Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Maiatzaren 25a
Herri-Urrats euripean - Uholdeen kalteak - Euskal populuaren oroit-lekua - Adinekoen ateraldia
Herri-Urrats euripean
40. edizioa ez da ahanztekotan, Gatiburen “Euritan dantzak” hartu du benetako zentzua. Bezperako uholdeek arriskuan emana zuten ekitaldiaren gauzatzea, antolatzaileek agintariekin betan erabaki dute azken mementoan bestaren mantentzea. Baldintza berriek asko murriztu dute bestaren eremua, jarduera gehienak bildu dira Araba gunean (Kanping-car delakoen aparkalekua). Usaian baliatzen diren laborantzako landak autoen aparkatzeko ezin erabiliak ziren, gainera eguraldiak eretxarrera egin du. Partehartzaileak oroituko dira eguerditik laster 13:30ak artean, zer zaparradek ureztatu dituzten jende eta bazterrak. Gertakari hunek berotu baizik ez ditu aktore guziak, jende gutiago bildu baldin bada ere, denek kementsu erakutsi dute zer atxikimendua duten euskararen alde. Zinez arratsalde ederra bihurtu da, besta giro ezin hobean, milaka jende dantzan, kantuz eta euskaraz ari, bihotz altxagarri izan da. Irabazi guti sortuko dira, halere 5. kolegioaren paretak ongi finkatua dira jadanik, heldu den eskola sartzeari buruz. Kattalin Elizalde deituko dute, emazte hori, 17. mende hastapenean, bertze anitz bezala, erretzera kondenatu zuten, sorginkeriaz akusatu ondotik.
Uholdeen kalteak
Gure ibai estimagarriak urtero kaprizatxo bat egiten dauku, maiatzaren 13an bere ohetik tupustean atera zauku, beharrik atertu baita arratsari buruz eta emeki-emeki bere bidea hartu. Harridura sortu da ikusiz zoin abiadura azkarrean goiti egin duen, aitzineko gauean eta goiz aldera, euri erauntsiak, eten gabe jarraian heldu ziren. Holakotan, hunkiak diren herritarrek prekauzioak hartzen dituzte eta manera batez kalteak ttipitzen. Saihetseko bidea hetsia izan da, beraz karrika nagusia bi zentzuetan ezarria. Urguritarrak isolatuak direlakoan, baita arranguratuak, nahi lukete uretarik libratu orduko ahal bezain laster bidea idekia izan dadin.
Euskal populuaren oroit-lekua
Anai-Artea elkarteak, eraikia du oroit-leku berezi hori Helbarrun eta Ibarrunen juntan, Zubiondoko karrika motzean. Larunbatean, maiatzaren 27an (11:00), iraganen da estreinaldia. Gehienek ez dugu ezagutzen euskaldunen historia, toki huntan 22 gertakizun garrantzitsuenen ezagutaraztea da xedea, aurrehistoriatik, Lizarra-Garaziko akordioraino (1998). Horretarako, 12 historialariek lan egin dute elkartearekin, bakoitzaren berezitasunak segituz, gertakari horieri buruz bildurik informazio zehatzak. Ondoren azalpen bideo argi, labur eta eleanitzak sortu dituzte, lekuan bertan den QR kodearen bitartez begiratzen ahalko dira. Oroit-lekuaren gunean aurki daitezke, gai haueri buruzko argibideak, hala nola: gunearen planoa eta memorialaren webgunearen helbidea, Anai-Arteari buruzko argibideak, 12 historialarien zerrenda, landu diren gertakizunak, euskaldunen historiaren kontakizun laburra haurrek kondaturik, Jauzarrea Euskal Kultura ikertzeko eta zabaltzeko fondoaren ekarpena. Ekitaldi hunek segituko du Larraldean, “Hatsaren Poesia” elkarteak Juankar Lopez-Mugartzarekin antolatzen du bazkari partekatua (13:00), Alvaro Mundinanoren “Garraren eta karraioaren” margoen deskubritzea (15:00), olerkien irakurraldia Koldo Zubeldiaren poemekin (17:00).
Denetarik
Oroigarri diren ekitaldietan: Spuc Kirolak elkartearen bazkaria Inharrian igande huntan. Senpereko gazte komitearen ekimenez, mus txapelketa ostiralean (18:00), Inharrian. Zaluaga hondarkin zentroaren bisitatzea ostiral huntan (16:00), izen-emaitea beharrezkoa biltagarbi.fr gunean. Mutxikoen denboraldia abiatu da joan den igandean (11:00), Xan Ithourria plazan. Bonnet ostatuak antolatzen du asteazkenean, ekainaren 21a arte (19:30), euskal besta moduko afaria, kantu eta musikaz animatua, deitu 05-59-54-10-26 izen emaiteko.
Adinekoen ateraldia
Ekainaren 8an, Club Senior elkarteak antolatzen du ateraldia Oloronera, hiriaren bisita, bazkaria ostatuan, Lartigue enpresaren bisita eta Lindt txokolatearen deskubritzea. 35€ orotara, izen emaitea: 06-14-85-69-80, maiatzaren 26ko.