Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2023ko Irailaren 14a
AEK izen emaitea - Amikuze Mediatekaren sartzea - Xilaba
AEK Gau Eskolako aurtengo leloa: “Euskara hurbil, zu urrun heltzeko”
Amikuzeko AEK-ko Gau Eskolak helduentzat euskara klaseak urriaren 2tik goiti eskainiko ditu. Informazioak hartzeko edo izena emaiteko, permanentziak antolatzen ditu Donapaleuko Gau Eskolan (36 Gambetta karrikan), irailaren 11tik 20rat (13:00-19:15). Interesatuak diren guzieri behar diren xehetasunak emanak izanen dira.
Prezioen aldetik, ikasleak, ikasturtea pagatzeko, CPF (Compte Personnel de Formation) erabiltzen ahalko du, A2 mailatik goiti. Bestentzat kide prezioa aplikatua izanen zaie. Kontaktuaamikuze@aek.eus edo 05-59-65-89-21.
Azpimarratzekoa da aurtengo ikasturtean Korrika izanen dela eta urtarriletik goiti Amikuze eta Oztibarre aldean animazioak izanen direla. Parada ona ikasleentzat euskara praktikatzeko.
Bestalde, urtean zehar kurtsoak emaiteko, Amikuzeko Gau Eskolak erakasle bat xerkatzen du. Interesatuak direnak Gau Eskolarekin harremanetan sartzen ahal dira.
Amikuzeko mediatekaren sartzea
2023ko sartze kari, Amikuzeko mediatekak hiru ekitaldi berezi proposatzen ditu irail huntan.
Lehenik, genealogia tailer bat, bakoitzak bere familiaren historia deskubritzeko, izenaren jatorria, arbasoen bizi-esparrua, haien lanbideak, gizarte-harremanak… etab. Tailer hau “Amikuze Généalogie” elkarteak animatuko du, irailaren 16an, ibiakoitzez (10:00). Parte hartzeko izenak aitzinetik eman behar dira.
Bestalde, Amikuzeko mediatekak liburu saltze handia antolatuko du irailaren 20tik 23rat. Apaletatik ateratzen diren liburuak €1ean salgai izanen dira.
Azkenik, Zabalik elkarteak, mediatekaren partaidetzarekin Aritz Ibarrarekin topaketa bat antolatzen du, irailaren 30ean, ibiakoitzez (10:30). “Gasteiz 1200” komikia aurkeztuko du.
Amikuzeko mediatekak jakinarazten du 20.000 dokumentuz goiti dohainik eskaintzen dituela, publiko guzieri (gazte albumak, CD eta filmak, nobelak, aldizkariak; arteari, zinemari, sukaldaritzari, historiari... buruzko liburuak). Bakoitzak 20 bat dokumentu hartzen ahal ditu hilabeteka. Bi liburuzain hor dira laguntza ekartzeko eta galdereri erantzuteko.
Xehetasun gehiagorendako deitu 05-59-65-28-72.
Taldekako Xilaba larrazken huntan
2019an izan zen jadanik, berriz abiatzen da irailaren 22 huntan. Amikuzeko Eskukulako bertsu eskolako hiru bertsularik parte hartuko dute eta beren aldia eginen buruilaren 30ean, ibiakoitzean (19:00), Amenduzeko eiheran, bertsu afari moldean. Parean Ez Dok 5 taldea ukanen dute.
Finala azaroaren 18an izanen da Aiherran.