Gure Hitza | 2023ko Irailaren 14a
Lurralde antolaketa
Jean-Louis Harignordoquy
Bizilagunen ongizatea gogoan, auzapezek eta kontseilariek beren herriko antolaketaz arta hartzen dute. Bere aldetik, Garapen Kontseiluak ipar Euskal Herriari buruzko gomendio baliosak egiten ditu. Funtsean bertze batasun frangok ere bai, zoinek beren sailean. Ez idurika, abertzale mugimenduaren hastapeneko aldarrikapenak agertzen dira leunago erranak eta idatziak. Halere, jende guti da abarrez abar aztertu dituenik bizi den herriko aldaketen on-gaitzak, Henri Duhau senpertar komertsant ohiak, goi mailako euskaltzale langile kartsuak bezain xeheki eta dokumentuetan oinarriturik.
Xiberoak eta Baxenabarreko parte batek bizilagunen galtzak dituen bitartean, itzulipurdikatze handiak gertatu dira Lapurdiko herri gehienetan. Haietan zonbaitek beren arima galtzeraino. Turismoa garatzeko, egitura batzuk sekulako propagandak egin dituzte Frantzia guzitik edo berdin urrunagotik jendeak trumilka hunarat ekarrarazteko. Soberakina beti soberakin baita, hara orain Baionako bestetako gehiegikeriak. Mende erdi batez Lapurdiko biztanlegoa neurriz kanpo emendaturik, ibilgailuz galkatuak diren erregebideetan goiz arratsetan ezin kurritua dugu orain. Aski ongi kudeatu gabeko hirigintza politika ondorio kaltegarri eta kutsadura sortzaile agertzen zaigu.Ordu litzateke buruan hartzeko: “aski da!”. Laborantzarako baliatuak ziren lur hoberenetan etxe berri gehiagoren eta gainerateko azpiegituren eraikitzera hautetsiak bultzatzeko orde. Duela 55 urte, Senpereko aintziraren inguruko auzi bortitza lehenetarik izan bazen, geroztik herri eta hiri anitzetan zenbat lur on ez dira betoinez eta mundroinez estali! Ez da harritzekoa eurite handietan bideak eta karrikak ibai bihurtzen baldin badira.
Bulta huntan mundu hau utzia duen apez predikari batek zioen: “badakit dirua dela denen erregea, bainan gure eginbideetan sartzen da bidegabekerietaz jendeak ohartaraztea”.
Huna lurralde antolaketarako molde on zonbait: herri eta hiri erdietako etxe hutsen konpontzea eta merkaturatzea, bultzatzea bigarren egoitzak urte guzirako bizitegi bilaka ditezen, lekuko ekoizpenen erostera herritarrak bultzatzea, euskararen erakaskuntza orokortzea eta hunen erabilpena lehenestea iragarki mota guzietan, gure nortasunaren zimendu diren jardueretara jendeak sustatzea. Gogoan atxikiz auzo lanaren balioa, mendialdeko herri ttikiek bizitzen segitzearen beharra eta eskubidea.
Lurralde antolaketa erreusitzeko, lurraldea bere osotasunean hartu behar da, xokokerietan mugatu gabe eta arlo guziak konduan hartuz. Hurrengo hilabete eta urteetan ere solasgai hauen inguruan jende frango bilduko da, hala nola heldu den urriaren 8an Baionan. Alabainan, gero eta maizago aipatzen diren elikadura eta energia burujabetza helburuetatik sor ditaizke aterabideak. Haatik, eraginkor izaiteko, Euskal Herriko iparralde huntan segurik, oraino eskas ditugu guhauren botere legegilea eta gure zergetako dirua gure lurraldera bideratzeko ahala. Nehoiz ez dezagula gal aitzinatzeko gogo bizia!