Hegoaldean | 2023ko Apirilaren 27a
Nafarroan berrehunetik gora eragile euskararen ofizialtasunaren alde
A.E
Nafarroako Parlamentuaren aitzinean egin ekitaldian, ehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute ofizialtasunaren aldeko agiria jakinarazteko. 206 sinatzailek bat egin dute dokumentu horrekin, laster alderdi politikoekin bilduko direla jakinarazi dute, beren eskaria helarazteko. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, sinatzailek onartu duten agiria irakurri du. "Nafarroako jendartearen ordezkari esanguratsua gara, erkidego osoan euskararen ofizialtasuna eskatzeko. Hau da, milaka nafarrek herritartasuna berdintasunean, bazterketarik gabe, lurralde osoan bizitzeko aukera izan dezaten. Izan ere, autoa hartu eta Lekunberritik Iruñera doan herritarrak nola ulertuko du 30 kilometroko ibilbidean aurrera egin ahala eskubideak galduz joatea? Beste edozein eskubiderekin ulergaitza dena, nola gerta daiteke milaka herritarren hizkuntza eskubideekin?"











