Gure Hitza | 2023ko Ekainaren 29a
Uztapide zena
Jean-Louis Harignordoquy
1983ko ekainean zendu zen Manuel Olaizola Uztapide, eskola zaharreko bertsulari maitatua. Ahetzen Mattin zenari bezala, ehorzketan 35 bertsularik bertsu bedera kantatu genizkion. 1909an Gipuzkoako Zestoan sortua, artzaintzan, ikazkintzan eta fabrikako lanetan arizan ondoan, Oiartzunera ezkondu zen. Gaztaroan, bertsu zahar anitz gogoz ikasirik, jin omen zitzaion bera ere bat-bateko bertsulari izaiteko gutizia. 1935ean hasia bertsuka jendaurrean, 1972an isildu behar ukan zuen, Donostiako Atano pilotalekuan, Zeruko Argia astekariaren aldeko bertsu saio erditsutan ahotsik gabe mutu gelditu baitzen, perlesia kolpe batek jorik. Ordurako ospetsua bilakatua zen, 1962, 1965 eta 1967an Euskal Herriko txapeldun izanik, bai eta 1936an eta 1960an bigarren. Francoren altxamendutik zonbait urtetara, euskara doi bat baimendu zelarik, bertsugintza bere lanbide nagusia bihurtu zen. Gizon seriosa, izpiritu zorrotzekoa, etorri handikoa, hizkera garbikoa eta arrazoi argikoa, edozein gaietara moldatzeko dohaina zuen. Bazakien erran moldeen menperatzen eta maisuki baliatzen. Entzuleek berehala ulertzeko gisan sinpleki osatzen zituen bere bertsuak. Bozgorailurik ez zen denboratik, errexki eta hein bat goratik kantatzera ohitu zen. Haren denboran, euskal telebistarik ez bazen ere, Loiola irratiak zabaltzen zituen saioetarik eta beste grabaketa frangotarik argiki agertzen da hori. 1945etik goiti, maizenik Basarrirekin kantatzen zuen. Gai emailerik ez zutelarik, Basarrik hizpibidea idekiz Uztapidek segitzen zuen. Berantxago, Lasarte, Lazkao Txiki, Joxe Lizaso eta Joxe Agirrek taldea osatu zuten, eta gero hurrengo belaunaldiko Azpillaga, Lopategi, Lazkano, Mugartegi, Egileor eta bertze asko juntatu ziren. Hiru bertsulari belaunaldietara egokitzen asmatuz, denen errespetua eskuratu zuen. Gogoan dauzkagu Alduden Xalbadorrekin kantatu zituen bertsu hunkigarriak, gaia zutela "lurretik 8 metro gora den aldamu gainean lanean ari zirezte, bainan aldamu hori kraskatzera doa".
Gipuzkoan omenaldi zonbait antolatu zizkioten, eta oroitarri bana altxatu Zestoan eta Oiartzunen. Plazan ezin kantatua jin zitzaionean, Antonio Zavala Auspoa argitaletxeko arduradun baliosak akuilatu zuen bertsu sailen idaztera, eta bere pentsamendua, oroitzapenak, bizitzako gertakariak hitz lauz kondatzera. Orduan ere emankorra izan zen Uztapideren lana. Paperean edo Interneten irakurgai daude Lengo egunak gogoan izeneko bi liburu ederrak, eta beste bat Sasoia joan da gero deitua. Haren eta hainbat lagunen zenbait bertsu, bertsugintzaz zituen zenbait ikuspegi eta bertsularitzaren historiako pertsonaia eta pasarte interesgarriak aurki daitezke liburuki hauetan. Ahozkotasunaren eta herri literaturaren altxor paregabe horrek lagundu gaitzazke, gu eta gazteagoak, iragan mendeko bizimodua eta bertsugintza jastatzen. Lotu irakurtzeari!










