Orotarik | 2023ko Apirilaren 27a
YUNUPINGU
EPELONDO
Duela zenbait aste hil zen Australiako Arnhem eskualdean, bere bizi osoa aborigenen eskubideen alde eraman zuen Yunupingu buruzagi tribala, Australiako egiazko "bizidun nazional altxorra".Hirurogeita hamalau urte zituen azken hatsa eman zuenean. Estaturik gabeko estatu buru bat izan zela dolamendu zuen Albanese Sydneyko lehen ministroak. Gizon ederra, zardaia, larrua kolore beltz distiratsukoa, aise mintzo zena, pazientzia sekula galdu gabe. Amazonako Raoni Metuktire xefaren edo Dalai Lamaren trakakoa zen, nahiz eta argazki berdinean, hiruak ez ziren nehoiz ikusi.
Betidanik uhartean errotu diren aborigenak australiar konstituzioak onar zitzan eta ditzan borrokatu zen Yunipingu. Aborigenak deitzen dira, baina ehunka populu eta mintzaira dabiltza izen horren gibelean. XVIII. Mendean, ingelesek uhartea menperatu zutenean, lurrez eta ibilbideez desjabetuak izan ziren, eta gero apaletsiak, baztertuak, alkoholaren eta drogen menpe amilduak egon dira, 70 hamarkadan beraien eskubideen alde altxatzen hasi ziren arte. Kolonoak, elizak Terra nullius bataiatu lurraldeetara iristen ziren, bortitz eta gose. Erraza zen: aski zituzten indigenak erailtzea eta eremuak berenganatzea.
Aita Sainduak justuki, duela bost ehun urte dekretatu zen "aurkikuntzaren" bulda ezeztatu berri du, hainbat gizaldiz katoliko europarrek jasan arazi minengatik barkamendu ere galdatuz. Bizkitartean jendalde horiek iratzarri dira: 1960an preseski, Yunupingu ezagun egin zen, Yolngu populuaren izenean, zuhaitz azaletan idatzi petizioak Australiako Parlamentura helarazten zituela. Datorren abenduan, karia horretara, Australiako Konstituzioa aldatzeko erreferenduma antolatuko da.
Goian bego, ametsen denboran.













