Euskal diaspora | 2023ko Irailaren 14a

Laguntza Diasporako euskaldun batendako eta Diaspora Eguna

Joseba Etxarri

Laguntza%20Diasporako%20euskaldun%20batendako%20eta%20Diaspora%20Eguna

Argazki-oina:

Renon bizi den euskalduna da Ezti, eta eritasun handi eta arraro bat diagnostikatu diote, arrunt aitzina egina. Lagunek laguntza kanpaina hasi dute

--------------

RENO, NEVADA. Kanpaina abiatu zuten agorril hondarrean Estatu Batuetan Nevadako Renotik, laguntza galdeginik minbizi egoera larrian eta beharrean den euskal komunitateko 29 urteko Ezti ama gaztearendako. Bere amaren etxean bizi den 29 urteko Renoko gazte bat da Ezti, ezkongabea, 3 urteko alaba baten ama, eta jasaten ari den osasun egoera konplikatuaren aitzinean bere lagunek diru-bilketa kanpaina antolatu dute Gofundme plataformarenbidez, ordaintzeko dituen eta ordaindu beharko dituen ospitale eta osasun gastu handiei aurre egin ahal izateko. Animalientzako klinika batean bost urtez lankide izan duen Michelle adiskideak antolatu du eskealdia, ikusirik Eztiri heltzen hasi zaizkiola fakturak, eta eritasunaren kontrako egoeraren hastapenean baizik ez dagoela, eta iragarria dioten 4. faseko birika-minbizia artatzeko froga eta tratamentuak arras kario direla. Baxenabartar arrazakoa da Ezti eta agorrilean diagnostikatu diote oso arraroa den minbizi mota hau. Lagundu nahi dutenek —ez da diru kopuru tipirik, guziak laguntzen du— hemen egiten ahal dute, internetez: https://www.gofundme.com/f/ezti-is-in-desperate-need-of-all-of-our-help. Aitzinetik, milesker.

DIASPORAREN EGUNA. Iragan ostiralean, irailaren 9an, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta hala ospatu zuten asteburu osoan mundu osoko hamaika euskal etxe eta euskaldunek. Euskal Herrian, ekitaldi instituzionala egin zen Gernikan —iazko Donibane Garazikoaren ondotik— Garaziko eskualdea bezala Gernikakoa ere emigrante-igorle izan baita, bereziki Estatu Batuetara, hondarreko ehun urte hauetan hasteko. Urkullu lehendakaria buru izan zuen ekitaldian Joseba Erremundeguy joan zen komitatu, Euskal Elkargoko lehendakariorde eta ordezkari gisa. Egun berean, Urepelen ere ospatu zuten Diasporaren Eguna, Olentzeroren Lagunak elkarteak iaz Argentinan grabatu 'Transmisioa' dokumentala eman baitzen Amerikanoienean.

Aurten seigarren aldiz ospatu den hitzordua da Euskal Diasporaren Eguna, 2018an antolaturik lehendabizikoz, munduan barreiatuta diren Zortzigarren Probintziako euskaldunak gogoan atxiki, eta aldarrikatzeko haien ekarpena eta partaidetza euskal kulturari eta Euskal Herriari. Aurten ere, ospakizunarekin bat egin dute mundu osoan hainbat euskal etxe eta euskaldunek, hasteko Alemanian, Argentinan, Belgikan, Espainian, Estatu Batuetan, Frantzian, Kolonbian, Kuban, Perun, Txilen, Uruguain eta Venezuelan bederen. Perun, adibidez, lehen aldikoz egin dute bat herrialdeko hiru euskal etxeek, Liman, Trujillon eta Cusco-Urubamban, Ekuadorreko euskal talde bat ere partaide. Ospakizunik gehien Argentinan izan da, eta Egunarekin bat egin dute, konparazio, Llavallol-eko 'Euskal Echea' eskolan, herrialde osoko 500 bat umek, FEVA euskal etxeen federazioak antolatu elgarretaratzean. Hastapenetik izan da Diasporaren Eguna ekitaldi arrakastatsua, Diasporak gogoa, beharra eta eskubidea adierazten baitu Euskal Herriko gainerako euskaldunek gero eta hobeki ezagutu eta gogoan har dezaten. Zorionak Diasporako euskaldun orori!


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3710. zbk

Gure Hitza | 2023/09/14

Lurralde antolaketa

Jean-Louis Harignordoquy

Bizilagunen ongizatea gogoan, auzapezek eta kontseilariek beren herriko antolaketaz arta hartzen dute. Bere aldetik, Garapen Kontseiluak ipar Euskal Herriari buruzko gomendio baliosak egiten ditu. Funtsean bertze batasun frangok ere bai, zoinek beren sailean. Ez idurika, abertzale mugimenduaren hastapeneko aldarrikapenak agertzen dira leunago erranak eta idatziak. Halere, jende guti da abarrez abar aztertu dituenik bizi den herriko aldaketen on-gaitzak, Henri Duhau senpertar komertsant ohiak, goi mailako euskaltzale langile kartsuak bezain xeheki eta dokumentuetan oinarriturik.

Xiberoak eta Baxenabarreko parte batek bizilagunen galtzak dituen bitartean, itzulipurdikatze handiak gertatu dira Lapurdiko herri gehienetan. Haietan zonbaitek beren arima galtzeraino. Turismoa garatzeko, egitura batzuk sekulako propagandak egin dituzte Frantzia guzitik edo berdin urrunagotik jendeak trumilka hunarat ekarrarazteko. Soberakina beti soberakin baita, hara orain Ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016