Azalekoa | 2023ko Ekainaren 29a
Uda Leku 40 urte
M.O.
Udako oporrak hurbiltzen ari direla eta, Uda Leku elkarteak 1983 urtetik geroz euskaraz haurrentzat aisialdiak proposatzen ditu. Aurten elkarteak 40 urteak ospatzen ditu, karia horretara mintzatu gira Maddi Bordagaray elkarteko koordinatzailearekin.
40 urteko ibilbidea
Gaur egun eskola guzietako haurrak Uda Lekun ibiltzen badira, hasieran Seaskak bultzatu zuen, ikasleek eskolako eremutik haratago gune euskaraduna ukan zezaten. Uda Leku aisialdi zentro bakarra da nun urte osoan murgiltze sisteman egonaldiak proposatzen dituen, 40 urtez haur kopurua emendatuz joan da. Elkarteak urte osoan 14 langile enplegatzen ditu, oporraldietan 115 animatzaile gehitzen direla. Haur kopuruaren emendatzeaz gain, elkarteak jakin du aisialdi,kiroletaheziketa aktibitateak garatzen. Maddi Bordagarayk erraiten zaukun langileen formakuntzaren bidez profesionalizatu direla.
Hasieran 3 gunetan plantatua bazen, orain 5 tokitan aisialdi zentroak baditu: Baiona, Biarritze, Hendaia, Uztaritze eta Itsasun. Ibiltzen diren haur kopuruaren erdia eskola elebidunetatik etortzen da, haur guziek ez dute euskara ongi menperatzen, haur horieri hizkuntza hobetzeko parada emana zaie.
Uda Lekuk hobeki estrukturatzeko beharra sentitu du, funtzionamenduari eta pedagogiari buruz gogoetak eraman ditu. Lanketa horrek hezkuntza finkatzea, elkartearen baloreak eta aktibitateak garatzea ahalbidetu du. Uda Lekuko koordinatzaileak zioen hezkuntza proiektua xumea izanikan ere lan handia eskatu duela, orrialde batean finkatua zen proiektua, 30 bat orrialdetan osatua izan da.
Elkartearen funtzionamendua
Urte osoan aktibitateak proposatuak dira: asteazkenetan, ikasturteko bakantzetan eta udan. Maddi Bordagarayk zioen aisialdi zentro bat ez dela bakarrik josteta hartzeko gunea, baizik eta manera dibertigarrian gauzak ikasteko. Egiten diren aktibitateek eskolan ikasten diren gaiak beste manera batez praktikatzeko posibilitatea emaiten du. Adibidetzat, antzerkiaren bidez historia landua da, 7/8 urtekoekin Egiptori buruz lanketa egina izan da. Hendaiako Uda Lekuk sail desberdinetan ari diren profesionalekin, izan turismoan, kirolan eta suhiltzaileen partaidetzan, lanbide horien eginbeharrak ezagutzeko aktibitateak eginak dira. Uda Lekuren helburua da gazteak beren baitan ongi izaitea, taldean proiektuen aktoreak izanez, ondare kulturala eta hizkuntza zainduz.
Hizkuntza politika eta finantza
Joan den apirilean euskalgintzak antolatu zuen manifestazioa euskarak baliabide gehiago ukan zezan, Uda Leku deitzaileetan zen. Maddi Borgararayk erraiten zaukun Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak finkatu hizkuntza politikaren helburuak argiak badira, baliabideak direla eskas. Gehitzen zuela dirutza sendoak ahalbideratzen ahal lukeela langile-konbentzioak errespetatuak izan daitezen. Gai horren inguruan Uda Lekuk estatuarekin arazoak ukan ditu, ezin baitzuen legediak eskatzen zuen bezala langileen soldata behar zen heinean ordaindu. Bilkura batean prefetak adierazi zuen langileen hitzarmena elkarteak ez bazuen errespetatzen, ateak hetsaraziko zituela. EEPrekin eta Euskal Elkargoarekin elkartearen modelo ekonomikoa begiratua izan da. Aisialdiek zenbat kosta duten eta Uda Lekuk zenbait dirutza beharrezkoa duen gogoetatu da. Frantses eta herrietako aisialdi zentroeri konparatuz, elkarteak ez ditu laguntza berdinak eskuratzen. Herriko Etxeek Uda Lekuri haur bakoitz 15€ emaitetik, 32€ra pasatzea aholkatua izan zaie. Laguntza emendatze horri esker elkarteko finantzak hobetu dira, 150.000€ko ziloa baldin bazuen, 50.000€ baizik ez ditu.
Tokiko Laguntza Sistema (Dispositif Local d'Accompagnement), lan ministerioaren egiturak, Uda Lekuren diagnostikoa egin berri du, estruktura eta baliabideak ongi kudeatuak direla agertu da.
Urriaren 8an Itsasuko Atharrin elkarteak 40 urteak ospatuko ditu, egitarau aberatsaren prestatzen ari da, berantago aipatuko duguna. Uda Lekun ibiliko diren haurrak oporraldietarik burua oroitzapenez beterik etorriko dira eta euskaraz mintzatzeko trebatuak.











