Han eta Hemen | 2023ko Irailaren 14a
“Eko Barometroa”: Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa
Uztailaren 3tik 20ra, Baionako Merkatal eta Industria Ganbarak Ipar Euskal Herriko enpresetan inkesta bat egin du. Joan den astean André Garreta eta Pantxoa Bimboire Merkatal eta Industria Ganbarako ordezkariek, horiekin zutela Marie-Anne Kozlowski Baionako “Banque de France”-ko arduraduna, inkestaren emaitzen berri eman dute. “Eko Barometroa” deitu azterketan, 2023ko lehen sei hilabeteak kontutan hartzen ditu, Ipar Euskal Herriko enpresen egoera ekonomikoa agertzen dela.
Enpresarien sentimendua
Ipar Euskal Herriko 212 enpresek inkestari erantzun dute, aurtengo lehen sei hilabeteak giro ekonomiko egonkorrean gelditu dela agertzen da. Enpresa gehienen arrangura energia gastuen inguruan kokatzen da, prezioen gorakada, elektrizitate eta gas mozte arriskuak direla.
Agertzen da urteko lehen sei hilabetetan giro ekonomikoa pixkanaka txartzen ari dela, urte bururatze arte hala-hola atxiki beharko luke. Barne produktu gordina (PIB) Covid aitzineko mailara itzultzen ahal litzateke: 2023an batez beste +%0,6, 2022an +%2,5 baino gehiago.
Lantegientzat inflazioa arazo ekonomiko nagusia bilakatua da, nahiz eta iragan maiatzean, aurten lehen aldiz, urteko prezioen kontsumoa jautsi den (+%5,1). Ipar Euskal Herriko enpresariak ere horren lekuko dira, inflazioa traba nagusietako bat dela %31k atzemaiten baitu. Orokorrean, urteko lehen hilabeteetan tokiko egoera ekonomikoa egonkorra da, batez beste 3 enpresaburuetatik, batek emendatzea jasan du, besteak ahultzea eta hirugarrenak urte-negozioa atxiki du.
Prentsaurrekoan errana izan denez enpresek galdeak badituzte, lana baldin bada oraindik, kostuak handiak eta irabaziak etengabe murrizten ari direla adierazi dute.
Profesionalen %74ek beren enpresaren etorkizunean konfiantza baldin badute, testuinguru ekonomikoak, inflazio iraunkorrari eta energia krisiari lotua, buruzagiak arranguratuak dira. Bakarrik enpresarien %31 geroari buruz baikor agertzen da, aitzineko urteari begiratuz konfiantza tasa 5 puntuz beheratu da.
Bide beretik, %36k ekologia eta energia alorrean engaiatu nahi dute: deskarbonizazioa, energiaren kontsumoa murriztea eta ekonomia zirkularraren garapena indartu nahi dute.
Langile beharra
Langile kopuruari begira, Akitania Berria eskualdeari konparatuz, Ipar Euskal Herrian %1,5ez goragoa da. Ostalaritza (+%5) eta industria (+%2,5) sektoreak dira gehien langile hartzen dituztenak.
Batez besteko soldata %5,1era igan da (Akitania Berria +%5,7), emendatze handiena bitarteko (intérim) enpleguaren sektorea da (+%12,3).
Ipar Euskal Herria Akitania Berriko eskualdeko enplegu gehien kontratatzen duen bigarren eremua da (Bordeleren ondotik). Aitzineko urtearekin konparatuz lanpostu eskaintzak emendatu dira. Lanpostuen %65,2 denbora osokoak dira, aldiz enpresen %74ak langileen atzemaiteko zailtasunak ditu. 2020. urteaz geroztik, langabeziaren kopurua behera egiten jarraitzen du, 2023ko lehen sei hilabetetan maila historikoa lortuz (-0,4 puntu).