Gure Hitza | 2023ko Azaroaren 16a
Udazkena
Janbattitt Dirassar
Eta bai, udazkena buruz beheiti ari zauku. Ez bide ditake bestela izan, azaroan polliki sartuak baigira. Besteak beste, ikaragarriko galerna jasan dugu bizpahiru egunez segidan. Gehiago ere Frantzia iparraldean. Aspaldian, biziki aspaldian, ez zen holakorik ikusi. Bideak zerratuak, autoak eta treinak geldituak, zernahi etxe fundituak, urak nunahi ateratuak, gaitzeko eremuak estaliz, alimaleko makurrak bazter guzietan! Oroitzeko egun latzak, latzak baino latzagoak ere funtsean, ez baititugu hola eta hola ahanzten ahalko!
Ez gaude halere alde bat txarrena gogoan. Egun hobeak heldu dira eta zauri pisu horiek sendatuko dira, gisa hartako urratsak ere eginez batzuk eta bestek. Behialakoak ziona, hola da bizia!
Eta bestalde, nolako sasoina, aurtengo udazkena? Makeako eiherazainaren ustez segurik, ez hain ona eta ez hain txarra... Oro har, usaian baino urtxo pasaia gutixago naski, artetan anitz ikusi bada erehan edo hemen. Onddo gutiago, hori ere askori entzun diotegun kantua! Toki batetik bestera, ikusmolde frango desberdinak mahastizainen artean.
Horiek hola, Ezpeletako Biper-Besta famatuak sekulan baino arrakasta handiagoa ukan du, izigarriko mundua alabainan! Jende frango arrunt harrituak nolaz izaiten ahal ere den holako mugimendua! Biziki giro airosa eta ezinago herrikoia! Hoinbeste gauza on salgai, jateko, edateko eta beste! Zernahi kofradia elgarretaratuak, denak harro eta kementsu! Bazkari eta afari hautak jatetxe guzietan! Hola begiratzen dira, eta hola begiratu behar ere, gure ohidura ederrak. Gure nortasunaren lekuko, bai eta gure ondarearen argi!
Urriko gertakari guziz aipagarria hau ere, Itxaro Borda idazle xintxo eta jeinutsuaren Euskaltzain oso jartzea, Baionan egin dena, denek jakinki nolako mereximenduak badituen eta aspaldian, oraino gazte-gaztea zelarik lotu baitzen bere idazlan balioseri, karraskan lotu, euskara gisa hartarat maite zuelako, gero eta gehiago maitatu nahi ere gainerat! Euskaltzale guzien esker eta goresmenak hartze dituela!
Beste hitzordu balios frango ere azken aste horietan. Hala hola muslarien xapelgo nagusia, aurten Txilen muntatua. Bai eta Jean Haritschelhar euskaltzainburu zenari eskaini omenaldi ederra. Denek gogoan zonbat sailetan zoin kartsuki bermatu zen, alde bat lan eta lan! Gisa guziz, zonbat harat eta hunat guhauren artean, bakoitxak bere heinean gauzatzen dituenak, azkarrean direnek bezala, beren moldean, ezinbestean bada ezinbestean, ene gisa etxetik guti ateratzen direnek. Goraxago idatzi lerro bat berriz ezarriz, hola dela bizia eta hola hartu behar dugula.