Azalekoa | 2023ko Irailaren 14a
Nahi zenuke… Ausart zaitez!
M.O.
Elealdi elkarteak aurtengo ikasturte hasierako lema tituluko hitz hauekin abiatzen du. Bildu gira Maryse Elissalde arduradunarekin, elkartearen funtzioa zein den azaldu dauku.
Elkartearen xedea
Elealdi elkartea 2017an abiatu zen, 30 bat kidez osatua, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoarekin. Maryse Elissalde da ekimen hunen sortzailea eta erakaslea. Euskara kurtsoak Endarra Angeluko kolegioan eman ditu, bai eta ere Angeluko “Ikasleak” taldean. Euskara ikasketak Baionako unibertsitatean segitu ditu, hizkuntzalaritza saileko masterra maila arte.
Maryse Elissalde sortzez Iholdikoa izanez, ttipitatik euskara menperatzen badu, euskarazko kurtsoak segitu zituelarik ohartu zen euskara transmititzeko beharra zegoela, bereziki kostalde inguruan. Oharra egiten zuen, Angelun bizi izanez, anitzek euskara baldin badakite, mintzatzeko uzkur agertzen direla. Elkartearen xedetatik bat da jende horiek euskaraz mintzatzeko usaia beregana dezaten.
Elkarteak heldueri zuzendutako kurtsoak emaiteaz gain, euskaraz trebatzeko aktibitate desberdinak antolatzen ditu. Kurtsoek astero oren bat eta erdi irauten dute, taldearen dinamika atxikitzeko dozena bat pertsonez osatua izan behar dela erraiten zaukun.
Erabili metodoa
2019an Ikas-ek argitaratu “Ikasbide” metodoa erabilia da, erritmo intentsiboan aritzea ahalbidetzen duelako. Europako Erreferentzia Markoan oinarritzen diren euskarriak eskaintzen ditu. Ahozko mintzairan trebatzea baitezpadakoa izanez, aktualitateko eta kultura gaiak aipatuak dira. Bestalde kantuen eta jokoen bidez euskara landua da. Ikasleek “etxeko lanak” badituzte, ondoko kurtsoan aipatuak direnak. Audioak erabiliak dira ikasleari etxean berriz entzutekoaukera emanez, kurtso bat huts egiten delarik erabilgarria ere dena. “Ikasbide” metodoak bakoitzaren aitzinamendua neurtu dezake, ikasleek liburuan auto-ebaluaziorako bete behar den gune bat baitute.
Edozeinek parte har lezake, ez dakitenetik ongi dakitena arte. Ibiltzen direnen profil desberdinak daude, horietan ikastolako burasoak beren haurrekin euskaraz hitz egiteko, euskaraz mintzatzeko ausartzia galdua dutenak… helburua delarik elkarrizketen bidez ahozkoa eta idatzia lantzea eta aberastea.
Euskaltzaindiaren gomendioak segituak dira, gaur egungo Ipar Euskal Herriko ahozko mintzaira da kurtsoetan gehienik erabiltzen dena, maila eta beharren arabera beste euskalkiak landuak dira.
Hitzegileari konfiantza eman
Maryse Elissaldek kontatzen zaukun Angelun saltegi batean sartzean “Egun on” erraitearekin gehienetan euskara dakiten pertsonak atzemaiten dituela. Horiekin solastatuz beren ama hizkuntzan hitz egiteko usaia galdua izanez, ez dira menturatzen. Elealdi elkarteak pertsona horieri buruz joan nahi luke, kurtsoak segituz, edozein gaiez mintzatuz, beren baitan konfiantza har dezaten helburua du.
Kurtsoan ibiltzen direlarik, hitz berri baten osaera azaltzen denean berehala berenganatzen dutela zioen. “Ahozko euskaradunak” deitzen ditu, alfabetatzea eta beren baitako konfiantza dutela eskas azpimarratzen zuen. Elkarteko arduraduna euskalkien alde agertu da, euskara batua beharrezkoa baldin bazaio, zioen tokiko mintzairak aberastasuna ekartzen duela.
Kurtsoetan parte hartzeko
Kurtsoak Angelun egunean zehar emanak dira. Interesatuek izena eman eta, banazka ikusiak dira fitxa galdeketa baten bidez beren ezagutza egiteko parada emanez. Jazko ikasleekin lehen kurtsoa irailaren 18an hasiko da, parte hartzeko interesatua denak 06-44-76-03-47 deituz izena eman lezake.