Herriz Herri - Altzai-Altzabeheti-Zunharreta (Z) | 2023ko Azaroaren 16a
Jauzien Egüna
Jauzien Egüna, hegoaren egüna! Aizea Xiberoan, aizea Altzaiko plazan, aizea nausi! Bena aizea ere xirula, ttun-ttun eta arrabitetan, hatsa hobeki erran, hats zahar bezain berria, zahar bezain gaztea. Eta hatsa behar zen bai hegoari bühürtzeko, bai eta jauzi horien bürüalat eramaiteko.
Ez zen ikuskizun formala, ez zen dantzaldia, ez zen Ikea edo Carrefour-eko produktu enbalatüa, kontsumitzeko prest, kanpoko plastika ürratü, konektatu eta jaka zazu! Ez zen… Bena ordüan zer zen ote?
Bizi une eta güne bat, transmisio aldia, entsegü eta emaitza batetan, freskotasun honartüak berotürik, gazteak eta gazte izanak nahasirik, “aritegi” bat aire librean arigia bizi batetan… Dantza plazan hots! Badea plaza beno leku hoberik herri hontan agertzeko? Badea leku hoberik hurean beno igerixkan trebatzeko? Gure Beñat Larroriren kobla zonbait dantzen presentatzeko, gure Kanaldude Herri Telebista jakilegoaren begiratzeko eta… Aitzina (pika!)
Dantzariak - Hamabi herri edo hobeki erran dantza eskola ziren ageri, haietan 130 dantzari: Pagola, Muskildi, Urdiñarbe, Maule, Ezpeize eta Pettarra, Sohüta eta aüzoak, Barkoxe, Zalgize Iruri, Atharratze, Ligi eta aüzoak, Larraine, eta prefosta Altzai!
Sonülariak - Hogei bat xirulari, haietarik zonbait ttunttunarekin, zazpi arrabitari, Sacha Standen gure laborari musikariaren eta Jean Xarles Sans-en üngürüan, Kantari ophera bat ere bai braleen xaramelatzeko
Dantza zonbait ziren ikus-ikastekoak, bereziki berriak (Iruritarrak jauzi berriaren lehen agerraldia!), edo Xiberoan gütiago erabiliak (Xibandriak, Baztandarrak…). Mutxikoak haietan dütügü bitxiki, hain ezagütüak direnean Iparraldean eta Biarnoan ere!). Herri bakotxak eginahala egin züan horien ejerki ikasteko eta prestatzeko. Segür ikusle hanitx bazen barandan dantzan sartzeko, bena parada emanik izan zaiegure errepertorioko oraiko “estandarren” emaiteko, eta plaza ordüan ttipiegi agitzen zen hainbeste zankoen edeiteko!
Braleen aldia - lau brale, lau kantore, lau dantza kantatü, lau sasu, lau urtaroer eskeinirik. Kantatzeak berea baldin badu jauzietan, ürratsen markatzeko, dantzaren ikasteko, lau brale edo soka dantza horietan aldizdantzaren parte da, botzak, sokak eta zankoak korpitz bakotxa eginez. Larrazken eta bedatseko braleentako lehen agerraldietarik zen neskenegun hartan, beste biak jada sartüak direnean üda eta negüko süen üngürüan…
Eta gero zer? - Gero… hotz ez dena beti bero! Jauzien egüna lehen ere izan zen lau bost aldiz (igaran mente ondarrean!), ordüan bardin berriz egin, plazak ez dira eskas! Hartarako gogoa bada let's go-azen! Eta beste okasionetan ere sartü, zergatik ez herriko bestan, jauziak edo brale aldi bat prestatüz, haietarik zonbait haütatüz, musika züzenean, dantzariak üngürüan, aitzinetik trebatüz halere, gogoa eta zankoak ontsa josteko!
“Zin aitzina aitzina pika /Jauzien ondoan zinka
Aitzindarien argiak / Orhi tinia killika
Izan ontsa berriz arte / berriz ontsa izan arte
laster gira gütan fida / jüntatuko lagün maite”
Irabarneko aize epailea.
Mixel Etxekopar