Mundu zabalean | 2023ko Apirilaren 27a
Alemaniak erreaktore nuklearrak gelditzen
M.O.
Alemanian nuklearraren orrialdea itzultzen ari da, apirilean azken hiru erreaktoreak funtzionatzetik geldituko dira. Aktibista antinuklearrek horren ospatzeko, Neckarwestheim zentralaren aitzinean hitzordua emana zuten. 2022ko urte hondarrean ziren gelditu beharrak, krisi energetikoaren erdian elektrizitate hornidura segurtatzeko gibelatua izan da. Gobernuak hartu erabakia jarraitzen du. Steffi Lemke, Ingurumen eta Segurtasun Nuklearreko ministro federalak zioen: "Nuklearretik ateratzeak, gure herrialdea seguragoa egiten du, energia nuklearrari lotuak diren arriskuak ezustekoak dira".
Hirurogei urte baino gehiagoko funtzionamendu nuklearraren ondotik, energia iturri hunek Alemanian elektrizitate ekoizpenaren zati marjinal bat baino ez du ordezkatzen (2022an %6), 1990eko hamarkadan herena zelarik.
Energia nuklearraren gelditzea, lau alderdi politiko nagusiek adostu zuten. 2003an sozialdemokratek eta ekologistek gogoeta abiatu zuten, prozesua azkartu zen kontserbadoreek eta haien aliatu liberal demokratek 2011n onartu zutelarik. Orduetan Fukushimako istripu nuklearra gertatu zen.
Europako ekonomia liderra den Alemania, bere trantsizio ekologikoa osatzeko parioa egiten ari da. Energia nuklearraren aitzinean alternatiba hobeak direla zioen Steffi Lemke ministroak. "Energia nuklearra baino eguzki eta eoliko elektrizitatea seguragoa, jasangarriagoa, klima errespetatzen duena eta ekonomikoagoa da", gehitzen zuela.
Alemaniak, 2030erako, %80 energia berriztagarrien lortzeko parioa egina du. Enpresa handien presioaren ondorioz, 2035eko %100 energia berriztagarrien neurriak plantan jartzea baztertua izan da. 2045erako Berlineko gobernamenduak karbono neutraltasuna lortzea du helburu. Ikatzaren erabiltzetik ateratzeko, egutegiaren arabera, 2030 eta 2038 artean egin behar litzateke. Urte hastapenean ikatzak, elektrizitatearen ekoizpenaren %30 ordezkatzen zuen eta gas naturalak %5.
Populazioaren artean zalantza sortu da, alemaniarren %59k uste du energia nuklearra kentzea erabaki txarra dela, 2011n %54 alde agertu zelarik.
Guzira, 32 erreaktore desmuntatu behar dira. 2027tik harat biltegiratze gune batek 300.000 m3-ko hondakin erradioak metatu beharko ditu. Zentralek ekoizten dituzten 27.000 m3 inguru erradioaktibo handiko hondakinek oraindik igurikatu beharko dute, 2050 aitzin ez baita aurreikusia. Estimatua da 176.000 milioi euro kostako lukeela.











