Mundu zabalean | 2023ko Irailaren 14a

Amnistia Kataluniako independentistentzat

J.B.

Amnistia%20Kataluniako%20independentistentzat

Pedro Sanchez Espainol Gobernu buruaren inguruko koalizioa negoziatzeko lehen baldintza bezala, Carles Puigdemont, Belgikan errefusiatua den Kataluniako presidente ohiak amnistia katalan independentisten alde aitzinatu du. Nahiz eskuinak irabazi dituen Espainiako azken hauteskundeak, sozialistek dute koalizio zabalena lortzeko xantza handiena. Bainan horretara heltzeko sozialistek baitezpadakoa dute Puigdemont-en inguruan sortu den Junts per Catalunya alderdi independentistako parlamentarien su

Gobernua osatzeko buru hausteak

Uztailaren 23an eskuina aitzinean agertu bazen ere joan den Espainiako Parlamentua arraberritzeko hauteskundeetan, deputatuen Kongresuko gehiengoa lortzeko behar diren 176 deputatu ezin bilduz ari da Nuñez Feijoo Partido Popularreko burua. Haren alderdiak 137 parlamentari ditu, eskuin muturreko VOX alderdiak 33 eta Nafarroako UPN eta Koalizio Kanarietako deputatu banarekin 172 dira Nuñez Feijo Gobernuko burua izaiteko sustengua ekar lezaketen deputatuak. Gehiengo osorik ez, gaur egun eskuinaren hautagaiarentzat.

Pedro Sanchez oraiko presidente sozialistak koalizioko gobernu baten onarrarazteko xantza gehiago luke, paperean bederen. Haren alderdiko 121 deputatuekin, Sumar ezkerreko beste taldeko 31 deputatuen sustengua lor lezake eta gehiengoa osatzeko Galiziako, Euskal Herriko eta Kataluniako bozen beharra du. Zehazki: Galiziako Benegas alderdiko deputatua, EH Bilduko 6ak eta EAJko 5ak, Kataluniako ERCko 7ak eta Junts per Catalunyako 7ak. Denen artean 178 parlamentari dira, beharrezkoa den gehiengoa baino gehixago. Bainan horretarako alderdi guzi horien sustengua lortu behar litzateke. Ez da irabazia eta negoziaketak abiatuak dira.


Puigdemont ilunetik argira

2017an iragan zen Kataluniako independentziaren aldeko erreferendumaren ondotik, hedatu zen zapalkuntza azkarrak, bortxaz independentziaren aldeko boz eramaileak isilarazi zituen. Bainan joan den uztailaren 23ko deputatu bozek argiki erakutsi dute bakarrik gobernatzeko Espainiako bi alderdi nagusiek ez dutela aski sustengurik, ez eta bakotxak dituen hurbileko bigarren alderdiarekin ere: PPrentzat eskuin muturreko VOX eta PSOErentzat Sumar. Eskualde desberdinetako alderdi abertzaleak ezinbestekoak bilakatu dira.

Egoera nahasi horrek aipatu 2017ko gertakariez geroztik Belgikan errefusiatua den Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari aktualitateko argiak itzularazi ditu. Baitezpadakoa den parlamentarien gehiengoa lortzeko, Pedro Sanchezek denen beharra du, bereziki sei urte hauetan zokoratua eta presondegi mehatxupean atxikia zen Carles Puigdemont-en Junts per Catalunya alderdiko zazpi deputatuak.

Joan den astelehenean, lehen aldikoz Yolanda Diaz espainol Gobernuko ordezkaria joan zaio bisita egitera. Espainiako Gobernuaren hirugarren agintari politikoa da, laneko ministroa eta Sumar talde politikoaren sortzailea eta aitzindaria. Nahiz eta Pedro Sanchezek erran duen ez zela bisita hortaz jakinean, aitzineko urteetako hutsegiteak gelditzeko tenorea zela deklaratu du. Erran behar da presondegiratuak izan ziren independentziarako erreferendumaren arduradun politikoeri 2021ean barkamena galdegin ziela.

Bestalde agorrilaren 17an Francina Armengol sozialista Deputatuen Kongresuko presidente aise izendatua izan da, 178 bozekin, alderdi abertzale guzien sustenguarekin, Junts per Catalunyako zazpi deputatuak barne.


Amnistia lehen baldintza

Negoziaketa ofizialak ez dira hasiak, bainan Kataluniako presidente ohiak baldintzak plazarazi ditu, Belgikako hiri nagusitik, nonbre handian bilduak ziren kazetarien aitzinean. Carles Puigdemont-ek Pedro Sanchezekin negoziaketak hasteko lehen lehenik 2017ko erreferendumaren antolaketan parte hartu zuten eta auzi mehatxu pean dauden herritar guzientzat amnistia galdegin du.

Ez da partida errexa izanen. Dialogoaren alde mintzatu den Pedro Sanchezen alderdian berean kritika gogorrak entzun dira, bereziki Felipe Gonzalez presidente ohia eta GAL talde terroristaren sortzaile daitekeenaren ahotik. Bai eta ere, igurikatzen zen bezala, eskuin alderdietarik. Bainan gaia mahai gainean da, Kataluniako ERC alderdiko deputatuek ere sustengatzen dute, Euskal Herrian ere ondorioak sor ditzakeena.

Anartean Espainiako Gobernu berria sortzeko Felipe erregeak izendatu duen Partido Popularreko Nuñez Feijook haren sustengatzeko prest daitezkeenekin bilkurak segitzen ditu. Mementoan eskuinaren aitzindariari ezinezkoa zaion gehiengoa hilabete hondar huntako bildu beharra den deputatuen Kongresuan lortzen ez badu, Pedro Sanchezi bi hilabeteko epea geldituko zaio ezkerrari xantza bat eskaintzeko, prest izaiten ahal diren alderdi guzien biltzea.

Pedro Sanchezek, Sumar taldeak, Kataluniako eta Euskal Herriko alderdiek elkarrizketaren ateak ideki dituzte. Negoziaketa tinkoak dudarik gabe, amnistia eta burujabetza aipagai izanez.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3710. zbk

Gure Hitza | 2023/09/14

Lurralde antolaketa

Jean-Louis Harignordoquy

Bizilagunen ongizatea gogoan, auzapezek eta kontseilariek beren herriko antolaketaz arta hartzen dute. Bere aldetik, Garapen Kontseiluak ipar Euskal Herriari buruzko gomendio baliosak egiten ditu. Funtsean bertze batasun frangok ere bai, zoinek beren sailean. Ez idurika, abertzale mugimenduaren hastapeneko aldarrikapenak agertzen dira leunago erranak eta idatziak. Halere, jende guti da abarrez abar aztertu dituenik bizi den herriko aldaketen on-gaitzak, Henri Duhau senpertar komertsant ohiak, goi mailako euskaltzale langile kartsuak bezain xeheki eta dokumentuetan oinarriturik.

Xiberoak eta Baxenabarreko parte batek bizilagunen galtzak dituen bitartean, itzulipurdikatze handiak gertatu dira Lapurdiko herri gehienetan. Haietan zonbaitek beren arima galtzeraino. Turismoa garatzeko, egitura batzuk sekulako propagandak egin dituzte Frantzia guzitik edo berdin urrunagotik jendeak trumilka hunarat ekarrarazteko. Soberakina beti soberakin baita, hara orain Ba...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016