Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Ekainaren 29a

Heriotze - Aurrekontu parte-hartzailea - Biltzar nagusia - Erci zenari ohore

Heriotze%20-%20Aurrekontu%20parte-hartzailea%20-%20Biltzar%20nagusia%20-%20Erci%20zenari%20ohore

Heriotze

Joan den ortziralean azken egoitzara eremana izan da Jacques Etchenique, hemen denek ''Petit Jacques'' deitzen zutena, 61 urtetan. Herrian sortua, 7 haurridetan gazteena. Bere denboran Omnium Electrique enpresan eta ondotik herriko langile bezala lan egin du. Kirol mailan zen gehienik ezagutua. Errugbi eta zango baloian ari izan bada ere, pilota zuen gain gainetik maite, bereziki atxiki ttipian xapeldun titulu batzu bilduz, Kapito-Harriko lagunekin. Azken urte hauetan eritasunak joa zen eta ez du iharduki. Jondoni Bixintxo eliza leporaino bete da, ehorzketako mezan. Doluminak hemendik ere familia guziari.


Aurrekontu parte-hartzailea

Azken kontseiluko biltzarrean Eric Mailharancin axuantak jakinarazi zuen aurrekontu parte-hartzailean 14 proiektu atxikiak izan zirela, auzo batzorde edo elkarteenganik datozenak. Herriak orotara proiektu berrientzat 10.000 euro bozkatuak ditu. Hamalau proiektu horietan agertzen dira bana beste: Hiribehere eta Purguk proposaturik Lota jauregiaren inguruan jokoentzat mahai bat, haur jostaleku bat eta ibil xendra bat elbarrituentzat egokitua, ASCA eta Heraitzek proposaturik dantza eta kirol tailerrak elbarrituentzat, Heraitzen Heraitze Koop-ek sortu nahi duen edantegi saltegia, Etxehasian eta Arruntzan petanka joko toki egokiak eta baratze partekatuak. Beste alor desberdinak hunkitzen dituen proiektuak badira: kulturan, ingurumenaren zainketan, tenisean eta beste kiroletan. Proiektu bakoitzak ezin dezake 5.000 euroz goragoko aurrekonturik proposa. Uztaileko hilabetean herritarrak gomitatuak dira 16 urtetatik goiti Internetez bakarrik eginen den bozka moldez hautuen egitera, bakoitzak hiru proiektu baino gehiago ezingo duela hautatu. Azken finean boz gehien bilduko duten proiektuak ditu udazkenetik hasiz Herriko Etxeak obratuko.

Biltzar nagusia

San Mixel auzo batzordeak bere biltzar nagusia joan den ortziral arratsaldean egin du, Landagoienen. Auzo horren hautetsi erreferente da Maitena Etchebarne. Auzapeza ordezkatzen zuela, Eric Mailharancin axuantak aipatu du hastapenean auzo hortako biztanleen parte hartzea eta aurrekontu parte-hartzailea. Sail hortan San Mixel auzoak ez du aurten proiekturik agertu. Benoît Duvivier lehendakariaren aldi zen gero auzo horren berri emaiteko. Zortzi biltzar egin dituzte, azken biltzar nagusiaz geroztik. ''Amicale St Michel'' elkartearekin batera petanka jokalekua obratua izan da eta hortaz pozik daude. Kanbora eta Zuraidera doazen bi bide handien artean kokatua den auzo horrek anitz arazo jasaiten ditu: auto eta kamioien abiadura handiegiak eta harrabots ezin jasanak batzuetan. Asko dei eginak izan dira jendarmeriari kontrol gehiagorentzat, bainan ez dira egiten. Bi bide nagusi horien erdian diren bide ttipiagoak ere maiz beteak dira, San Mixel, Eliza Hegi, Landalarre eta Dorreko bideak noiznahi auto eta kamioiez hartuak eta biziki lanjerosak bilakatuak. Panela argi batzu tokian emaitea herriari eskatuko dute seinalatuz oinezkoek behar dutela artebide horietan lehentasuna. Entzunak izanen ote dira? Auzo hortara eta Etxehasiara heltzen den Proxibus autobusa ere gelditzekotan da hartzaile gutiegi duelako. Bulego bera gelditzen da: lehendakari Benoît Duvivier, lehendakariorde Jackie Lafitte eta idazkari Beñat Decha.

Eric zenari ohore

Ekainaren 16an Pauen departamenduko SDIS 64en zuzendaritzara 11 suhiltzaile bolondres izendatu dituzte edo berek dioten bezala ''bataiatu'' profesional estatutua emanez. Taldetxoari eman diote ''Section Gasteluberry'' izena. Molde hortan ohoratu dute Uztaritzen iragan irailean minbiziarekin zendu den Eric Gasteluberry suhiltzailea sarjentu xefa graduan zena. Pascal Coquel kapitainak eta hemengo talde osoak, plazer handirekin hartu dute Eric-i egin omenaldia. Behin eta berriz aitortzen dute bizi zeno, asko zerbitzutan nolako zutabea zaukaten eta orain zer hutsunea utzi duen. Lur huntan zuzenki ohoratua, izanen du segur zeru gain hortan merezitua duen saria. Ez adiorik Eric!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3696. zbk

Gure Hitza | 2023/06/29

Uztapide zena

Jean-Louis Harignordoquy

1983ko ekainean zendu zen Manuel Olaizola Uztapide, eskola zaharreko bertsulari maitatua. Ahetzen Mattin zenari bezala, ehorzketan 35 bertsularik bertsu bedera kantatu genizkion. 1909an Gipuzkoako Zestoan sortua, artzaintzan, ikazkintzan eta fabrikako lanetan arizan ondoan, Oiartzunera ezkondu zen. Gaztaroan, bertsu zahar anitz gogoz ikasirik, jin omen zitzaion bera ere bat-bateko bertsulari izaiteko gutizia. 1935ean hasia bertsuka jendaurrean, 1972an isildu behar ukan zuen, Donostiako Atano pilotalekuan, Zeruko Argia astekariaren aldeko bertsu saio erditsutan ahotsik gabe mutu gelditu baitzen, perlesia kolpe batek jorik. Ordurako ospetsua bilakatua zen, 1962, 1965 eta 1967an Euskal Herriko txapeldun izanik, bai eta 1936an eta 1960an bigarren. Francoren altxamendutik zonbait urtetara, euskara doi bat baimendu zelarik, bertsugintza bere lanbide nagusia bihurtu zen. Gizon seriosa,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016