoan, Zaharrer Segiren kondu ari den Ellande Orhategaray gazteak amaturren lehen mailako xapela beretu zuen, Atzarri batasuneko Iban Anchordoqui garaiturik, 40-29, Zuraideko trinketean. Eta joan den igandean, Eneko Ibarrola da xapeldun atera Lekorneko trinketean, beti Zaharrer Segi batasunaren kondu, Irisartarrak batasuneko Paolo Bidart garaiturik, 40-31, Frantziako xapelgoko finalean, artekoen mailan. Goresmenak gure herritar pilotari gazteeri. Segi dezatela luzaz goi maila hortan!











