Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Irailaren 14a

Kattalin Elizalde kolegioa - Suhiltzaileetan aldaketak - Darius antzerkia - Heriotze - Denetarik

Kattalin%20Elizalde%20kolegioa%20-%20Suhiltzaileetan%20aldaketak%20-%20Darius%20antzerkia%20-%20Heriotze%20-%20Denetarik

Kattalin Elizalde kolegioa

Joan den astean Senpereko eskola guzietan, ikasleen sartzea izan da gertakari eta hizpide nagusia, halere Seaskaren 5. kolegio berriak protagonismoa hartu du. Duela 7 hilabete abiatu zen eraikitzea Herriko-Etxeak utzitako lur eremuan, Dominique Idiart zelarik auzapez. Haatik jaun Prefetak Seaskarekin ezeztatu du alokatze-kontratua, beraz Herriko-Etxeak negoziatu beharko du lurraren salmenta. Nehork ez zezaken pentsa, kolegioaren zabaltzea gauzatuko zela irailaren 4an, alta 82 ikaslek beren postuak hartu dituzte, 6. eta 5. mailetan, 4 geletan. Hemendik urte bat idekiko da 4. maila, baita bertzekoan 3. maila, helburua delarik 160 ikasleen kopurua aurkitzea. Enpresetako langile eta burasoen parte hartzearekin idekitzeko apustua bete da, nahiz oraino anitz obra gelditzen diren, bereziki bertze 8 gela iragarriak dira, lanen iraupena 2 urterendako ezarria da. Atsegin handia izan da ikasleendako, 7 erakasle taldearendako eta burasoendako, jakinez Ziburuko Larzabal kolegioa gainezka dela kopuruaren aldetik.

Suhiltzaileetan aldaketak

Hamabost urte eramanik suhiltzaileen buru, Julien Ubiriak bere zuzendaritza Jean-Claude Errandonearen eskuetan utzi du. Ibilbide guziek badute bukaera bat, 40 urte eginik suhiltzaile bezala, erreleboa pasatzea beharrezkoa zen. Julien-en zintzotasuna uko ezina baita, hitzaldietan ongi nabaritu dute, Fabrice Rosay suprefetak, Boulou koronelak, Nicole Darasse SDIS-ko arduradunak, baita Bernard Elhorga auzapezak. Suhiltzailez gain, anitz gomita baziren, giro goxo batean ospatu da Julien-en erretira, haatik orain arte bezala bere ingurukoeri eskua beti zabal izanen du. Besteak beste suerte on, Jean-Claude zuzendari berriari.

Darius antzerkia irailaren 19an

Larreko kulturgunean iraganen da asteartean (19:30), Jean-Benoit Patricot-ek sortu obra. Ohiz kanpoko ama baten eta usain-on egile baten arteko ustekabeko topaketa kontatua da. Bi aktoreek usaimen abentura argitsu batera eramanen gaituzte, sentsualitate eta umoreari esker. Erreserbak 20 eurotan, Euskal Herriko turismo bulegoetan eta antolatzaile den www.cultureetpatrimoinesenpere.fr gunean.


Heriotze

Iduriz Senpereko emazterik zaharrena pausatu da 102 urterekin, hau da Urguri-Marixoteleneko Mayi Lemercier sortzez Lascano. Zoritxarrez, lau hilabete barne galduak zituen Monique alaba, Ana ahizpa eta berrikitan Michel semea. Orain penetan utzi ditu bi seme Gérard eta Jean-Marc beren familiekin. Senperera itzuli aitzin, lanak eramanik René senar zenarekin Maisons-Lafitte hirian plantatu ziren. Emazte aktibo edo bizitore, baita zerbitzu emaile baten irudia utziko dauku. Dolumin bizienak, gure partez, familia eta adiskide guzieri.


Denetarik

Senpereko Pilotaren Museoa, idekia izanen da eta kitorik, larunbatean irailaren 16an (9:00-11:30), Europako Ondareen Egunak direlakoan.

Mutxikoak, Xan Ithurria plazan irailaren 17an eta urriaren 15ean (11:00), bertzalde Patxi ta Konpaniak dantzaldia animatuko du, urriaren 1ean (17:30) Ibarrungo plazan, besten kari.

Euskara ikasi nahi dutenendako Euskal Elkargoak aplikazio bat ezarria du www.japprendslebasque.com. Hunek egitura desberdinen xehetasunak proposatzen ditu.

Bil ta Garbik antolatzen du Zaluagako bisitaldia irailaren 21ean (14:00) dohainik, izen emaitea beharrezkoa da: contact@biltagarbi.fr.

Argazki lehiaketa, “Klima astea” baitan, iraganen da urriaren 9tik-15era, Herriko-Etxea eta Arranoen Begia elkarteak antolaturik, “Ura, berotze klimatikoaren baitan” lemapean, azken epea izen emaiteko eta argazkien pausatzeko Herriko-Etxean, irailaren 20an

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3710. zbk

Gure Hitza | 2023/09/14

Lurralde antolaketa

Jean-Louis Harignordoquy

Bizilagunen ongizatea gogoan, auzapezek eta kontseilariek beren herriko antolaketaz arta hartzen dute. Bere aldetik, Garapen Kontseiluak ipar Euskal Herriari buruzko gomendio baliosak egiten ditu. Funtsean bertze batasun frangok ere bai, zoinek beren sailean. Ez idurika, abertzale mugimenduaren hastapeneko aldarrikapenak agertzen dira leunago erranak eta idatziak. Halere, jende guti da abarrez abar aztertu dituenik bizi den herriko aldaketen on-gaitzak, Henri Duhau senpertar komertsant ohiak, goi mailako euskaltzale langile kartsuak bezain xeheki eta dokumentuetan oinarriturik.

Xiberoak eta Baxenabarreko parte batek bizilagunen galtzak dituen bitartean, itzulipurdikatze handiak gertatu dira Lapurdiko herri gehienetan. Haietan zonbaitek beren arima galtzeraino. Turismoa garatzeko, egitura batzuk sekulako propagandak egin dituzte Frantzia guzitik edo berdin urrunagotik jendeak trumilka hunarat ekarrarazteko. Soberakina beti soberakin baita, hara orain Ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016