Euskal diaspora | 2023ko Apirilaren 27a
Gernikako Bonbardaketa gogoan, Nafarroaren Eguna Valentzian
Joseba Etxarri
GERNIKA GOGOAN. Munduan barreiaturik diren euskal etxeetako egutegietan gorriz markaturik agertzen diren urteko data bereziki adierazgarria da Apirilaren 26a, Francoren aldeko hegazkin nazi eta faxistek Gernika bonbardatu eta birrindu zuten eguna, eta hamaika dira mundu osoan hura oroitzeko antolatzen diren saio eta ekitaldiak, egunean berean À¢'€'"aurten aste huntako asteazkeneanÀ¢'€'" edo inguruko egunetan, asteburuan partikularki. Horietan, sinbolikoki adierazgarriena seguruenik, Berlin hiriburu alemanean, bertako Gernika Euskal Etxeak urte guziz antolatzen duena da, hiriko euskaldunek, baina bereziki hiriko alemaniar antifaxista eta euskaltzaleek atxikimenduz deitu eta obratua. Ekitaldi publikoa, Berlingo Guernica Platz-en, larunbatean izanen da (17:00), zuzeneko musikaz eta hildakoen oroimenez poemak euskaraz eta alemanez irakurtuz.
Alemaniatik atera gabe, aurten, Dresden, hirian egunotan egin den Film Laburren Zinemaldian, tarte bat eskaini diete Euskal Herriko eta Kataluniako laburreri, besteak beste euskal tituluak eta zuzendari batzuk gomitaturik. Baina munduan barna egin diren eta oraino asteburuan eginen diren ekitaldietan, azpimarratuko ditugu Argentinako Buenos Aires, Mar del Plata, Rosario eta Arrecifesekoak, Gernikako Arbolaren kimuak landatuz, mural originalak eta Picassoren Guernica islatuz, eta oro har prentsa artikuluak eta sare sozialetakoak argitaratuz, eta sarraskiaz mintzatuz euskal irratsaioak, konparazio Paranako 'Presencia Vasca' eta Azulgo 'La Voz de los Vascos'. Ezin guziak aipatu, baina ekar dezagun huna baita ere Txileko Santiagon 86. urteurren hau gogoan atxikitzeko antolatu astea, erakusketa batekin apirilaren 24tik 28ra, Gernikako Bakearen Museoa prestatzaile, eta 26an berean egin den 'Markak' filmaren emankizuna eta saioa, Txileko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean.
MADRIL, BOGOTA, VALENTZIA... Nazioartean aste huntako beste euskal hitzordu batzuk aipatzearen, huna beste hiru: Madrilen, Katixa Agirre euskal kazetari eta idazlea bere obra itzuliaz mintzatuko da Unibertsitate Complutensean eta pare bat liburu dendatan; Bogotán, euskal antzerkia, bi obrarekin, Tanttaka konpainia hiriko Teatro Mayor-en, apirilaren 25, 26, 28 eta 29an; eta Valentzian, Euskal Etxekoek bat eginen dute Baigorriko Nafarroaren Egunarekin, eta pintxo-potea, taloak, bideoak, musika eta afaria dituen programa prestatu dute heldu den igande osoan heien euskaltasun nafarra ospatzeko.











