Azalekoa | 2023ko Azaroaren 16a

Bagira prozesuaren azken urratsak

M.O.

Bagira%20prozesuaren%20azken%20urratsak

Aurten Itsasun iragan zen Aberri Egunean, Bagira prozesua abiatu zen, Ipar Euskal Herriko abertzale mugimendua berrantolatzeko xedearekin. Ondotik inkesta bat egina izan zen, puntu anitzen inguruan, Aztiker ikerketa soziolinguistikoan aditua den egiturak emaitzak aztertu ditu.

Inkestaren erantzun kopurutsua

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen diagnostikoa egiteko, Bagira prozesuaren baitan zabaldu inkestak arrakasta ukan du, galdeketa errezibitzeko 2.250 pertsonek izena eman baitute, 1.500 erantzun inguru aztertuak izan dira. "Bat-batekotasunak, hausturak, politikatik eta antolaketa kolektibotik urruntzeak ezaugarritzen duten garai huntan, mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gogoeta-tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunera baturik proiektatzeko” adierazi du Bagiraren gidaritza batzordeko Txomin Povedak.

Ipar Euskal Herrian bizi diren 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu dute. Inkesta euskarri digitalaren bidez nagusiki bete da, paperez ere egiten ahal zena. Galdetegiari erantzun dutenen erdia baino gehiago gizonak izan dira (%53,1), beste kasik erdia emazteak (%46,5) eta erantzuleen %0,4k ez du bere burua gizon edo emazte bezala identifikatu.

Ondorio nagusiak

Prozesuaren bultzatzaileek inkestatik hainbat ondorio nagusi atera dituzte. Lehenik, erantzun dutenen %67,9k alor desberdinetako dinamika kolektiboetan parte hartzen du. Bigarrenik, azken urteetan eraman dinamika militanteen eta mugimendu abertzalearen oinarri zabalaren arteko borroken aitzinamendua modu positiboan baloratua izan da. Bereziki gatazka politikoaren ondorioen konponketaren kasuan, Ipar Euskal Herriko preso politikoen askatzeari buruz urrats garrantzitsuak eman direla agertzen da (%78,3). Hirugarrenik inkestatuek abertzaletasunaren oinarri historikoarekin duten atxikimendua berresten dute: euskara, subiranotasuna eta Euskal Herriarekin duten lotura sentimentala (Zazpiak Bat), ekologiarekin eta feminismoarekin ere lotzen dute. Aldiz %61,5 pentsatzen du desberdintasun sozialen kontrako borrokak ez duela aitzinera egin. Azkenik, inkestak agerian uzten du mugimenduaren barneko engaiamendu moldeen aniztasuna, bai diskurtsoan, bai kolektibo ekintza militantean, baita fronte elektoralean eta instituzionaleko engaiamenduan.

Laborantza iraunkorraren, tokiko ekonomiaren eta euskararen aldeko borroketan, gehiengoak uste du urratsak egin direla, baina erantzun dutenen %30ak gibelatu edo gutienez ez dela aitzinamendurik izan adierazi du.


Ondoko urteetarako desafioak

Erantzun dutenen gehiengoak arlo instituzional berri baten beharra agertu du, gehiengoa lurralde kolektibitate baten alde agertuz (0 eta 10 puntuazioan: 8,1). Horrez gain, ondoko urtetarako desafioetan nagusiki identifikatu dira, euskara (%59,4), etxebizitzaren aldeko borroka (%40), arazo klimatikoa (%33,2), borroka sozialak (%20,8) eta laborantza lurren defentsa (%15,3). Azkenik, lehentasunezkotzat jotzen diren desafioetan sartzen ez badira ere, feminismoa, genero-berdintasuna, belaunaldien berritzea eta gazteen dinamika aipatuak izan dira. Gidaritza Batzordearen iritziz, heldu diren urteetan, gai hauen inguruan erantzunak atzeman beharko direla errana izan da.

Azken urratsak

Bagira prozesuak idekitzen du bere azken sekuentzia, abertzaletasuna berrituko duen bide orri partekatua eraikitzeko eta ondoko urteetan mugimendu gisa hartu beharreko norabideak finkatzeko asmoz.

Hainbat lekutan, emaitzen aurkezpenak egiten ari dira, egunak zehazki jakiteko www.bagira.eus bidez jakin daitezke. Bagirako ordezkarientzat, solasaldi, elkartruke eta eztabaida momentua izan nahi duela adierazi dute. Prozesuaren azken bidean, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen jardunaldiak urtarrilaren 27an iraganen dira. Bagira prozesua bururatuko da 2024ko Aberri Eguna kari, martxoaren 31n Uztaritzen iraganen dela errana izan da.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3720. zbk

Gure Hitza | 2023/11/16

Udazkena

Janbattitt Dirassar

Eta bai, udazkena buruz beheiti ari zauku. Ez bide ditake bestela izan, azaroan polliki sartuak baigira. Besteak beste, ikaragarriko galerna jasan dugu bizpahiru egunez segidan. Gehiago ere Frantzia iparraldean. Aspaldian, biziki aspaldian, ez zen holakorik ikusi. Bideak zerratuak, autoak eta treinak geldituak, zernahi etxe fundituak, urak nunahi ateratuak, gaitzeko eremuak estaliz, alimaleko makurrak bazter guzietan! Oroitzeko egun latzak, latzak baino latzagoak ere funtsean, ez baititugu hola eta hola ahanzten ahalko!

Ez gaude halere alde bat txarrena gogoan. Egun hobeak heldu dira eta zauri pisu horiek sendatuko dira, gisa hartako urratsak ere eginez batzuk eta bestek. Behialakoak ziona, hola da bizia!

Eta bestalde, nolako sasoina, aurtengo udazkena? Makeako eiherazainaren ustez segurik, ez hain ona eta ez hain txarra... Oro har, usaian baino urtxo pasaia gutixago naski, artetan anitz ikusi bada erehan edo hemen. Onddo gutiago...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016