Ba ote dakixu? | 2023ko Irailaren 14a
Atenastar demokrazia (3/5)
Gilen Bacho
Herritar batek, Bostehunen Kontseiluan (Boule) zelarik, Estaduko gobernamenduan parte hartzen zuelako sentimendua bazuen. Estaduko afera inportantenak lantzen zituen eta hori egunero edo kasik, kontseilua urtean 300 egunez bederen elkartzen baitzen. Herritar pobreeri kontseiluko lanak segitzeko posibilitatea emaiteko, 450eko hamarkadatik goiti, ordainsari bat kontseilarieri emaitea erabakia izan zen. Kontseilariek haien kargua uzten zutelarik, kontseilu berriaren aitzinean kontuak eman behar zit
Ekklesia edo herritarren biltzarra
Bostehunen Kontseiluak influentzia handia bazuen baina herritarren biltzarra, Ekklesia, zen Atenasko demokraziaren bihotza. Atenasko herritar guziek Ekklesian parte hartzen ahal zuten eta boterea haien eskuetan zuten, Ekklesiak baitzuen legea bozkatzen, baita ere gerla edo bakea. Eskua altxatuz bozkatzen zen.Ekklesia Pnyx-eko mendittoan biltzen zen, segurki hilabetean behin V. mendean eta hiru edo lau aldiz hilabetean IV. mendean. Hor ere, baina bakarrik 390eko hamarkadatik goiti, herritarren guzien parte hartzea sustatzeko, biltzarrean parte hartzen zuten herritarreri ordainsaria emana zen (obole). Zenbat herritar baziren orotarat? Ez da segurtasunik baina historialari gehienek 30.000 herritar bazirela estimatzen dute, bederen Pericles-en denboran (430eko hamarkadan), zenbaki gorena kausitua izan zelarik. Atenasen, herritarrak gutiengoan ziren (250.000 biztanle baitziren), eta horrek Atenasko demokraziaren muga handia erakusten zuen. Herritartasuna ez zen emazteeri eta esklaboeri idekia, ez ere metoikoseri (kanpotarrak). Pericles-ek oraino baldintzak gogortu zituen (herritar izateko aita herritarra behar zen izan eta ama herritar baten emaztea eta atenastarra), horretako herritarrak oraino gutiago ziren IV. mendean. Atenastar emazteek ez zuten eskubide politikorik (Grezia osoan bezala) ez eta ekonomikorik ere (Espartan, adibidez, alderantziz zen). Ekklesian, teorikoki, herritar guziak elkartzen ahal ziren baina ez ziren denak heldu edo bederen ez denak ber mementoan, bakarrik 6.000 jarleku baitziren. Baina, leku gehiago behar baitzen herritar gehiago biltzeko, Atenasko demokraziaren prozedura berezi batentzat Ekklesiak Pnyx-eko mendittoa utzi zuen Agorara abiatzeko.
Ostrazismoa
Prozedura hori ostrazismoa zen. Ostrazismoa bozkatzeko gutienez 6.000 bozkatzaile behar ziren, horregatik herritarrak Agora plaza handian bildu behar ziren. Ofizialki, ostrazismo prozedura Atenasko demokraziaren bukaera arte existitu zen baina egiazki 488tik 416ra erabilia izan zen. Urtero, epoka berean, Ekklesiari ostrazismo prozedura bat abiatu nahi bazuen eskatua zen. Ekklesiak baietz ihardesten bazuen, bozkatzea ber urtean egina zen baina hilabete zenbait berantago. Herritarrek ostraka (buztingintza hauskin bat) bat erabiltzen zuten bozkatzeko, zeinean herritar baten izena grabatzen zuten. Boz gehienik zuen herritarra hamar urterentzat herritik haizatua zen. Aristoteren gisa, prozedura hori zuzengabea eta krudela zela jujatzen ahal dugu egun, baina, epoka horretan, eta sustut demokratiko ez ziren erregimenetan, ez da ahantzi behar hobendun jujatua zen politikari bat (traizioaz edo beste falta grabe batez) usaian heriotzara kondenatua zela. Ostrazismoz baztertua izan zenak ez zuen bere herritartasuna galtzen, eta ez ere bere jabetzak. Atenasentzat, prozeduraoso demokratikoa zen, egiazko boterea “demos”-ari emaiten baitzuen Estaduko burazagien ekintzak kontrolatzeko eta botere abusuak saihesteko.