Jainkoa bizia jendea | 2023ko Irailaren 14a

Edukazioaren helburuak

Maite Iratzoki

Edukazio, Heziketa, Hazibide, egun hauetako hitzak, eskolen sartzea egin baita. Lorioski ala penarekin, jauzika ala oinak herrestan, eskolara joan beharrak, milioika haur, gazte eta profesional jartzen ditu ikasteko bide hortan. Frantzian, 16 urte betetzera arteko obligazioa ere bada, anitz hasten dira 3 urte orduko. Zoin dira bada eskolako eginbeharrak eta hainbertze urtetako xedeak?

Lehen lehenik gogoratzen dena, irakurtzen eta idazten ikastea eta berehala gehitzen da kontatzea, kalkulatzea. Bi elementu horiek jadanik adierazten dute erlazioaren helburua, harremanaren helburua. Mintzatzeko, lehen ikaskuntza etxean egiten da, eta irakurketa, oro har, haurra handixago denean, eskolan egiten da. Irakurketak gogoa zabaltzen du bertzeen pentsamendura, aldi berean distantzia bat segurtatzen du sentitzen diren emozioekin. Irakurketa nahi bezala gelditu eta berriz har daiteke, denbora eta gustua delarik. Erritmoa menperatu ahal izateak, bere ahaleri moldatzeak, irakurketari bere zinezko harremana emaiten dio, pertsonak errespetatzen dituelako.

Egileak libreki idatzi du bere pentsamendua, bere istorioak irudikatu ditu, bere argumentuak zabaldu ditu eta bere produkzioa eskaintzen du. Horrela, irakurlearen pentsamendua zerbait berrira, ustekabera zabaltzen da, denbora emaiten zaio pentsamendu berri hori atxikitzeko edo baztertzeko. Denbora emana zaio bere pentsamenduarekin alderatzeko eta kritikatzen ikasteko. Zer da kritikatzea? Egia neurtzea, errealitatea egiaztatzea, onginahia pisatzea, gezurra salatzea, manipulazio engainagarria agerian ezartzea.

Sare sozialek, telebistek eta egunkariek informazio kategoria guziak zabaltzen dituzte. Eskolaren helburua denbora hartzen irakastea da, irakurtzeko, konparatzeko, egiaztatzeko, aztertzeko eta ondoren, zabaldutako informazioa atxikitzeko edo baztertzeko, baita argumentuak eraikitzeko kontra egiteko.

Irakurtzen ikasteak denbora galdetzen du eta ezinbesteko beharra du. Nola hori? Ikus daiteke zer gertatzen den, hitz egiten den hizkuntza edozeinekin, irakurri ezin duten pertsonekin. Anitz tokitan, neska ttikiek eta neska gaztek ez dute eskolara joaiteko ahalik: Afrikako erresumetan, hiritik urrun direlarik edo ama hila delarik; Indiako toki anitzetan; Talibanak nagusi diren erresuman; Frantzian, eskolatik kanpo direnek, familia etorkinek eta batzuetan bidaiako pertsonek. Neska eta emazte horiek gizonen menpean bizi dira. Gizonek hartzen dituzte erabakiak, eta heiek finkatutakoa aplikatu behar dute, bai ekonomian, bai sexualitatean, bai politikan, bai harremanetan, ez dute eskubiderik beren etxe eta etxe ondotik urruntzeko. Irakurketak, beraz, libreki pentsatzeko aukera emaiten du, konparatuz eta gero erabakiak aukeratuz.

Irakurtzen ikastea metodo bat, bide bat da, askatasunaren bidea eta bere buruaren errespetatzeko bidea. Erabakiak ziztuan eta tarrapatan, sare sozialen eta bertzeen menpean hartu beharrean, irakurketak denbora emaiten du, distantzia hartuz eta ondotik, askatasunean erabakitzeko.

Irakurketa eta idazketa uztartzen dira. Idazketak ere denbora galdetzen du pentsamendua argitzeko eta engaiamendu bat delako. Klonek eta inteligentzia artifizialak harrituko gaituzte. Algoritmoen bidez ezagutzak berehala erakusteko gaitasuna dute eta laguntza larria emaiten dute. Bainan askatasunean pentsatzen duen eta jokatzen den pertsonak, sortzen duen harridura mugarik gabeko gauza miragarria da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3710. zbk

Azalekoa | 2023/09/14

Nahi zenuke… Ausart zaitez!

M.O.

Nahi%20zenukea€%20Ausart%20zaitez!

Elealdi elkarteak aurtengo ikasturte hasierako lema tituluko hitz hauekin abiatzen du. Bildu gira Maryse Elissalde arduradunarekin, elkartearen funtzioa zein den azaldu dauku.

Elkartearen xedea

Elealdi elkartea 2017an abiatu zen, 30 bat kidez osatua, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoarekin. Maryse Elissalde da ekimen hunen sortzailea eta erakaslea. Euskara kurtsoak Endarra Angeluko kolegioan eman ditu, bai eta ere Angeluko “Ikasleak” taldean. Euskara ikasketak Baionako unibertsitatean segitu ditu, hizkuntzalaritza saileko masterra maila arte.

Maryse Elissalde sortzez Iholdikoa izanez, ttipitatik euskara menperatzen badu, euskarazko kurtsoak segitu zituelarik ohartu zen euskara transmititzeko beharra zegoela, bereziki kostalde inguruan. Oharra egiten zuen, Angelun bizi izanez, anitzek euskara baldin badakite, mintzatzeko uzkur agertzen direla. Elkartearen xedetatik bat da jende horiek euskaraz mintzatzeko usaia beregana dezaten.

Elkarteak heldueri zuzendutako kurtsoak emaiteaz gain, euskaraz trebatzeko aktibitate desberdinak antolatzen ditu. Kurtsoek astero oren bat eta erdi irauten dute, taldearen dinamika ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016